Zer da TRADE edo menpeko autonomoa?

Figura hau 2007ko Lan Autonomoaren Estatutuan sartu zen indarrean (Ley 20/2007, de 11 de julio, del Estatuto del trabajo autónomo).

TRADE figura sortzeak hobekuntza txikiren bat ekarri zuen bezero bakar baten menpekoak diren autonomoentzat (oporrak, bajak); hala ere, menpeko autonomoa soldatapeko langileen eta langile autonomoen arteko muga labankorrean dago kokaturik eta, hortaz, honen atzean askotan autonomo faltsuen iruzurra ezkutatzen da.

TRADEen ezaugarri nagusia

TRADEen ezaugarri nagusia da diru sarreren %75 (gutxienez) enpresa edo bezero bakar batengandik jasotzen dela; hau da, beste bezero batzuk izan ditzaketen arren, ekonomikoki enpresa bakar baten menpekoak dira langile hauek.

Zelan jakin TRADE faltsua ote zaren?

Benetako autonomo eta autonomo faltsuaren arteko ezberdintasuna lau ezaugarriren arabera neurtzen da: borondatea, ordainketa, menpekotasuna eta besteren baten arabera (aginduak, materialak e.a.) lan egiten ote den.

Azpiegitura eta lan bitartekoak langilearenak izan behar dira. Azpiegitura enpresarena bada eta lan materialak enpresak ematen badizkigu, autonomo edo TRADE faltsua zaren seinalea izango litzateke.
Lana antolatzeko irizpideak zuk markatu behar dituzu eta ez enpresak (nahiz eta honek jarraibide teknikoak eman ahal dizkizun). Hau da, ordutegi finko bat betetzera behartuta bazaude, egunero enpresaren bulegora joan behar bazara, enpresak lanak agintzen dizkizun guztietan derrigor bete behar badituzu eta ezin badiozu ezetzik esan, esaterako, ez zinateke benetako TRADEa izango.
Zure lana ezin da izan enpresak soldatapean dauzkan langileen berbera. Hau da, zure jarduera TRADE moduan eta enpresako langileen jarduera ezin dira berdinak izan; TRADEaren egitekoak enpresa barruan beste batzuk izan beharko liratezke.
Ordainketa suposatzen da enpresarekin adostu behar duzula. Hau da, ezin da izan enpresak bere kabuz erremunerazio finko eta aldagaitza eskaintea eta zu bere horretan onartzera behartuta egotea.

Aipatutako ezaugarrietaz gain, TRADE izateko beste irizpide batzuk ere bete behar dira:

Ezin duzu inor kontratatu. Hau da, autonomoa bazara ere, TRADE izaera onarturik izateko, ezin duzu langilerik izan zure kargupean eta, era berean, egiten duzun lana ezin duzu azpikontratatu.
• Hala ere, bai kontratatu ahal duzu norbait honako kasuetan: haurdunaldirako arriskurik balego eta ezingo bazenu lanik egin; amatasun edo aitatasun lizentzia sasoirako eta zaintza kasuetan (7 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko edo menpekotasun egoeran dagoen edo gutxienez %33 graduko desgaitasuna aitortuta daukan senideren bat zaintzeko).
Ezin dira TRADEa izan publikoari zabalik dauden bulego edo lokalak dauzkaten autonomoak (tilularrak diren autonomoak, alegia).
• Era berean, autonomoa izanda, beste autonomo batzuekin batera sozietatea eraturik badaukazu, ezin zara TRADEa izan.
• Bezero edo enpresa bakar baten menpekoa izan daiteke. Nahiz eta bezero gehiago eduki, menpekotasun ekonomikoa bakar batena izan behar da.

TRADEen abantailak autonomo arruntekin konparaturik:

TRADEek –euren egoera legalki onartuta daukatenek, alegia- babes maila handiagoa daukate autonomo arruntek baino:

Oporrak: urtean 18 egun hartzeko eskubidea daukate. Hau gutxieneko egun kopurua da; enpresarekin egun gehiago adostu daitezke. Hala ere, egunak hartu ahal badira ere, enpresak ez ditu ordaintzen.
Amatasun edo aitatasun baimena hartzeko eskubidea daukate. Honetarako ez dira beharrezkoak 180 egun kotizaturik edukitzea (soldatapeko langileen kasuan gertatzen den bezala).
Kalteordaina jasotzeko eskubidea: enpresak ez badu kontratuko baldintzaren bat betetzen eta arrazoia ez badu justifikatzen. Kalteordainaren nondik-norakoak kontratuan edo interes profesionaleko akordioan ezarrita egon behar dira. Zehazturik ez badago, hainbat aldagai hartu beharko dira kontuan: zein izan den bete ez den puntua; zenbat denbora geratzen den kontratua iraungitu arte; zenbateko kalteak eta gastuak sorrarazi dituen…
Langabezia prestazioa: autonomo guztien kasuan bezala, jarduera amaieragatik kotizatzen baduzu, prestazioa jaso zenezake.

TRADEen betebehar fiskalak eta kotizazioak:

TRADEak langile autonomoak dira eta, hortaz, edozein autonomok dauzkan betebehar fiskal berberak ditu, hala nola Gizarte Segurantzari kotizatzeko baldintza berberak:

Ogasunari dagokionez, zergak (PFEZ, BEZ e.a.) berdin-berdin ordaindu behar ditu. Alde bakarra da fakturak ez direla hilabetero zertan egin, hiru hilabetetan behin egin daitezke.
Gizarte Segurantzari kotizatzeko aukerak edozein autonomok dauzkan berberak dira. Esan nahi baita, kontingentzia arruntengatik eta haurdunaldian arriskua egoteagatiko prestaziorako derrigorrez kotizatu beharra dago. Baina, honetaz gain, TRADEek kontingentzia profesionalengatik ere kotizatu behar dute.