Zer egin doako laguntza juridikoa eskatzeko?
2020/02/26
2021/01/12an eguneratua
1/1996 Legea, Doako Laguntza Juridikoarena
Baliabide ekonomiko nahikorik ez daukaten pertsonek doako laguntza juridikoa eska dezakete. Prestazio honen barruan zera sartzen da: abokatu zein prokuradorea doan edukitzea eta epaiketak dakartzan gastuetatik salbuetsita egotea (txosten perizialak, fiantzak, tasak…).
Geroxeago ikusiko dugunez, baliabide ekonomikoek ezarrita daukaten muga oso baxua da. Honek esan nahi du prozedura judizial bati aurre egin ezin dioten hainbat eta hainbat laguni ez zaiela eskubide hau bermatzen, prestazio guztiekin, oro har, gertatzen den bezala.
Nork eska dezake?
Esan bezala, baliabide ekonomikorik ez daukaten pertsonek edo familia unitateek eska dezakete. Diru-sarreren muga ezartzeko IPREM indizea erabiltzen da.
IPREMaren balioak 2021ean honakoak dira:
- Egunekoa: 18,83 euro
- Hilekoa: 564,90 euro
- Urtekoa (12 ordainketa): 6.778,80 euro
- Urtekoa (14 ordainketa): 7.908,60 euro
Familia unitatearen gehienezko diru-sarrerak, doako laguntza juridikoa jasotzeko:
– Lagun bakar bat: IPREM x 2 = 13.553,52 euro urtean
– Bi edo hiru laguneko familia unitatea: IPREM x 2,5 = 16.941,90 euro urtean
– Lau lagun edo gehiagoko familia unitatea: IPREM x 3 = 20.330,28 euro urtean
Bestetik, baliabide ekonomikoak gorabehera, hainbat egoeratan dauden lagunek doako laguntza juridikoa bermaturik izango dute. Hala nola, trata edo genero indarkeriaren biktimek edota abusu zein tratu txarren biktimak diren adin txikikoek eta desgaitasun psikikodun pertsonek.
Doako laguntza juridikoa migranteek ere eska dezakete, nahiz eta egoera administratibo irregularrean egon, edozein auzi penaletan, eta auzi administratiboetan, baldin eta euren erresidentzia edo asilo aferetarako bada.
Ze dokumentazio behar da?
– Eskaera orria
– NAN, TIE edo pasaportearen fotokopia
– Errolda agiria
– Bizi laborala
– Ondasun higiezinen jabetza tituluen fotokopia
– Azken lau hilabeteetako banku mugimenduak (titularra zaren kontu guztiena)
– Familia liburuaren fotokopia
– Kasuan kasu, banaketa edo dibortzio epaia
– Beste batzuk: Defendatu nahi den aferaren inguruko datuak ematen dituen edozein dokumentu
• Langilea bazara:
– Inoren kontura: azken lau nominak
– Zeure kontura: azken lau BEZ aitorpenak eta hiruhilabeteko PFEZ ordainketak
• Pentsioduna edo langabetua bazara edo laguntza sozialen bat jasotzen baduzu:
– Pentsio publikoren baten jasotzailea izatearen egiaztagiria
– Lanbideren edo Nafar Lansarearen egiaztagiria
– Laguntza sozialen jasotzailea izatearen egiaztagiria
Non eskatzen da?
– Zure herriko Bake Epaitegian
– Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuaren bulegoetan (Abokatuen Elkargoan)
Helbideak:
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa
Nafarroa
– Eskaera internetez ere egin daiteke justiciagratuita.es webgunearen bitartez. Bertan egiaztatu ahal izango duzu prestazioa jasotzeko eskubidea ote daukazun eta eskaera orria bete eta bidali ahal izango duzu; hala ere, baliteke dokumentazioa eskura eman behar izatea.
Ze momentutan eskatu behar da?
– Auzi penaletan: salaketa egiten duzunean edo atxilotu zaituztenean
– Bestelako auzietan: salaketa aurkezten duzunean edo salaketa erantzun behar duzun momentuan
Eskaera egiten duzunean aztertuko dute. Atxiki duzun dokumentazioan akatsik balego edo nahikoa ez balitz, jakinaraziko dizute eta hamar eguneko epea izango duzu konpontzeko.
Zure eskaera onartua izango ez balitz, hau inpugnatu ahal izango duzu. Inpugnazio honetarako ez da abokaturik behar. Laguntza Juridikoaren Komisioari zure arrazoiak azaltzen dituen idazkia aurkeztu beharko diozu. Honen ostean, epaitegiak ebatziko du.
Lan gatazkarik edo arazorik badaukazu, askoz eraginkorragoa izango zaizu sindikatura etortzea. Zure kasua gertutik jarraituko dugu, kolektibotasunetik indar handiagoa egin ahal izango dugu eta, bide judiziala baino lehenago, bestelako bide batzuk jorratu ahal izango ditugu zure eskubideak defendatzeko; aholkularitza juridikoaz gain, lan mundua barrutik ezagutzen duten militanteen laguntza ere izango duzu eta.
www.justiciagratuita.es
www.justizia.eus, Justizia Administrazioa Euskadin
www.navarra.es, doako justizia (gazteleraz)