Lan egindako eguna = kotizatutako eguna, baita jardunaldi partzialetan ere

2023/09/13

— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 247. artikulua
— 2/2023 Lege Dekretuaren artikulu bakarraren 26. atala

 

2023ko martxoren 16ko 2/2023 Lege Dekretuak pentsio eta abarren inguruan ekarri zituen berritasun guztiekin batera, beste neurri hau ere islatu eta ezarri zen behingoz. Edozelan, dekretua martxoan argitaratu arren, puntu zehatz hau ez da indarrean hasi urriaren 1era arte.

 

Aurrekariak

“Behingoz” esan berri dugu, hau ez delako kontu berria. Izan ere, Estatua aldaketa honetara behartzen duten aurrekari judizialak aspalditik datoz.  Europako Justizia Auzitegia izan zen lehena: 2019ko maiatzean ebatzi zuen Espainiako Estatuak zerabilen partzialitate koefizientea Europako legediaren kontrakoa izan zitekeela, emakume langileak diskrimina zitzakeelako, jardunaldi partzialaz aritzen ziren langile guztietatik %75 emakumezkoak ziren eta (C-161/18 Gaia, Villar Láiz).

Honen ostean, 2019ko uztailaren 19an Auzitegi Konstituzionalak, Europako Auzitegiari jarraiki, zera adierazi zuen, erretiro pentsioari begira, jardunaldi partzialeko eta jardunaldi osoko langilen artean bereiztea eta lehenbizikoen pentsioen zenbatekoa portzentaje murriztaile batez jaistea inkonstituzionala, baliogabea eta diskriminatzailea zela (88/2019 informazio oharra).

Urte bi beranduago, Auzitegi Konstituzionalak berak ebatzi zuen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 248.3 artikulua ere inkonstituzionala eta baliogabea zela, jardunaldi partzialaz aritzen diren langileen erretiro eta ezintasun iraunkorreko pentsioetan aplikatu beharreko partzialitate koefizienteari dagokionez.

Bada, ikusten dugunez, erretiro zein ezintasun iraunkorreko prestazioen kalkuluari dagokionez, hainbat puntu zehatz bertan behera utziak zituen harrezkero Auzitegi Konstituzionalak.

 

Zer aldatu da?

2019an, beraz, Gizarte Segurantzaren Ministerioak iragarri zuen behar besteko aldaketak egingo zituela sistema informatikoan Konstituzionalaren ebazpena betetzeko eta prestazioen kalkulua egokitzeko. Zer esan nahi du honek? 2019tik ez dela partzialitate koefizientea aplikatzen, baina oinarri arautzaileari kendu beharreko portzentajeari (portzentaje murriztaileari) dagokionez besterik ez.

Hau da, partzialitate koefizienteak era bitan kaltetzen zituen jardunaldi partzialeko langileak:

  1. Oinarri arautzailea kalkulatzeko erabiltzen den kotizazio oinarria baxuagoa zen, lan egindako egun bakoitzak kotizatutako egun bat baino gutxiago “balio” zuelako.
  2. Honetaz gain, partzialitate koefizientetik eratorritako portzentaje murriztatzaile bat ere kalkulatu eta oinarri arautzaileari aplikatzen zitzaion. Honek pentsioaren zenbatekoa zuzenean jaisten zuen.

Bada, bigarren puntu hau izan zen 2019tik aplikatzeari utzi zitzaiona.

Hala ere, 2023ko urritik aurrera partzialitate koefizientea aplikatzeari utzi zaio baita gabealdiari dagokionez ere. Gogoratu: gabealdia da gutxienez kotizatu behar dugun denbora prestazioa jaso ahal izateko. Honela, erretiroagatiko pentsio kontributiboa jasotzeko eskubidea sortzeko, 15 urteko gabealdia egiaztatu behar dugu. Honek esan nahi du, gutxienez, 15 urte kotizaturik izan behar ditugula. Momentura arte, ordea, jardunaldi partzialaz aritzen ziren langileei partzialitate koefizientea aplikatzen zitzaienez, urte askoz gehiago kotizatu behar zituzten. Adibidez, jardunaldiaren %60 egiten zuen langileari, 10 urtez lanean egon ostean, 6 urte baino ez zitzaizkion kotizatutzat jotzen.

Gabealdiaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikulu honi:

Hortaz, 247 artikulua honelaxe geratu da:

247. artikulua. Kotizazio aldien zenbaketa
Erretiro, ezintasun iraunkor, heriotz eta biziraupen, aldi baterako ezintasun eta jaiotza eta adin txikikoaren zaintza prestazioetarako eskubidea ematen duten kotizazio aldiak egiaztatzeko, langilea altan jardunaldi partzialaz emandako sasoiak kontuan hartuko dira, euretako bakoitzean bere jardunaldiaren iraupena edozein izan dela ere.” Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 247 artikulua.

Laburbilduz, urriaren 1etik aurrera, lan egindako eguna kotizatutako eguntzat jotzen da hurrengo prestazioetarako:

– Erretiroagatiko pentsioa
– Ezintasun iraunkorragatiko pentsioa
– Heriotz eta biziraupena (alarguntza pentsioa, zurztasun pentsioa…)
– Aldi baterako ezintasun prestazioa
– Jaiotza eta adin txikikoaren zaintza (gurasotasun prestazioa)

Honetaz gain, 248. artikulua ere moldatu da eta partzialitate koefizienteaz aritzen zen 248.3 atala guztiz ezabatu da.

Honekin batera, gogoratuko dugu 2/2023 dekretuak paragrafo berri bat gehitu zuela c) atalean aldizkako finkoen inguruan (2023ko martxoaren 18an indarrean hasi zena). Honek esan nahi du ordudanik, langile hauen kasuan, aldi baterako ezintasun prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko modua jardunaldi partzialeko langileen berbera dela: kotizazio oinarriak batu eta egun naturalez zatikatuko dira. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 248.1.c) artikulua.

 

Atzeraeraginez aplikatuko da?

Bai eta ez.

Alde batetik, prestazioa kalkulatzeko orduan, lan egindako eguna kotizatutako eguntzat joko da, baita urriaren 1a baino lehenago ere. Hau da, lehenagotik lan egindako jardunaldiak hala joko dira, baina urriaren 1etik aurrera sortutako prestazioetarako.  

Hala ere, gertaera eragilea (“hecho causante” delakoa) urriaren 1a baino lehenago izan bazen, prestazioak ez dira berrikusiko.

Laburbilduz, 2023ko urritik aurrerako prestazio eta pentsioetarako kalkulu berria aplikatuko da, baina aldaketa honek ez die eragingo jadanik erretiratu diren pertsonei edo bestelako prestazioren bat jaso dutenei.