⇒ Langabezia kobratzen ari bazara (prestazioa edo subsidioa) eta lanean hasten bazara, posible da biak bateratzea. Kasu honetan, langabezia enplegua sustatzeko osagarri moduan jasoko zenuke.

Langabeziagatiko subsidioa eta osagarria


Artikulu honetan azalduko dugu zer gertatzen den langabeziagatiko subsidioa jasotzen ari zarenean. Bestetik, prestazioa jasotzen ari bazara, beste artikulu honetan jakin beharreko guztia kontatu dizugu.


Ze egoeratan jaso daiteke osagarri hau?

• SEPEk langabeziagatiko subsidioa aitortu dizu eta jardunaldi partzialaz lan egiten ari zara.
Subsidio hauek izan daitezke prestazio kontributiboa agortu izanagatik edo kotizazio nahiko ez izateagatik. Jardunaldi partzialaz lan egin behar duzu, kontratu bakar batez edo kontratu bat baino gehiagoz (azken kasu honetan, lan ordu guztiak batuta, ezingo zinateke jardunaldi osora heldu).

• Langabeziagatiko subsidioa jasotzen ari zaren bitartean (langabeziagatiko edozein subsidio), enplegu bat lortu baduzu. Enplegu hau jardunaldi partzialaz edo jardunaldi osoz izan daiteke. Honelakoetan, subsidioa, berez eta zuzenean, osagarri moduan ordaintzen hasiko da.


Enplegua sustatzeko osagarria ez da borondatezkoa. SEPEk ofizioz aplikatuko du kasu guztietan.


Zenbat jasotzen da?

Jasotzen den zenbatekoa aldagai biren arabera ezarriko da: jardunaldiaren proportzioa eta subsidioaren hiruhilekoa. 

Osagarriagatik jasotzen den zenbatekoa ezberdina izango da hiruhilekotik hiruhilekora (segun eta ze hiruhilekotan zauden subsidioa jasotzen hasi zinenetik) eta, era berean, ezberdina izango da segun eta zenbatekoa den zure jardunaldia.

Taula honen arabera ezarriko da:

Zenbat jasoko duzun hiruhileko bakoitzaren hasieran ezartzen da. Baliteke, zenbatekoa behin ezarrita, enpresan jardunaldiaren portzentajea aldatzea edo beste kontratu partzial bat lortzea. Honek ez luke hiruhileko horretan eragingo eta ezarritako zenbatekoa jasotzen jarraituko zenuke hurrengo hiruhilekora arte.

Zenbat irauten du?

Gehienez, 180 egun iraungo du. 180 egun hauek lan harreman bakar batean edo hainbatetan kontsumitu ahal dituzu (hau da, segidan edo epealdi ezberdinetan).

Nahiz eta, gehienez, 180 egun izan, beste muga bi ere badira: osagarria sorrarazi duen lan kontratuaren iraupena eta onartu zaizun subsidioaren iraupena. Bestela esanda, demagun, osagarria jasotzen hasi zarenerako, subsidioari 120 egun falta zaizkiola amaitzeko; hala balitz, osagarria ere denbora horretan amaituko litzateke. Era berean, osagarria jasotzea ahalbidetu duen lan kontratua amaituko balitz, osagarria ere amaituko litzateke. 

⇒ ADI! Osagarria jasotzen duzun bitartean, subsidioko egunak kontsumituko dituzu, berdin da zenbateko jardunaldia egiten duzun.


Enplegua sustatzeko osagarria, gehienez, 180 egunez jaso ahal duzu. Osagarri moduan jasotzen dituzun egunak subsidioaren iraupenetik deskontatuko dira.


180 egun ematen badituzu osagarria jasotzen eta subsidioaren iraupena ez bada oraindik agortu, subsidioa bertan behera geratuko da eta, berriro langabezia-egoera legalean geratzen bazara, subsidioari berrekin ahal izango diozu.

Lan harremana amaitzen bada eta ez badira 180 egun pasatu, subsidioa jasotzen hasiko zinateke berriro (oraindik geratzen zaizkizun subsidio egunak). 

Lan harremana amaitzen denean, SEPEri jakinarazi beharko diozu hurrengo 15 egun baliodunetan. Orduan, subsidioa bertan behera geratuko da (osagarri moduan) eta, berrekiteko (subsidio moduan), eskaera egin beharko duzu. Gogoratu langabezia-egoera legalean egon behar zarela. Honek esan nahi du, besteak beste, ezin izan duzula lana zeure borondatez utzi:

Errenten gabezia

Badakizunez, langabeziagatiko edozein subsidio eskatzen denean, bete beharreko baldintza nagusienetako bat da errenten gabezia egiaztatu ahal izatea. Subsidioa onartu bazizuten, argi dago errenten gabezia (familia erantzukizunekin ala erantzukizunik gabe) betetzen zenuela. Baina, zer gertatzen da, osagarria jasotzen duzun bitartean, lanagatik kobratzen hasi zaren soldatarekin?

Ez du eragiten. Enplegua sustatzeko osagarria jasotzen duzun bitartean lanagatik kobratzen ari zaren soldata (izan jardunaldi osoz edo jardunaldi partzialaz) ez da kontuan hartuko, zure errentei dagokienez, subsidioaren luzapenetarako edo subsidioari berrekiteko.

Eta ez baduzu osagarria jaso nahi?

Lehen esan dugunez, SEPEk osagarria ofizioz aplikatuko du. Baina, hala ere, hiru hilabetero eskatu behar da osagarriaren (subsidioaren) luzapena edo “prorroga”.

Honela, ez baduzu jarraitu nahi subsidioa osagarri moduan jasotzen, lehen hiru hilabeteak lanean eta osagarria kobratzen behin pasaturik, itxaron ahal duzu eta luzapena eskatu kontratua amaitzen zaizunean.

Edo kontratua amaitu baino lehenago ere egin ahal duzu. Hori bai, azken aukera honetan, luzapena eskatu beharko zenuke sei hilabete pasatu baino lehenago hiruhilekoa bukatu zenetik.

Ze kasutan ezin da osagarria jaso?
  • Kontratatu zaituen enpresak, kontratazioa egiteko momentuan, enplegua erregulatzeko espedientea martxan badauka.
  • Aldez aurretik lan egin baduzu kontratatu zaituen enpresa horretan (azken 12 hilabeteetan).
  • Enpresariaren, zuzendaritza karguak dituen norbaiten edo administrazio organoetako kideren baten senidea bazara. Bigarren mailara arteko senideak hartuko dira kontuan, izan odolkidetasunagatik, izan ahaidetasunagatik.

Honelakoetan, SEPEk komunikatzen badizu osagarria ordaintzen hasiko dela eta ez badiozu ezer esaten, lan harremana aurreko hiru puntuetako batean sartzen dela alegia, SEPEk zehapen prozesua abiarazi ahal du eta, besteak beste, jaso duzun eta ez zegokizun dirua itzuli beharko duzu. 

Edozein zalantza daukazula, horra hor SEPEren arreta eta informazio telefonikorako zenbakia: 060