Zer da kontziliazio txartela?
Epaiketetan salaketa bat sartu baino lehenago, oro har, kontziliazio txartela aurkeztu behar da. Honen helburua enpresarekin akordioa lotzea da epaitegietara jo baino lehenago. Izan ere, epaitegietan ez da salaketarik onartuko aldez aurretik ez bada kontziliazio edo adiskidetze ekimena enpresarekin egin. Hainbat kasu salbuetsita daude, besteak beste, lan baldintzen aldaketa substantziala; honelakoetan salaketa zuzenean sartzen da.
Esan barik doa, hemen eman ditzakegun azalpenak azalpen, sindikatuko ordezkariren baten laguntza, legez premiazkoa ez izan arren, guztiz beharrezkoa izango zaizula edozein lan gatazkaren aurrean jarraitu beharreko pausoak egiteko. Areago, momentu honetara heldu baino lehenago, sindikatuarekin batera zure enpresari begirako ekintza sindikala zein izan behar den antolatzearren.
Zer agertu behar da kontziliazio txartelean?
• Alde bakoitzaren identifikazioa: langilearen NANa eta helbidea zein enpresaren IFZ eta helbide soziala.
• Data eta adiskidetze ekimena deitzen duenaren sinadura
• Lan harremanaren deskribapena: lantokia, lan mota, antzinatasuna, lan kategoria eta soldata.
• Gertaeren eta erreklamazioen deskribapen zehatz eta laburra. Kaleratzea salatzen badugu, kaleratzearen data eta arrazoiak ere bai.
• Kaleratze karta edo santzioa (edo honen transkripzioa) .
• Langilea abokatuak edo ordezkariak lagunduta joango den adierazi
Edozelan, hemen dauzkazu EAEko eta Nafarroako ereduak:
EAE euskaraz
Nafarroa euskaraz
EAE erdaraz
Nafarroa erdaraz
Kopiak: aldeentzako kopia bana eta bi gehiago. Honela, salaketa pertsona (fisiko edota juridiko) bakarra bada, lau kopia aurkeztu beharko dira:
– Kopia bat salaketa aurkeztu duenarentzat
– Kopia bat adiskidetze zerbitzuaren erregistroan geratuko da
– Kopia bat adiskidetze ekimenaz arduratuko den erakundearentzat
– Beste kopia(k) beste aldeei bidaliko zaizkie, zitatuak diren data eta ordua adierazita
Adiskidetze prozedura
Normalean, kontziliazio txartela aurkeztu eta hurrengo 15 lan egunetan zehar martxan egongo da adiskidetza prozedura:
1. Kontziliazio txartela dagokion erakundean aurkeztu:
ARABA:
Samaniego 2, 2. pisua, Gasteiz
Tf.: 945 017 030
Fax: 945 017 031
trabajoaraba@euskadi.eus
BIZKAIA:
Gran Vía 85, Bilbo
Tf.: 944 031 216 – 944 031 215
Fax: 944 031 212
trabajobizkaia@euskadi.eus
GIPUZKOA:
(Adiskidetze zerbitzua)
San Bartolomé 28, Donostia
Tf.: 943 023 215
concili-gipuzkoa@euskadi.eus
NAFARROA:
Lan Sailaren Erregistroa
Lan harremanen atala
Tomás Caballero parkea 1, 1. Iruñea
Nafarroan internetez ere egin liteke. Lotura HEMEN.
2. Aldeak zitatuko dituzte. Txartela behin aurkeztuta, aldeei deituko diete, eguna, tokia eta ordua azalduta. Txartelaren kopia batekin aurkezteko esango zaie. Zitazio hau normalean posta zertifikatuaz egiten da
3. Aldeak bertaratuko dira. Joatea derrigorrezkoa da, norbera edo ordezkari bitartez. Eskatzailea agertuko ez balitz, txartela aurkeztu ez balu bezala hartuko da; enpresa ez bada bertaratzen, adiskidetze ekintza “eraginik gabekotzat” joko da.
4. Adiskidetze ekimena egingo da. Bertan alde bakoitzak bere azalpenak emango eta eskaerak egingo ditu. Kontziliazio zerbitzuak pertsona bat ere izango du bertan eta, besteak beste, langileen eskubideak errespetatuko direla bermatu behar du. Figura hau ez da tartean sartuko eta, nahiz eta, alde biak akordio batera heltzera deitu, negoziazioa enpresa eta langilearen artean izan behar da.
5. Akta jasoko da. Akordiorik lotu den ala ez adieraziko da bertan eta, baiezkotan, akordioaren nondik-norakoak ere jasoko dira.
Epeak eta ondorengoak
Kontziliazio txartela aurkezten dugunean, bestelako epeak etenda geratuko dira, hala nola, kaleratzea salatzeko epea, (gehienez 15 egunez etengo da epe hori). Ez da beharrezkoa adiskidetze ekintza burutzea, txartela aurkeztu bezain laster geldituko dira.
Hala ere, salaketa egin duena ez bada adiskidetze ekintzara aurkezten, bertan behera uzten duela ulertuko da eta, hortaz, preskripzioari dagokionez, pasatutako egunak iragantzat hartuko dira. Hau da, kaleratze kasuan, esaterako, kontziliazio txartela aurkeztu baduzu, baina ez bazara adiskidetze ekimenera aurkezten, kontuan hartuta 15 egun inguru pasatu direla txartela aurkeztu zenuenetik, seguruenik kaleratzea salatzeko dauzkazun 20 egunak pasatuak izango dira harrezkero.
Enpresa ez bada adiskidetze ekimenera aurkezten, lehen esan bezala, eraginik gabekotzat joko da. Honek esan nahi du langileak prozedurarekin jarraitu ahal duela lan epaiketan. Hau da, prozedura judizialari ekin ahal dio.
Epaiketaren ostean, epaia langilearen aldekoa bada eta demandan eskatutakoarekin bat badator, enpresari isuna ipini ahal izango diote, baita langilearen abokatu edo ordezkariaren ordainsariak ordainarazi ere, fede txarrez aritu zela ulertzen bada.
Azkenik, adiskidetze ekimenean akordioa balego, eta enpresak ez balu adostutakoa beteko, akordio hau nahikoa izango litzateke enpresari betearazteko edo, hobeto esanda, akordioa betearazteko beharrezkoak diren ekimenetarako (“iniciar acciones ejecutivas”).