Zer egin daiteke eta zer ez bajan egon bitartean?

Denok entzun izan dugu inoiz, bajan gauden bitartean, hainbat gauza ezin ditugula egin, ezin dugula bidaiarik egin, ezin dugula kirolik egin, ezta kalera irten ere. Ahalegindu gaitezen gauzak apur bat argitzen. Behin baino gehiagotan enpresak edo enpleatzaileak mehatxu moduan ere erabili izan du gu beldurtzearren eta, baja hartu izanak “atsekabetuta” edo, kontuz ea zer egiten dugun bajan gauden bitartean “abisatzen” digu.

Prestazioa galtzeko beldurraz, gure zalantzarik handienak aisialdiaren ingurukoak izaten dira, baina ikusiko dugunez, bajan egoteak ez du esan nahi etxean preso egon behar garenik.

Arautegiak, berez, ez dakar bajan gauden bitartean egin ezin diren gauzen zerrendarik, batez ere baja guztiak ez direlako berdinak eta, hortaz, gaixotasunaren arabera, medikuak erabakiko baitu zer den gomendagarria guretzat eta zer ez.

Hori bai, aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iragankorragatik, hau da, normalean “bajan egoteagatik” jasotzen dugun prestazioa kendu ahal digute iruzurretan ibili bagara (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 175. artikulua).

Gogoratu, era berean, prestazioa kendu ahal digutela ez bagara joaten Gizarte Segurantzako Institutuak azterketa medikua egiteko deitzen digunean (inspekzio mediko deitzen dugun horretara, alegia).

Bidaiatzea

Lehen esan bezala, gaixotasunaren arabera. Belaunean lesio bat badaukazu, onena da atsedena hartzea eta, hortaz, ez litzateke gomendagarria bidaietan ibiltzea. Hala ere, estresagatik bada, inguru eta giroz aldatzea ona izango litzateke.

Edozelan, norabait irten nahi baduzu, badaezpada eta balizko arazoak ekiditeko, joan gaixotasunaren jarraipena egiten dizun medikuarengana eta eskatu bidaiatzeko baimen idatzia. Izan kontuan, kanpoan egonda ere eta zure medikuaren baimenarekin ere, INSSek edo mutualitateak deitzen badizu azterketarako, joan beharko zarela.

Kalera irtetzea

Oso kasu gutxitan ezin izango zara kalera irten eta medikuak debekatzeaz gain, horretaz zu zeu ere konturatuko zara. Esan nahi baita, ez mugitzeko gomendioa eman badizu edo birikietako gaixotasuna daukazulako etxean gelditu behar zarela esan badizu.

Lesio muskularren kasuan edo hezurren bat apurturik izan arren, mugikortasuna murriztuta ere, arazorik ez zenuke izango kalera irteteko. Hori bai, zeure burua zainduta, iportanteena zure osasuna da eta.

Lagunekin irtetea edo jairen batera joatea

Enpresarioei edo enpleatzaileei ez zaie batere gustatzen bajan dagoen langile bat aisialdian ibili daitekeela ikustea, baina zure baja depresioagatik izan balitz edo bestelako buru gaixotasunen batengatik, seguruenik psikiatrak eta psikologoak kalera irteteko eta sozializatzeko gomendatu dizute. Beraz, ez zara ezer txarrik egiten ari, beti ere medikuen gomendioak jarraitzen badituzu.

Azkenik, gomendio garrantzitsu bat

Gizarte Segurantzaren Institutuak (INSSek) egiten dizkigun azterketa medikoak ez dira beren horretan “azterketak”, nahiz eta mediku batek hartu. Esan barik doa denak ez direla berdinak, baina eskarmentuak kontuz ibiltzen irakatsi digu. Gogoratu inportanteena dela zure txosten mediku propioak eramatea. Baliteke horrelakorik ez edukitzea; jarraipena egiten diguten gure medikuek ordenagailuan dena apuntatu, baina ez dizkigute ematen, normalean beharrezkoa ez delako.

INSSek hitzordua ipintzen dizunean, aldez aurretik, joan zure medikuarengana eta eskatu berari zure gaixotasunaren jarraipenaren txostena. Arazorik gabe inprimatuko dizu. Txosten horiek dira, batez ere, INSSeko medikuak ikuskatzen dituenak bajan jarraitu behar duzun ala ez erabakitzeko.