Zer egin kontraturik ez badaukazu?
Ahoz egiten diren kontratuak
Legearen arabera, lan kontratuak idatziz edo ahoz egin daitezke. Hala ere, ahoz egin daitezkeenak salbuespena dira (praktika, formazio, aldi baterako, errelebu eta abarreko kontratuak idatziz egin behar dira). Edozelan, enpresak kontratu idatzirik egiten ez digun ia guzti-guztietan beltzean ordaindu nahi digulako izaten da.
Derrigor idatziz egin behar den kasuetako batean ez bada horrela egiten, kontratua mugagabea eta jardunaldi osokoa dela suposatuko da, enpresak kontrakoa frogatzen ez badu.
Lan harremana lau astez luzatzen bada, enpresa derrigortuta dago langileari kontratuaren nondik-norakoetaz idatziz azaltzera.
Ahozko kontratua bada, zelan jakin dezakegu legalki ari ote garen lanean?
Legalki lanean egoteko enpresak gure alta eman behar du Gizarte Segurantzan. Hortaz, Gizarte Segurantzako bulegora joan gaitezke edota gure bizi laborala eskatu (nora jo jakiteko enpresak gure alta eman ote duen?)
Eta kaleratzen banaute edo ez badidate ordaintzen?
Kasu honetan ere erreklamatu daiteke. Zailtasuna, hala ere, lan harremana frogatzea da, noiztik gauden lanean, ze jardunaldi egiten dugun eta abar. Idatzizko kontraturik ez dagoenez, oso garrantzitsua da lanean hasten garen lehen momentutik frogak gordetzea: posta elektronikoak, ematen dizkiguten dokumentuen kopiak, ordutegi edo lan egutegien kopiak… baita lekukoak izatea ere (beste langile batzuk, bezeroak…)
Beltzean lan egiten ari bazara
Askotan beltzean lan egitera behartuta egoten gara. Honela, enpresak ez du gugatik kotizatzen eta diru hori aurrezten du. Era berean, legalki lanean ez gaudenez, guk ere ez dugu kotizatzen denbora horretan jubilazioari begira edota langabezia prestazioa jasotzeko, besteak beste.
Hala ere, honek ez du esan nahi ezin dezakegunik ezer egin, kaleratzen bagaituzte edo ordaintzen ez badigute, adibidez. Berebiziko garrantzia dauka kasu honetan ahalik eta froga gehien batzea. Aurreko atalean esan dugunez, posta elektronikoak, dokumentuak, ordutegi edo lan egutegien kopiak, argazkiak, lekukoak beharrezkoak izango zaizkigu. Zelan jokatu behar dugu kasu bakoitzean ondo aztertu beharko litzateke. Horregatik garrantzitsua da sindikatuarekin kontaktuan jartzea lanean hasi bezain laster.
Lan ikuskaritzak enpresan beltzean dauden langileak topatuz gero, enpresak isuna jasotzeaz gain, langileen egoera kontratu mugagabea izatera pasatuko litzateke. Neurririk hartu baino lehen, komeni da norbaitek aholkatzea.
Bestetik, beltzean lan egiten ari bagara eta, aldi berean, langabezia kobratzen badugu, isuna jaso genezake eta, honetaz gain, prestazioaren kantitateak itzultzera behartuak izan gaitezke (hurrengo sei hilabeteetako prestazioa kendu ere egin ahal digute).