52 urtetik gorakoentzako subsidioa (langabezia subsidioa)

2012ko PPren lan erreformak subsidio hau eskuratzeko irizpideak guztiz gogortu zituen, eskatu ahal izateko adina barne (52 urtetik 55 urtera pasatu zen). Honen ostean, 2019ko aurrekontu orokorren legearen bitartez, berriro aldatu zen eta aldez aurretik pairatutako murrizketei buelta eman zitzaien. Esan barik doa lan erreforma honen kaltegarria guztiz eta zeharo utzi behar dela bertan behera; hala zin egin zuen PSOEk, harik eta gobernua eskuratu arte, jakina, orduan agur eguzki eta hor konpon.

Diru laguntza hau jubilazio adinera arte kobratzen da eta subsidio guztietatik hau da jubilaziorako kotizatzen duen bakarra, SEPEk Gizarte Segurantzan pentsiorako kotizazioak egingo ditu eta.

Kotizazio honen oinarria berriro pasatu da gutxienekoaren %125 izatera (2012ko erreformak portzentajea %100era jaitsi zuen eta).

Bete beharreko baldintzak:

– Langabezia egoera legalean egon eta enplegu eskaitzaletzat izena emanda egotea. Subsidioak irauten duen bitartean langabezia berriztatu beharko duzu dagokizun datetan. Beraz, apuntatu ondo eta ez ahaztu sinatzeaz.

– Langabezia prestazioa edota langabezia subsidioa agortu izana.

– Zure diru sarrera gordinak (familia unitate osoaren diru sarrerak kontuan hartzea ere bota da atzera) ezin dira lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak izan (712,50 euro hilean 2020an).

– Subsidio hau eskatzeko, erretirorako besteko kotizazioak izan behar dituzu. Hau da, zure bizi laboral osoan zehar, gutxienez, 15 kotizazio-urte pilatu behar izan dituzu, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan (orokorra, autonomoak, etxeko lana…). 15 urte hauetatik bi, gutxienez, azken 15 urteetan zehar izan behar dira.

– Zure bizi laboral osotik zehar gutxienez sei urte kotizatu behar izan duzu langabeziagatik. Adi! autonomoa edo etxeko langilea izan bazara, izan kontuan erregimen horietan ez dela langabeziagatik kotizatzen.

Alegia, etxeko langilea izan bazara eta 15 urte kotizaturik badauzkazu, baina ez bazara egon sekula erregimen orokorrean, subsidio hau ukatuko zaizu, langabezian kotizatu beharreko sei urteak falta dituzu eta. Begirada bat bota zenezake hurrengo atal hauetan: 45 urtetik gorakoentzako subsidioa, gizarteratzeko errenta aktiboa (RAI), diru sarrrerak bermatzeko errenta (EAE) edo errenta bermatua (Nafarroa).

– “Gertaera eragile” edo “hecho causante” delakoaren bidetik ere eskura zenezake. Esan nahi baita, beste subsidioren bat jasotzeko eskubidea badaukazu, hau zuzenean 52 urtetik gorakoentzako subsidio bihur daiteke (hau onuragarriagoa da, zeren eta, aipatu dugunez, hauxe baita Gizarte Segurantzan kotizatzen duen subsidio bakarra). Legeak berak dioenez, “aldez aurretik beste langabezia-prestazio edo subsidioren bat agortu duten pertsonek jaso ahal izango dute, baldin eta momentu hartatik enplegu zerbitzu publikoetan enplegu eskatzailetzat izena emanda egon badira”

Zenbat kobratzen da?

Kasu honetan ere IPREMaren %80 kobratzen da: 430,27 euro (2019. urteko kopurua, momentuz 2020an ere aplikatu beharrekoa). Dekretu berria baino lehen, lan erreformak ezarri zuen jardunaldi partzialaz lan egin izanez gero, subsidioa ere partziala izango zatekeela. Hala ere, hau ere derogaturik geratu da eta subsidioa partzialitateaz salbuetsita dago.

Iraupena:

Jubilazio adinera arte, beti ere baldintzak betez gero. Hau da, prestazioa eman badizute eta zure egoera aldatzen bada, jasotzeari utziko zenioke.

Eskatzeko epea:

Langabezia prestazioa edo subsidioa kobratzen egon bazara gogoratu kasu honetan hilabete itxaron behar duzula. Hilabete hau pasatuta 15 lan egun dauzkazu eskatzeko.

Lan barik gelditu bazara eta ez badaukazu langabezia prestazio edo subsidiorik eskatzeko eskubiderik, 15 lan egun dauzkazu lan harremana amaitu denetik.

Ze dokumentazio aurkeztu behar da?

Eskaera dokumentu ofiziala. Bertan 52 urtetik gorakoentzako diru laguntza aukera markatu beharko duzu.
– Nortasun agiria (NAN edo TIE)
– Diru laguntza jasotzeko kontu korrontea egiaztatzen duen bankuaren dokumentua.

Subsidioa behar duzun denbora osoan jaso ahal izateko gogoratu langabezia sinatu behar duzula dagokizun egunetan. Honetaz gain, urte bakoitzean aurreko urtean jaso dituzun errentak egiaztatzen dituen dokumentua aurkeztu beharko duzu.