Kotizazio hutsarteak
Jakina, honelako epealdi luzea kontuan hartzen denez, oso ohikoa da urte horietan guztietan zehar zenbait momentutan kotizatu ez izana, hainbat arrazoirengatik, lana galdu dugulako, zaintza betebeharrengatik lana utzi behar izan dugulako eta abar.
Bizi laboralean zehar kotizatu barik egondako epealdiei “kotizazio hutsarte” deitzen zaie (gaztelerazko “lagunas de cotización”). Kotizatu ez badugu ere, pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko momentuan kontuan hartzen dira eta, zelanbait esateko, kotizazio falta hori osatu egiten da “gezurrezko” gutxieneko kotizazio batzuekin. Kotizazio hutsarteak erretiro pentsiorako ez ezik, ezintasun iraunkorragatiko pentsiorako ere osatzen dira. Formula honako hau da:
⇒ Hutsarteen lehenbiziko 48 hilabeteak (4 urte) gutxieneko oinarriaren %100az kalkulatzen dira eta hortik aurrerako hilabeteak gutxieneko oinarriaren %50az.
Adibidez, demagun datorren urtean, 2024an, alegia, erretiratu behar zarela. Azken erreforma 2026ra arte ez denez indarrean hasiko, azken 300 hilabeteetako (hau da, azken 25 urteetako) kotizazioak hartuko lirateke kalkulua egiteko. Baliteke 300 hilabete horietatik 55 kotizatu gabe edukitzea, langabezian geratu zarelako, adibidez.
Izan kontuan langabezia prestazioa jasotzen duzun bitartean kotizatu egiten duzula, baina langabezia subsidioagatik ez (52 urtetik gorakoentzako subsidioa salbuespena da, gutxieneko oinarriaren %125agatik kotizatzen baitu); era berean, beste egoera berezi batzuk kotizatutzat jotzen dira, hala nola zaintza betebeharrengatiko eszedentziak.
Bada, orotara, 55 hilabetez egon zara kotizatu barik. Berdin da etenaldi hau segidan edo zure bizi laboralaren momentu ezberdinetan izan den. Hutsarte horiek honelaxe osatuko lirateke: 48 hilabete gutxieneko oinarriarekin (%100arekin) eta gainontzeko 7 hilabeteak gutxieneko oinarriaren %50arekin.
Nahiz eta kotizatu ez dituzun hilabete horiek “kotizatutzat” jo, esan barik doa pentsioaren zenbatekoa jaitsi egingo dela, gutxienekoekin osatzen baitira. Hortaz, zenbat eta epealdi luzeagoa ezarri pentsioaren kalkulurako, orduan eta aukera gehiago izango ditugu halako hutsarteak izateko eta, beraz, gure pentsioaren zenbatekoa jaisteko.
Gutxieneko kotizazio oinarria zein den jakin nahi baduzu, beste artikulu honetan kontsulta dezakezu: