Errenta bermatua (Nafarroa)

2018/05/16
Azken eguneraketa: 2023/03/07

15/2016 Foru Legea, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena

 

Errenta bermatua diru-sarrera nahikorik ez daukaten lagunen bazterketa sozial egoerak ekiditeko omen da. Hala, tresna honen helburua ez da nafar herritar guztiak duintasunez bizi ahal izango direla bermatzea, baizik eta oso-oso mugako egoerak, nolabait, apaltzea. Ikusiko duzuenez, jasotzen diren zenbatekoak ez dira inondik inora nahikoak eta, besteak beste, familia unitate kontzeptu burokratikoaren atzean, hainbat herritar kanpoan uzteko erabaki politikoa baino ez da ezkutatzen.

Prestazio osagarria da. Honek esan nahi du ez dela beharrezkoa batere diru-sarrerarik ez edukitzea eskatu ahal izateko; aitzitik, diru-sarrerak izanda ere, hauek “nahikoak” ez balira (administrazioak ezarritako muga benetan baxura heltzen ez badira), errenta bermatuarekin osatuko lirateke.

Bestetik, familia unitate osoa hartzen du aintzat. Jasotzen den kopurua, hortaz, ezberdina izango da familiak dituen diru sarreren eta senitarte kopuruaren arabera.

 

Bete beharreko baldintzak

15/2016 Foru Legearen 5. artikulua

18 urtetik gorakoa izatea edo emantzipatutako adin txikikoa.

18 eta 24 urte bitartekoa bazara eta seme-alabarik ez badaukazu, bermatutako errenta eskatu baino lehen, gutxienez, bi urtez zure kabuz bizi behar izan zara.

– Gutxienez, bi urte eman behar izan dituzu Nafarroan bizitzen errenta eskatu aurretik. Urtebete, familian adin txikikoak edo %65eko desgaitasuna aitorturik daukan senideren bat baldin badago.

Diru-sarrerarik ez izatea edo errenta bermatuak ezartzen duen diru-kopurura heltzen ez diren diru-sarrerak jasotzea. Adibidez, hiru kide bazarete familian, prestazio honen arabera 1.146,08€ dagozkizue, beherago dagoen taulan ikusiko duzuen bezala. Zuen diru-sarrerak ez badira zenbateko honetara heltzen, errenta bermatua eska dezakezue eta kopuru horretara arte osatuko zaizkizue.

Errenta bermatua eskatu baino lehen, beste administrazioek eman ditzaketen bestelako diru laguntza guztiak eskatu behar dituzue. Adi! Espainiako Estatuan bizitzeko gutxieneko diru-sarrera martxan jarri zenetik, hori ere eskatu behar duzue Nafarroako errenta bermatua baino lehen.

 
Familia unitatea

15/2016 Foru Legearen 6. artikulua

Hasieran esan dugun bezala, hau ez da norbanakoei begirako prestazio indibiduala, baizik eta familia laguntza.

ADI! Legean familia unitateaz gain, familia erroaz edo nukleoaz ere hitz egiten da. Ikus dezagun zelan ezberdintzen den bakoitza eta zer dakarren honek errenta bermatua eskatzeko momentuan:

— Familia unitatea: eskatzailea eta bikotekidea eta, honetaz gain, odolkidetasun bigarren gradura arteko edo ahaidetasun lehen gradura arteko senide guztiak hartuko dira kontuan (familia unitatea elkarrekin bizi diren senideek osatuko dute beti ere).

Odolkidetasun bigarren gradura arteko senideak: gurasoak, seme-alabak, neba-arrebak, aitaita-amamak eta ilobak (seme-alaben seme-alabak).

Ahaidetasun lehen graduko senideak: bikotekidearen gurasoak eta bikotekidearen seme-alabak (beste harreman batekoak)

Hainbat familia errok edo familia nukleok osa dezakete familia unitatea.

— Familia nukleoa: eskatzailea, bikotekidea eta eurekin batera bizi diren seme-alabak. Adi! semea edo alaba, ikasketak direla-eta, aldi baterako etxetik kanpo bizitzen badago ere, familia nukleokotzat hartuko da.

Honek esan nahi du, etxebizitza berean hainbat familia nukleo egon arren, familia unitate bakartzat joko direla denak (beti ere euren artean lehen komentatu ditugun familia loturak baldin badaude). Adibidez, demagun etxean, zutaz gain, bikotekidea, alaba bat eta zure gurasoak bizi zaretela. Familia nukleo bi izan arren, familia unitate bakarra osatuko zenukete.

Familia unitatea izango da beti errenta bermatua jasoko duena eta familia unitate bakoitzeko errenta bermatu bakarra emango da. Honek esan nahi du, lehengo adibideari jarraiki, errenta bermatua eskatuko bazenu, zure gurasoen diru-sarrerak ere kontuan hartuko liratekeela eta, honetaz gain, prestazioa emanez gero, bost laguneko familia unitateari dagokion zenbatekoa egokituko litzaizuekeela (zenbatekoak hurrengo puntuan dauzkazue azalduta).

Hasieran esan dugunez, jendea kanpoan uzteko erabaki politikoa baino ez da hau. Adibide honen arabera, zure amak eta aitak pentsiorik jasoko balute eta bien artean 1.371,86€ baino gehiago eskuratuko balute (oso-oso erraz gertatu ahal dena), zure familiari errenta bermatua ukatuko litzaioke. Administrazioaren utzikeriaren isla da hau; izan ere, herritarrekiko erantzukizunei huts egite honekin, familiaren esku uzten da dena: familia babes sozialerako egitura nagusia da eta administrazioa honen egitura subsidiarioa.

Salbuespen bakarra dago: familia unitatean familia nukleo bat baino gehiago baleude eta hauetako batean adin txikikorik balego edo menpekotasun egoeran dagoen edo, gutxienez, %65eko desgaitasun maila aitortuta daukan pertsonaren bat balego, errenta bermatu bi jaso litezke. Hortaz, eman dugun adibidean, zure seme-alabaren bat adin txikikoa balitz edo zure gurasoren bat menpekotasun egoeran balego, errenta bermatu bi eska zenitzakete.

Bestetik, etxebizitza berean familia unitate bat baino gehiago bizi badira, familia unitate bakoitzak errenta bermatua jasotzeko eskubidea izango du. Gehienez, hiru errenta eska daitezke.

 

Zenbat jasotzen da?

15/2016 Foru Legearen 7. artikulua

Esan dugunez, familia unitatea hartzen da aintzat. Oinarrizko zenbatekoa norbanakoari edo pertsona bakarreko familia unitateari dagokio. Zenbateko honi ehuneko batzuk gehitzen zaizkio familia unitateko pertsona kopuruaren arabera. Honela…

– familia unitateko bigarren pertsonagatik, oinarrizko zenbatekoari %35 gehituko zaio
– hirugarren pertsonagatik, %25 gehituko da
– eta laugarren eta gainontzekoengatik, %15.

Errenta bermatuaren zenbatekoa urterik urte igo behar da. Igoera honetarako, adierazle biren artean aukeratuko da, Nafarroako KPIaren igoera edo soldaten batezbesteko igoera, beri ere gehien hazi dena hautatuko dela. 2023rako KPIaren igoera aplikatuko da, %8,8, hain zuzen. Momentuz, Nafarroako Gobernuak oinarrizko zenbatekoaren eguneraketa argitaratu du. Hortaz, geure aldetik, 2022ko gainontzeko zenbatekoei %8,8 gehitu diegu taula osatzeko (administrazioaren kalkuluetan, zertxobait alda liteke):

Familia unitateko kide kopurua

Zenbatekoa

1

716,31€

2

967,02€

3

1.146,08€

4

1.253,55€

5

1.371,86€

6 edo gehiago

1.432,61€

Lehen komentatu dugunez, familian diru-sarreraren bat balego, ez litzateke zenbateko osoa jasoko, diru-sarrera horiek osatuko lirateke harik eta zenbatekora heldu arte. Adibidez, demagun langabeziagatiko subsidioa jasotzen duzula (480€ 2023. urtean). Honela, errenta bermatua 236,30€ baino ez litzateke izango; guztira, 716,30€.

 

Kalkuluan sartzen diren diru-sarrerak

15/2016 Foru Legearen 8. artikulutik 13. artikulura

Esan bezala, familia unitatearen diru-sarrerak zenbatzen dira errenta bermatua jasotzeko eskubiderik daukagun ebazteko.

Honakoak hartzen dira aintzat, besteak beste: lanagatiko irabaziak*, izan inoren kontura, izan autonomo modura; pentsioak edo prestazioak, publiko zein pribatuak; alokairuak edo higiezinen kapitalaren bestelako errendimenduak…

Aitzitik, beste diru-sarrera batzuk kanpoan geratzen dira: izaera finalista daukaten diru-laguntzak, hala nola larrialdi sozialeko laguntzak; adin txikikoen harreragatiko laguntzak; gutxienez %65eko desgaitasun maila aitortuta daukaten seme-alabengatiko laguntzak; seme-alaben edo familia nukleokoak ez diren kideen pentsio edo prestazioak, beti ere hauek ez badute gainditzen oinarrizko zenbatekoaren %45a (322,33€).

* “Enplegu pizgarri” moduan, legearen hitzetan, lanagatiko irabazi batzuk kalkulutik kanpo geratuko dira. Hala, errenta bermatua jasotzen ari bazara eta lanean hasten bazara, diru-sarrerak ez dira kontuan hartuko, baldin eta kontratuak 30 egun baino gutxiago iraun badu. Denbora luzeagoz hasten bazara lanean, diru-sarrerak kalkulatuko dira Bigarren Xedapen Iragankorrean azaltzen den bezala.

Bestetik, familiaren ondasunak ere kontuan hartzen dira, higiezinak zein higigarriak. Ondasun higigarrien artean bankuan izan dezakezun kapitala sartzen da (kontu korronteetako dirua, pentsio funtsak, akzioak etab.) eta, honetaz gain, gauzetan izan ditzakezuen ondasunak (artelanak, bitxiak, balioko bestelako objektuak…).

Kalkulutik kanpo geratzen dira ohiko etxebizitza eta ohiko ibilgailua eta, negoziorik izanez gero, lan jarduerarako beharrezkoak direnak.

Honela, errenta bermatua jaso ahal izateko:

Familiaren ondasun higigarrien balioa ezin da izan pertsona bakarrari dagokion errenta bermatuaren %65 baino handiagoa (errenta bermatuaren urteko kopuruaz ari gara).
Familiaren ondasun higiezinen balioa ezin da izan pertsona bakarrari dagokion urteko errenta bermatua halako 10 baino handiagoa. Hau da, muga izango litzateke pertsona bakarrari urtean legokiokeen kopurua 10ez biderkaturik.

 

 Dokumentazioa

Eskaera orria
Eskatzailearen NAN edo TIEren fotokopiak.
Senideen identitate dokumentuak eta familia liburua. Migranteak bazarete pasaporteak eta familia liburuaren balio bereko dokumentua.
Erroldaren eta elkarbizitzaren ziurtagiria, Nafarroan bizi izandako denbora egiaztatzeko. Etxe berean elkarrekin bizi zareten senide guztiak azaldu behar dira.
– Eskatzailearen eta senide guztien diru-sarreren eta ondasunen egiaztagiriak:

  • Inoren konturako langileak: lan kontratua eta azken 6 nominak
  • Autonomoak: azken bi hiruhilekoetako PFEZ aitorpenak eta azken seihileko diru-sarreren eta gastuen balantzea.
  • Pentsio kontributiboen ziurtagiriak
  • Etxe edo lokalen batengatik alokairurik kobratzen baduzue, horren kontratua
  • Bestelako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten dokumentuak: herentziak, kaleratzeagatiko kalte-ordainak…
  • Kontu korronte guztien egiaztagiriak

Banandurik bazaude, horren berri ematen duen dokumentua.
Diru-laguntza transferentziaz jasotzeko bankuaren dokumentua.

 

Eskaerak

Zure herriko oinarrizko zerbitzu sozialetan eskatu behar duzu.

Helbideak HEMEN kontsulta ditzakezu.

Errenta bermatua 12 hilabetez jasoko da. Denbora hau behin pasaturik, berriro eskatu behar da.

Urtebete pasatzen bada eta ez badago aldaketarik familiaren egoera ekonomikoan, oinarrizko zerbitzu sozialak “gizarteratzeko prozesu pertsonalizatuari” ekingo dio. Programa pertsonalizatu hori betetzera behartuta egongo zara. (34.2 artikulua

Bi urte ematen badituzu errenta bermatua jasotzen, “administrazio publikoak eskaini egin beharko dio enplegu sozial babestuko programa batean parte hartzeko aukera behinik behin, edo enplegu eta/edo prestakuntzarako beste aukera bat”. (34.3 artikulua

Informazio gehiagorako:

⇒ Izapidearen webgunea

⇒ Errenta Bermatua ulertzeko oinarrizko GIDA (Nafarroako Gobernua)

Helbidea:
          Eskubide Sozialetako Saila
          González Tablas 7
          Tf.: 848 426 900

Posta elektronikoa: info.derechossociales@navarra.es