Kategoria eta talde profesionalak

2020/10/21

Enpresetan betetzen den lanpostu bakoitzerako eskakizunak, egiten diren funtzioak, baita jasotzen den ordaina ere, ezberdinak izaten dira. Hau guztia klasifikazio profesional sistema baten arabera ordenaturik egoten da eta hitzarmenean (enpresakoan edo sektorekoan) islatzen da. (Langileen Estatutuaren 22. artikulua)

Klasifikazio hau, 2012ko lan erreformara arte, kategoria profesionalen bitartez ordenatzen zen. Hala ere, aipatutako erreformak kategoriak bertan behera utzi (nahi izan) zituen eta talde profesionalez ordezkatu.

Lehen begiratu batean, eman lezake kategoriak eta taldeak gauza antzekoak direla; hala ere, terminologia aldaketa honen atzean erreformaren helburuetako bat ezkutatu zen: langileen mugikortasun funtzionala areagotzea, hau da, langile bakar batekin hainbat funtzio ezberdin bete ahal izatea, enpresaren apeta edo interesen arabera. Hau da, langileen ordez, edozertarako eskumakilak izatea.

Kategoriak eta taldeak

Kategoria profesionalek maiz langilearen gaitasun eta trebakuntzari egiten zioten erreferentzia eta, hortaz, titulazio edo ikasketa mailak pisu handiagoa zeukan. Talde profesionala, ordea, egiten diren funtzioekin dago lotuago eta, horrela, baliteke betetzen diren funtzio hauek titulazioarekin bat ez etortzea (nahiz eta halako eskakizunak ere egoten diren).

Honela, titulu zehatz bat edukitzeak ez du esan nahi edo ez du bermatzen zuzenean talde profesional batean edo bestean klasifikaturik egon behar garenik, egingo diren funtzioak direlako kontuan hartuko direnak. Edozelan, hitzarmen kolektiboetan betebehar moduan ezarrita egoten da titulazio bat edo beste bat izan behar dugula talde profesional zehatz batekoa izateko. Beraz, titulazio batek ez du automatikoki bermatzen talde profesional bat onartuko zaigunik, baina titulazio faltak talde profesional batzuetara igotzeak galarazi ahal digu.

Bestetik, talde profesionalak lehenagoko kategoriak baino askoz zabalagoak dira. Kategoriak zehatzagoak, hortaz, eta barne hartzen dituzten lanpostuak espezifikoagoak. Taldeen zabaltasun hori dela eta, talde berberaren barruan eginbehar, funtzio, espezialitate eta ardura anitz sar daitezke. Ikusiko dugunez, enpresak, orain, langileren bat behar lezake bere talde profesionalari dagokion edozein funtzio egitera, erreformatik hona talde profesional berbereko eginbeharretik eginbeharrera mugitzea enpresaren eskumena delako. Lanpostuz edo lan baldintzez alda gaitzakete, baina, hala ere, hori ez litzateke lan baldintzen aldaketa substantzialtzat joko. Ikus Langileen Estatutuaren 41. artikulua: lan baldintzen aldaketa substantziala.


⇒ Honek guztiak ez du esan nahi kategoria profesionalak guztiz desagertu direnik. Hainbat hitzarmen kolektibotan oraindik onarturik daude, aldaketaren asmoa zein zen jakinda, hitzarmenetatik ez jausteko eta mugikortasun funtzionala mugatzeko borrokatu baitzen erreformaren hasieratik.


Ondorengo hitzarmen bi hauek ikus ditzakezu, adibide moduan. Bizkaiko metalaren hitzarmenean hainbat kategoria zehazturik topatuko dituzu; honen aldean, Madrilgo metalaren hitzarmenean ikusi ahal izango duzu 7 talde profesional baino ez daudela eta talde bakoitzean hainbat eta hainbat funtzio batzen direla.
            Bizkaiko metalaren hitzarmena
            Madrilgo metalaren hizarmena

Zelan jakin zein den gure kategoria edo gure talde profesionala?

Klasifikazio profesionala negoziazio kolektiboaz finkatzen da; hau da, ikusi dugunez, hitzarmenean agertzen dira zerrendaturik. Taldeak kontzeptu zabala direnez, askotan azpi taldeak ere egon daitezke. Talde, azpi talde edo kategoriaren arabera, halakoa izango da soldata. Izan ere, hitzarmenetako soldata taulak talde edo kategoria profesionalen araberakoak izaten dira. Beraz, jakitea zein dagokigun ez da azaren azpiko orria.

Teorikoki (Langileen Estatutuaren 22.4 artikulua) enpresa eta langilearen artean erabaki behar da zein izango den talde profesionala, baina, bueno, badakigu ez dela horrela. Praktikan, lan kontratua sinatzen dugunean, bertan daukagu adierazita ze lanpostu eta zeintzuk funtzio beteko ditugun. Horren arabera jakingo dugu zein den gure talde profesionala.

Zenbaitetan, kontratuan edo nominan bertan agertuko zaigu zein den gure taldea. Horrela ez balitz, hitzarmen kolektibora jo beharko dugu. Hitzarmenean, esan bezala, talde edota kategoria profesionalak zerrendaturik datoz eta hortxe begiratu beharko dugu ze talderi dagozkion gure lanpostua eta gure funtzioak. Egia da hitzarmenetik hitzarmenera alde handiak egon daitezkeela. Batzuetan zehaztapen handiz egiten da eta, hortaz, erraza da geure burua talde batean edo bestean kokatzea eta, beste batzuetan, zerrenda orokorregiak dira. Zalantzarik badaukazu, jarri kontaktuan sindikatuarekin, enpresan bertan edo zure sektorearekin.

Mugikortasun funtzionala

Mugikortasun funtzionalaren ingurukoak Langileen Estatutuaren 39. artikuluan dauzkazu.

Esan dugunez, enpresak lanpostuz aldatu ahal gaitu eta beste funtzio batzuk egitera jarri. Hala ere, hau egin dezake, baldin eta funtzio berriak gure talde berberaren barruan badaude. Honela, langile bat erabil ahal dute, egunaren arabera, adibidez, orga edo karretila jasotzailea erabiltzeko, enbalatzeko, kamioiak deskargatzeko… baldin eta funtzio horiek guztiak talde berean kokaturik badaude. Kasu honetan enpresak ez luke ezer justifikatu beharko, legeak eskumen hori ematen dio eta.

Beste talde profesional bateko funtzioak agintzen badizkizute, enpresak justifikatu beharko luke neurri hau arrazoi teknikoengatik edo antolakuntza arrazoiengatik izan dela. Ezin izango litzateke denboran luzatu eta, gainera, langileen ordezkariei eman behar die honen guztiaren berri.

  • Goragoko talde bateko funtzioak aginduz gero:

Gehienez urtebetean sei hilabetez edo urte bitan zortzi hilabetez luza liteke egoera hau. Denbora honetan goragoko funtzio horiek egiteagatik dagokizun soldata ordaindu beharko lizukete, hau da beste taldeari dagokion soldata altuago hori.

Denbora muga hauek gaindituz gero, langileak legokiokeen lanpostu igoera eska lezake.

  • Beheragoko talde bateko funtzioak aginduz gero:

Ez dago halako muga zehatzik legedi orokorrean, baina suposatzen da “ezinbesteko denbora” baino ezin duela gainditu egoera honek. Edozelan, hitzarmenetan denbora hau askotan mugatu egiten da.

Funtzio horiei soldata txikiagoa dagokien arren, ezin dizute soldata jaitsi; hau da, zeure soldata kobratzen jarraitu beharko zenuke, nahiz eta beheragoko talde bati dagozkion funtzioak tarte batez egin.

Denarekin ere, legeak onartzen duen mugikortasun funtzionalaren eta lan baldintzen aldaketa substantzialaren arteko muga labankorra izan daiteke askotan, beraz, ez izan dudarik eta, arazorik izanez gero, galdetu sindikatuan.