Zenbat kobratzen da langabezia prestazioan?
Lehenengo eta behin, oinarri arautzailea kalkulatu behar dugu. Izan ere, langabezia prestazioaren kopurua oinarri horren ehuneko ezberdinak izango dira.
Zein da oinarri arautzailea kasu honetan? Kotizatu dugun azken sei hilabeteetako (180 egunetako) kotizazio oinarrien batezbestekoa. Hala ere, ez dugu oinarri arautzailea oso-osorik kobratuko, baizik eta horren ehuneko bat, besterik ez. Badakizuenez, langabezia prestazioagatik jasotzen duguna soldatagatik jasotzen genuena baino askoz baxuagoa izaten da. Honela, langabezia prestazioa honako kopuru hauen araberakoa izango da:
– Lehen 180 egunetan (6 hilabeteetan) %70 kobratuko dugu
– 180. egunetik aurrera %60 jasoko dugu
2012tik, lehen sei hilabeteak behin pasaturik, prestazioa oinarriaren %50era jaisten zen. PPren Gobernuaren beste murrizketa bat izan zen hau. Hala ere, 2023ko Aurrekontuen Legean eta Gizarte Segurantzaren Legean islaturik gelditu den bezala, ehunekoa lehengoratu egin da. Edozelan, geroxeago ikusiko dugunez, horren kaltegarria izan zen 2012ko erreformaren hainbat eta hainbat puntu oraindik indarrean diraute, baita langabeziari dagokionez ere.
Zeintzuk dira kobratu ahal diren gehieneko eta gutxieneko kopuruak?
Urtez urte legez ezartzen dira gutxieneko eta gehieneko muga batzuk. Hau da, oraintxe azaldu dugun kalkuluaren emaitza edozein dela ere, langabezia prestazioa ezingo da izan ondoko zenbatekoak baino altuagoa, ezta baxuagoa ere (ez bada jardunaldi partzialaz aritu garela, beherago azalduko dugunez).
Gehieneko eta gutxieneko muga hauek IPREM adierazlearen arabera ezartzen dira (aurtengo IPREM 8.400€ dira urtean, 14 ordainsaritan) eta ezberdinak dira segun eta langileak bere kargupean seme-alabarik daukan ala ez.
Horra hor 2023rako zenbatekoak:
• Gutxienekoak:
Seme-alabarik eduki ezean: 560€ hilean (IPREMaren %80)
Seme-alabarik edukiz gero: 749€ hilean (IPREMaren %107)
• Gehienekoak:
Seme-alabarik eduki ezean: 1.225€ hilean (IPREMaren %175)
Seme edo alaba bat edukiz gero: 1.400€ hilean (IPREMaren %200)
Seme-alaba bi edo gehiago edukiz gero: 1.575€ hilean (IPREMaren %225)
Zenbat denboraz kobra daiteke?
Gutxienez lau hilabetez eta gehienez bi urtez jaso dezakegu langabezia prestazioa. Iraupena azken sei urteetan zehar kotizatu duzun denboraren arabera izango da, zenbat eta kotizazio gehiago, orduan eta iraupen luzeagoa:
KOTIZATUTAKO EGUNAK | PRESTAZIO EGUNAK |
360tik 539ra | 120 |
540tik 719ra | 180 |
720tik 899ra | 240 |
900tik 1079ra | 300 |
1080tik 1259ra | 360 |
1260tik 1439ra | 420 |
1440tik 1619ra | 480 |
1620tik 1799ra | 540 |
1800tik 1879ra | 600 |
1980tik 2159ra | 660 |
2160tik aurrera | 720 |
Izan kontuan ez direla aintzat hartuko bestelako prestazioren bat jasotzeko erabili dituzun kotizazioak.
Zer gertatzen da jardunaldi partzialaz lan egin baduzu?
Prestazioaren iraupenari dagokionez, jardunaldi osoz edo partzialaz aritzeak ez du eragiten, lan egindako egun bakoitza (jardunaldi osoz ez izan arren) kotizatutako eguntzat jotzen baita. Hala ere, jardunaldi partzialak prestazioaren kopurua jaisten du, kotizazioaren oinarri erregulatzailea txikiagoa baita.
Hau da, demagun jardunaldi osoz lan eginez gero, gure kotizazio oinarria 1.200 euro direla, baina jardunaldi erdiz aritu garenez, 600 euro besterik ez litzateke. Hortaz, lehen sei hilabeteetan 420 euro (%70) eta, ondoren, 360 euro (%60) baino ez genuke kobratuko.
Lehen ikusi dugunez, prestazioaren gutxienekoak legez ezartzen dira. Hala ere, 2012ko lan erreformaren ondorioz, gutxienekoei partzialitate koefizientea ere aplikatu behar zaie. Honek esan nahi du jardunaldi partzialaz lan egin baduzu, gutxienekoa baino gutxiago jaso zenezakeela.
Honela, kontuan hartu behar da kotizazio oinarria kalkulatzeko, lan egindako azken sei hilabeteak baino ez direla aintzat hartzen. Hortaz, hainbat urtetan jardunaldi osoz aritu izan bazara, baina azken hilabeteetan jardunaldi partzialaz lan egitera behartuta ikusi baduzu zeure burua, azken sasoi horrek markatuko du prestazioaren kopurua.
Bestela, baliteke, 180 egun horietatik, zenbaitetan jardunaldi osoz eta beste zenbaitetan jardunaldi partzialaz lan egin izana. Demagun azken hilabetean edo azken 15 egunetan jardunaldi erdiz ibili zarela. Azken sei hilabeteetako batezbestekoa egiten denez, prestazioa ez da izango prestazio erdia, batezbestekoaren emaitza baino.
Hala ere, langabezia subsidioetan ez da inolako batezbestekorik egiten eta azken kontratuak -azken jardunaldiaren portzentajeak- markatuko du zenbat jasoko duzun, nahiz eta azken kontratua hamabost, hamar edo bost egunekoa izan, jardunaldi erdiz izan bada, adibidez, subsidio erdia jasoko duzu. Beraz, kontuz.