Pentsioak: PNV eta PPren akordioa Madrilen
PPk eta PNVk Madrilen lotu duten akordioa oso urrun dago euskal pentsiodunen aldarrikapenetatik. Pentsiodunek Estatuan, eta Hego Euskal Herrian indar handiz, burutzen ari diren mobilizazioek klase politikoa behartu dute pentsio duinen eskubidea agenda politikoan sartzera. Mobilizazio hauek eta pentsiodunek erakutsi duten kemenak, hortaz, fitxa mugiarazi dute.
Pentsio sistemaren egoera kontu tekniko eta ekonomiko bihurtzen ahalegindu dira, benetako eztabaida politikoa ekiditzearren. Horregatik errepikatu izan digute behin eta berriro pentsioak igotzea ezinezkoa zela. Hala ere, politikari hauek proposamenak egitera beharturik ikusi dute euren burua; hori bai, proposamen hauek bulego itxietan negoziatu dituzte eta herritarrok komunikabideen bitartez baino ez dugu izan hauen berri. Proposamen hauen helburua, argi eta garbi, mobilizazio soziala desaktibatzea izan da, ez pentsiodunen egoera eta bizi kalitateari benetako irtenbidea ematea, ezta pentso sistema publikoaren etorkizuna bermatzea ere.
Komunikabideen bidez zabaldu dituzten proposamenak, oro har, honako puntu hauetan laburbildu daitezke:
- 2018. eta 2019. urteetan pentsioen igoerak KPI kontuan hartuko duela. 2018rako %1,6 igotzea proposatu dute (honezkero ordaindu den 0,25 barne hartuta).
- Gutxieneko pentsioak %3 igotzea.
- Iraunkortasun faktorearen aplikazioa atzeratzea, 2019. urtetik 2023. urtera.
- Alarguntza pentsioaren oinarri arautzailea igotzea, %52tik %54ra.
Proposamen hauek, gainera, titularrak baino ez dira momentuz. Ikusi beharko da ea zelan gauzatzen diren benetako proposamenetan (letra txikiak daukan garrantzia kontuan hartuta). Hala ere, proposamen hauek ikuste hutsarekin aurrera dezakegu pentsiodunek Hego Euskal Herriko kaleetan zabaldu dituzten aldarrikapenetatik oso urrun daudela.
PPk eta PNVk Madrilen lotu duten akordioak ez ditu pentsiodunen aldarrikapenak kontuan hartzen:
• 2011 eta 2013ko pentsio erreformak ez ditu zalantzan jartzen eta pentsiodunek exijitzen duten puntuetako bat erreforma hauek bertan behera uztea da. Hortaz, sistema publikoa deuseztatzeko proiektuak bere horretan dirau: sistema publikoak bere gain gutxieneko urriak besterik hartu ez ditzan eta pentsio pribatuen bitartez hau osatu dadin. PNVri gogorarazi behar diogu euskal jendarteak pentsio erreforma hauei greba orokor banaz erantzun ziela.
Momentuz erreforma hauek indarrean sartzeko erritmoa moteldu dute erantzun sozial handia ikusita. Baina ez diete uko egin. Honen arabera, pentsio duina ez da herritarroi bermatzen zaigun eskubidea, bazik eta interes politiko korporatiboak eta elektoralak lortzeko erabili ahal duten txanpona.
• Pentsioak gutxienez 1.080 euro izan daitezela ez du aintzat hartzen. Gogoratu behar dugu zenbateko hau zehaztu dela pobrezia muga kopuru horretan finkaturik dagoelako.
Gutxieneko pentsioak %3 igo arren, igoera hau mugaturik dago, batez ere EAEn, DBEz (RGI delakoaz) osatzen direlako; izan ere, diru sarrerak osatzeko errenta jasotzen dutenen %25 pentsiodunak dira.
Pentsioen igoera KPI erreferentzia hartuta egingo dela esaten bada ere, KPIrekiko lotura hau aurten eta datorren urterako baino ez litzateke izango. Hortaz, pentsioen igoerak sistemaren egoera finantziarioaren arabera baldintzatuta segituko du: gutxienekoa 0,25 izaten jarraituko du, 2014tik egin duten bezala.
• Iraunkortasun faktorea 2019tik 2023ra atzeratuko omen dute. Honek esan nahi du mobilizazio sozialak behartuta, pentsio publikoen sistemaren kontrako hurrengo faseari ekitea barandutu behar izan dutela. Erreformen beste puntu batzuek epe luzeagoa daukate (2027). Iraunkortasun faktorea zera da, murriztapen koefizientze bat aplikatuko dela bizi-itxaropenaren arabera. Bost urtetan behin ehuneko hau berrikusiko da, baina urte bakoitzean aplikatzen duten ehunekoari aurreko urteetakoak ere gehituko zaizkio. Honek esan nahi du 10 urte pasatuta, pentsioak %10 murriztu ahal direla, ordurako erreformak guztiz aplikatuta egongo direla kontuan hartuta.
• Alarguntza pentsioen arau arautzailea %52tik %54ra igoko omen dute. Pentsio hauek emakume gehienek kobratzen dituzte. Alarguntza pentsioak Nafarroan 708,74 euro eta EAEn 778,92 euro dira bataz beste.
Lorpen moduan saldu nahi digute hau, baina 2011tik zegoen legez ezarrita alarguntza pentsioak progresiboki igo behar zirela, harik eta 2019an oinarri erregulatzailearen %60ra heldu arte, 65 urtetik gorako guztientzat (hau da, ez alarguntza pentsio guztiak). Hortaz, lorpena ospatu baino, salatu beharko genuke zortzi urte pasatu behar izan direla martxan ipini arte. 2012tik Espainiako gobernuak aurrekontu lege guztietan neurri honen atzerapena ezarri izan du.
Akordio honetan ez da adierazten igoera hau aplikatzen denean honezkero kobratzen diren alarguntza pentsio guztiak birkalkulatuko ote dituzten edo alarguntza pentsio berriei baino ez ote zaien aplikatuko (kontu oso garrantzitsua).
• Pentsiodunen kolektiboko parte handi batek gizarte segurantzako euskal sistema publikoa aldarrikatzen du. Baina PNVk Madrilen aldarrikapen hau mahai gainean ipintzeari ere egin dio uko. Milaka eta milaka pentsiodun kaleetara irten dira bizimodu duinaren defentsan. Lan harremanetan eta gizarte segurantzan ez daukagu eskumenik (lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrurik ez daukagu, alegia) eta falta honek bitartekorik gabe eta erabakimenik gabe uzten gaitu Madrilen erabakitzen diren lan erreformen zein pentsioen murrizketei aurre egiteko.
Izan ere, pobreziaren eta bazterketa sozialaren hazkundea, enplegua daukaten langile pobreeen errealitate berria, pentsio baxuak… hau guztia Madrilen hartzen diren erabakiekin guztiz lotuta dago.
Hortaz, PVNk eta PPk lotu duten akordioak ez die erantzunik ematen euskal pentsiodunen aldarrikapenei. Euskal jendartearen benetako premiak konpontzeari baino, alderdiaren interesak zaintzeari begira egina dago, pentsiodunek kaleetan aldarrikatzen ari direnaren gainetik.
Gaur egungo egoera sozio-ekonomiko eta laborala benetan aldatzeko politikak behar dira eta, honetarako, borondate politiko bikoitza dugu beharrezkoa: bizi baldintza hobeak bermatuko dituzten politika publikoak diseinatzeko eta politika integralak garatu ahal izateko bitarteko burujabeak eskuratzeko.
Oraindik orain mobilizatzeko arrazoiak badauzkagu. Hemen ezer ez da amaitu. Madrilen gertatutakoak borroka bide bakarra dela erakutsi digu berriro ere.