Errenta bermatua – Nafarroa

2016an errenta bermatuak ordura arteko jendarteratze errenta (“renta de inclusión social”, RIS) ordezkatu zuen. Honek diru kopuruetan eta bete beharreko baldintzetan hainbat aldaketa ekarri zituen. Hona hemen LAB sindikatuak bere momentuan egin zuen irakurketa: Bermaturiko errentaren foru legearen aurreproiektua ez da nahikoa.

Errenta bermatua diru-sarrera nahikorik ez daukaten lagunen arrisku eta bazterketa sozial egoerak ekiditeko omen da. Prestazio osagarria da eta familia unitate osoa hartzen du aintzat. Jasotzen den kopurua, hortaz, ezberdina izango da familiak dituen diru sarreren eta senitarte kopuruaren arabera. Bakarrik bizi bazara eta ez badaukazu diru sarrerarik, 623,63 euro jaso zenezake, baina kopuru hau 1.247,25 eurotara igo daiteke segun eta zenbat senide zareten; beste batzuetan diru kopurua jaitsi liteke bestelako diru-sarrerarik edukiz gero.

Bete beharreko baldintzak:

– 18 urtetik gorakoa izatea edo emantzipatutako adin txikikoa.

– 18 eta 24 urte bitatekoa bazara eta seme-alabarik ez badaukazu, bermatutako errenta eskatu baino lehen gutxienez bi urtez zure kabuz bizi behar izan zara.

– Gutxienez bi urtez Nafarroan bizitzen eman behar dituzu errenta eskatu aurretik. Urtebetez, familian adin txikikoak edo %65eko desgaitasuna aitorturik daukan senideren bat baldin badago.

– Diru-sarrerarik ez izatea edo errenta bermatuak ezartzen duen diru-kopurura heltzen ez diren diru-sarrerak jasotzea. Adibidez, hiru kide bazarete familian, prestazio honen arabera 997,81 euro dagokizue. Diru-sarrerak badauzkazue, baina hauek ez badira kopuru honetara heltzen, laguntza hau eska zenezake.

– Beste administrazioek eman ditzaketen bestelako diru laguntza guztiak aldez aurretik eskatu izana.

Zenbat kobratzen da?

Esan dugunez, familia unitatea hartzen du aintzat. Legeak ezartzen dituen ondorengo kopuruak osorik kobratuko dira familiak diru-sarrerarik izango ez balu (2019ko datuak):

Kide 1: 623,63 euro
2 kide: 841,90 euro
3 kide: 997,81 euro
4 kide: 1.091,35 euro
5 kide: 1.184,90 euro
6 kide edo gehiago: 1.247,25 euro

Bestalde, familian diru-sarreraren bat izanez gero, ezarritako kopurura heltzeko falta dena baino ez litzateke kobratuko. Hau da zure familian lau kide bazarete eta zuotako baten batek 500 euro jasoko balitu, errenta bermatuagatik 591,35 euro baino ez zenukete jasoko.

Ze dokumentazio aurkeztu behar da?

– Eskaera dokumentua
– Eskatzailearen NAN edo TIEren fotokopiak.
– Familiakideen identitate dokumentuak eta familia liburua. Migranteak bazarete pasaporteak eta familia liburuaren balio bereko dokumentua.
– Erroldaren eta elkarbizitzaren ziurtagiria, Nafarroan bizi izandako denbora egiaztatzeko. Etxe berean elkarrekin bizi zareten senide guztiak agertu behar dira.
– Eskatzailearen eta senide guztien diru-sarreren egiaztagiriak.
– Banandurik bazaude, horren berri ematen duen dokumentua.
– Diru laguntza transferentziaz jasotzeko bankuaren dokumentua.

Nora jo behar da errenta bermatua eskatzeko?

Zure herriko oinarrizko zerbitzu sozialetan eskatu behar duzu. Helbideak HEMEN kontsultatu ditzakezu.