Larrialdi sozialeko laguntzak – Bizilan

Larrialdi sozialeko laguntzak (AES) – EAE/Nafarroa

Diru laguntza hauek bakar eta apartekoak dira. Hau da, ez dira maiztasun finkoaz ematen, baizik eta behar zehatzei erantzuteko. Aurrekontuen araberakoak dira eta ez dira eskubidea. Hau da, baldintzak beteta ere, administrazioak ez du zertan eman; aurrekontua amaitzen bada, arrazoi nahikoa da ukatzeko, alegia.

Diru laguntza hau jasoz gero, eskatu dugun gasturako baino ezin dugu erabili.

Zeintzuk gastu dira hauek?

Larrialdi sozialeko laguntzak, teorian, herritarrak duintasunez bizi daitezen baliabideak dira. Hortaz, oinarrizko gastuei aurre egin ahal izateko eskatu ahal ditugu. Hauen artean ondoko hauek daude:
– Etxebizitza gastuak (alokairua edo hipoteka).
– Etxeko hornidura gastuak (argia, ura, gasa, elektrizitatea.
– Etxebizitzaren mantentze lanak (iturgintza, elektrizitate, konpontze… lanak).
– Etxeko komunitatearen mantentze lanak.
– Osasunbideak edo Osakidetzak bere gain hartzen ez dituen osasun gastuak (haginlaria, betaurrekoak, hainbat terapia…)
– Hezkuntzarako premiak
– …

ADI! Zure premia alokairua ordaintzea bada eta EAEn bizi bazara, diru sarrerak bermatzeko errenta (DBE edo “RGI”) kobratuz gero, ez zenuke laguntza hau eskatu behar, kasu horretan etxebizitzarako prestazio osagarria (PCV) dagokizulako.

Zein da diru sarreren gehienekoa laguntza hau eskatu ahal izateko?

Prestazio guztiekin bezala, familia unitatea hartuko da aintzat diru sarrerak eta bestelako ondasunak zenbatzeko.

FamiliakideakEAEnNafarroan
  Pentsiodunak 
112.910,68 euro urtean14.175,18 euro urtean1.255 euro hilean
2  1.506 euro
318.338,94 euro urtean19.136,34 euro urtean1.631 euro
418.338,94 euro urtean19.136,34 euro urtean1.757 euro
518.338,94 euro urtean19.136,34 euro urtean1.882 euro
6 edo gehiago18.338,94 euro urtean19.136,34 euro urtean2.008 euro

(Aparteko pagak prorrateaturik)

Beste baldintza batzuk ere badaude ondasunei dagokienez:

EAEn, esaterako, ondarea, oro har, muga zehatz batetik beherakoa izan behar da, 30.000 eta 45.000 euro artekoa, alegia, beti ere kasuen arabera (guraso bakarreko familia edo pentsiodunak zareten, adin txikikoak zuen kargura dauzkazuen eta abar). Edota Nafarroan, bestetik, familiak dituen higiezinen balio katastrala ezin da 72.000 euro baino handiagoa izan.

Bestelako betebehar batzuk:

– 18 urte beteta izatea
– Laguntza eskatzen den udalean (EAEn) edo oinarrizko zerbitzu sozialen zonaldeko udalen batean (Nafarroan) erroldaturik egotea

Nora jo behar da larrialdi sozialeko laguntzak eskatzeko?

Erkidego autonomikoek finantziatzen, arautzen eta euren aurrekontuetan zehazten dituzten laguntzak dira, hala ere, hauen kudeaketa udalen esku dago (norberak udalari eskatu eta udalak, era berean, Nafarroako Gobernuari edo Eusko Jaurlaritzari egin behar dio eskaera).

Hortaz, zerbitzu sozialetara jo behar dugu eta langile sozialarekin hitzordua eskatu behar dugu. Oso garrantzitsua da aldez aurretik ondo informatzea, premiaren baremazioa egiteko moduak ezarrita badaude ere, azken finean, langile sozialaren esku eta bere subjetibitatearen menpe geratzen baita gure eskaerari oniritzia ematea ala ez.

Nafarroan bizi bazara, HEMEN kontsultatu ahal duzu zein den dagokizun oinarrizko zerbitzu soziala, zenbait udal amankomunatuta baitaude.