⇒ Langabezia kobratzen ari bazara (prestazioa edo subsidioa) eta lanean hasten bazara, posible da biak bateratzea. Kasu honetan, langabezia enplegua sustatzeko osagarri moduan jasoko zenuke.

⇒ ADI! 2026ko urtarrilaren 1etik SEPE automatikoki aplikatzen hasi zen. Beraz, ez bazenu jaso nahi, uko egin beharko zenioke.

Langabeziagatiko prestazioa eta osagarria


Artikulu honetan azalduko dugu zer gertatzen den langabeziagatiko prestazioa jasotzen ari zarenean. Bestetik, subsidioa jasotzen ari bazara, beste artikulu honetan jakin beharreko guztia kontatu dizugu.


Langabeziagatiko prestazio kontributiboa jasotzen ari bazara eta inoren konturako enplegua lortzen baduzu, biak bateratzeko aukera daukazu. Egingo duzun lana jardunaldi osoz ala jardunaldi partzialaz izan daiteke.

Adi! Ez litzateke prestazio osoa jasoko, zenbateko finko eta txikiagoa baino, geroxeago zehaztuko dugunez.

Izan ere, Enplegua Sustatzeko Osagarria ez da aparteko prestazio bat, baizik eta langabeziagatiko prestazio kontributiboa jasotzeko bestelako modu edo aukera bat lan egiten duzun bitartean.

Bete beharreko baldintzak

— Langabeziagatiko prestazioa, gutxienez, 14 hilabeterako aitortu behar izan zaizu.
— Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak eta RED mekanismoa kanpoan geratzen dira
— Osagarria aktibatu baino lehen, langabeziagatiko prestazioaren 9 hilabete kontsumitu behar izan duzu, gutxienez.
— Lanagatik jasotzen duzun soldata ezin da IPREMaren %375 baino altuagoa izan (2026. urtean: 2.250 euro gordin hilean).

Zenbat jasotzen da?

Osagarriaren zenbatekoa finkoa da eta ez dago dagokizun langabeziagatiko prestazioaren zenbatekoarekin lotuta. Bestetik, osagarriaren zenbatekoa aldatuko da egiten duzun lan jardunaldiaren era lanean hasi zaren hilabetearen arabera:

Gogoratu osagarria jaso ahal izateko, prestazioa gutxienez 9 hilabetez jasotzen egon behar izan zarela; hortaz, prestazioaren 10. hilabetetik aurrera hasiko da osagarria kobratzen ezinbestez.

Adibidea: demagun lanean hasten zarenerako, 12 hilabete pasatu dituzula langabeziagatiko prestazioa jasotzen. Bestela esanda, prestazioaren 13. hilabetetik aurrera hasiko zinateke osagarria jasotzen. Hortaz, 13. hilabetetik 15.era 480€ kobratuko zenituzke -jardunaldi osoz-; 16.etik 18.era, 360€ eta abar.

Bestetik, osagarriaren iraupena ere ezberdina izango da segun eta prestazioaren ze hilabetetan hasten zaren jasotzen.

Lehengo adibideari jarraiki: prestazioaren 13. hilabetean jasotzen hasten bazara, osagarria, gehienez, 180 egunez kobratzen egon ahal izango zara.

Iraupena

Oraintxe ikusi dugunez, prestazioaren hilabeteak markatuko du zein izango den osagarriaren gehienezko iraupena.

Honela, aurreko taulan dakarrenez…

Prestazioaren 10. hilabetean hasiz gero, osagarriak 30 egun iraungo ditu
Prestazioaren 11. hilabetean hasiz gero, osagarriak 60 egun iraungo ditu
Prestazioaren 12. hilabetean hasiz gero, osagarriak 90 egun iraungo ditu
Prestazioaren 13. hilabetetik aurrera hasiz gero, osagarriak 180 egun iraungo ditu

Osagarriarekin bateratzen duzun lana amaitzen denean, ez baduzu osagarriaren gehienezko iraupena agortu eta langabeziagatiko prestazioa jasotzen hasten bazara, berriro lanean hasiko bazina, osagarria berriro jaso ahal izango duzu, dagokizun gehienezko iraupenarekin.

Osagarria jasotzen bada, langabeziagatiko prestazioa kontsumitzen da?

Bai. Osagarria jasotzen duzun egun bakoitzeko, prestazioaren egun bat kontsumituko duzu, berdin da zenbat diru jaso duzun. Hau da, osagarriak ez du prestazioaren denbora zabaltzen; aitzitik, osagarria, hasieran esan dugunez, langabeziagatiko prestazioa jasotzeko bestelako modalitate bat baino ez da. Beraz, ondo pentsatu ea merezi dizun osagarri jasotzea ala hobe den bertan behera uztea eta langabeziagatiko prestazioa hurrengo baterako gorde, badaezpada.

Bestetik, osagarria jasotzen baduzu eta jardunaldi osoz aritzen bazara, SEPEk ez du Gizarte Segurantzan kotizatuko. Hala ere, jardunaldi partzialaz ari bazara lanean (kontratu bakar batez edo jardunaldi partzialeko kontratu bat baino gehiagoz -beti ere, orotara, egiten duzun denbora ez bada heltzen jardunaldi osora), SEPEk Gizarte Segurantzan kotizatuko du, kotizazio oinarria lan egindako denboraren proportzioaz murrizturik.

Osagarria eskatu behar da?

Azken lege aldaketa baino lehen, osagarria jaso nahi izanez gero, eskatu egin behar zen. Baina jadanik aipatu dugunez, 2026ko urtarrilaren 1etik SEPEk automatikoki aplikatzen du. Hortaz, ez badugu jaso nahi eta, horrela, geratzen zaigun langabeziagatiko prestazioa gorde, bertan behera uzteko eskatu behar dugu.

Osagarriari uko egiteko:

  • Online

SEPEren orrialde HONETATIK (“Formulario para realizar una presolicitud sobre prestaciones por desempleo”). Bertan “Formulario de presolicitud” botoia sakatu behar da. Honako orrialde hau zabalduko zaizu:

Irudian ikusten duzunez, osagarria bertan behera uzteko aukera sakatu behar da (“baja del complemento de apoyo al empleo” eta izapidea amaitu.

  • Telefonoz

SEPEren telefonoan: 060

Honako datu hauek eskura eta prest izan beharko dituzu, izapidea hasteko beharrezkoak dira eta: Izen-abizenak, helbidea, NAN/NIE zenbakia eta prestazioa eskatu zenuen data edota SEPEren datu basean erregistraturik daukaten zure telefono zenbakia.

  • SEPEren bulegoan aurrez aurre.

SEPEren bulegoetako helbideak:
               ARABA
               BIZKAIA
               GIPUZKOA
               NAFARROA

Gogoratu, bulegora joan baino lehen, aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela derrigor. Hitzordua 91 926 79 79 telefonoan edo egoitza elektronikoan eskatu ahal duzu.

Izapidea SEPEren bulegoetan egiteko, eskaera-orria jaitsi eta bete beharko duzu. Hurrengo lotura honetatik egin dezakezu.

Edozein zalantza daukazula, horra hor SEPEren arreta eta informazio telefonikorako zenbakia: 060