⇒ Prestazio hau inoren konturako langileek (etxeko langileak barne, jakina) zein euren konturako langileek (langile autonomoek) eskatu ahal dute.

Haurdunaldi arriskutsua ala arriskua haurdunaldian?

Kontu antzekoak dirudite biek, baina, hala ere, egoera ezberdinak dira eta prestazio ezberdinak dagozkie bati zein besteari.

• Haurdunaldi arriskutsua: haurdunaldiaren egoera klinikoak sorrarazten du arriskua. Hau da, gure gorputzak arazo medikoren bat pairatzen du eta honek amari edota fetuari arriskuren bat dakarkio. Edozein kasutan, hau ez dago lanarekin loturik. Bajarik hartu beharko balitz, Osakidetzak edo Osasunbideak emango liguke, egoera hau gertakizun arruntatzat (gaixotasun arruntatzat) jotzen baita.

• Arriskua haurdunaldian: betetzen den lanak amaren edota fetuaren osasunean ondorio kaltegarria izan dezake. Arrisku hau lanpostuko baldintzek, agenteek edo prozedurek eragin dezakete. Bajarik hartu beharko balitz, mutualitateari eskatu beharko genioke, laneko gertakizun edo kontingentziatzat jotzen baita.

Prestazioak

Beraz, esan bezala, balizko prestazioak ezberdinak dira kasu bakoitzean:

Haurdunaldi arriskutsua:

Haurdunaldi arriskutsuen kasuan, familia medikuak emango liguke baja eta, hortaz, gaixotasun arruntagatiko aldi baterako ezintasuna jasoko genuke:

  • Lehenbiziko hiru egunetan, ez genuke ezer kobratuko
  • 4. egunetik 20 egunera, oinarri arautzailearen %60
  • 21. egunetik aurrera, oinarri arautzailearen %75

Beti esaten dizuegunez, hauek dira legeak ezartzen dituen gutxienekoak. Baliteke zure hitzarmenak gutxieneko hauek osatzea edo hobetzea.

Arriskua haurdunaldian:

Egoera honetan, lana utzi beharko bagenu, prestazio bat jasotzeko eskubidea izango genuke. Aurreratu dugunez, lan gertakizuntzat joko litzateke eta, gainontzeko ezintasun profesionalen kasuetan bezala, oinarri arautzailearen %100 jasoko genuke.

⇒ ADI! Ikusten duzuenez, alde handia dago prestazioaren zenbatekoan: gertakizun arruntengatiko oinarri arautzailearen %60 eta %70 (haurdunaldi arriskutsuetan medikuak ematen duen baja arruntagatik) edo gertakizun profesionalengatiko oinarri arautzailearen %100 (lantokiak arriskua suposatzen badigu).

Baina, noiz jotzen da lanpostu bat arriskutsutzat?

Lan Arriskuen Prebentziorako Legeak 26. artikuluan dioenez, lanpostuetako arriskuen ebaluazioa egiten denean, honek kontuan hartu behar du arrisku hauek zelan eragin diezaioketen haurdun dauden langileei. Hau da, berez, lanpostuaren ebaluazioa egiten denean, arrisku espezifiko hauek ere kontuan hartu beharko lirateke.

Edozein kasutan, hasierako ebaluazioaz gain, hau eguneratu beharko litzateke lanpostua betetzen duen langilea arriskuekiko bereziki kaltebera bada (Prebentzio Zerbitzuen Araudiko 4. artikulua).

Beraz, haurdun dauden langileak (eta fetuak) babesteko  lehenbiziko neurria lanpostuen ebaluazio espezifikoa da.

Lan honetan laguntzeko, Prebentzio Zerbitzuen Araudiak, eranskin bitan, hainbat agente, prozedura eta baldintza zerrendatzen ditu:

Bertan ondo azaltzen denez, ez da zerrenda itxia. Hau da, beste hainbat agente, prozedura eta lan baldintza arriskutsuak izan daitezke, nahiz eta zerrendan ez azaldu eta, gainera, langilearen egoera zehatza (haurdunalditik harago) ere kontuan hartu beharko da.

Hobeto ulertzeko, hemen utziko dizuegu Gizarte Segurantzaren Institutuak gai honetaz argitaratu duen gida. Gida gai honetan sakondu nahi duen edonorentzat baliagarria bada ere, prebentzio ordezkarientzat garrantzia berezia dauka:

Zer egin behar du enpresak?

Arriskurik balego, enpresak behar beste neurri hartuko ditu arrisku horren esposizioa ekiditeko. Honek esan nahi du, ezer baino lehen, enpresak lanpostuaren baldintzak edota lan denbora egokitu beharko lituzkeela, langileak arriskurik paira ez dezan. Egokitu beharreko baldintza hauen artean, beharrezkoa balitz, gaueko lana eta txandakako lana ere sartuko lirateke (Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen 26.1 artikulua).

Lanpostua egokitzea ezinezkoa balitz, langilea beste lanpostu batera mugitu beharko litzateke. Adi! Lanpostuz edo funtzioz aldatzen bazaituzte eta lanpostu berria ez bada zure talde edo kategoria profesional berekoa, edozein kasutan, honek ezin dizu ekarri soldata jaitsierarik (Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen 26.2 artikulua).

Azkenik, lanpostuaren moldaketa zein lanpostu aldaketa, biak ala biak, ezinezkoak balira, orduantxe etengo litzateke kontratua eta arriskuagatiko prestazioa jasotzen hasi beharko zinateke.  Hau da, prestazioa azken aukera baino ez da (Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen 26.3 artikulua).

 

Lanpostuan arriskurik balego:

  1. Lehenengo eta behin, enpresak lanpostua egokitu beharko luke
  2. Ezinezkoa balitz, beste lanpostu batera mugitu beharko zintuzke
  3. Hau ere ez balitz posible, lana utzi eta prestazioa kobratzeari ekingo zenioke

 

Zelan eskatu prestazioa?

Prestazio hau eskatu ahal izateko, ez da gabealdirik behar. Hau da, ez da beharrezkoa, aldez aurretik, ezelako kotizaziorik pilatuta izatea. Beraz, berdin da zenbat denbora eman duzun lanean.

Esan dugunez, prestazio hau mutualitateak kudeatu eta ordaintzen du. Hortaz, mutualitateari eskatu behar zaio.

⇒ Prestazio honen kudeaketa eta ordainketa mutualitateari dagokio. Etxeko langileen kasuan, hala ere, gehienetan, enplegatzaileak ez dauka mutualitate bat kontrataturik. Honelakoetan, Gizarte Segurantzak kudeatuko luke, geroxeago ikusiko dugunez.

1. Arriskuaren egiaztagiria

Mutualitateari, lehenbizi, egiaztagiri hau eskatu behar diozu. Honetarako, hurrengo dokumentazio hau beharko duzu:

  • Nortasun agiria
  • Haurdun zaudela ziurtatzen duen mediku txostena (Osakidetza edo Osasunbideko medikuak emana). Bertan gestazio astea eta erditze data azaldu behar dira.
  • Lanpostuko arriskuak egiaztatzen dituen enpresa ziurtagiria. Bertan enpresak azaldu behar du zeintzuk diren zure funtzioak, ze baldintzatan egiten dituzun, zein den zure kategoria eta zein den arrisku espezifikoa.
  • Mutualitatearentzako eskaera-orria.

Dokumentazio hau behin jasota, mutualitateak ebaluatuko ditu eta arriskuen egiaztagiria emango du.

2. Prestazioa eskatu

Mutualitateak arriskua egiaztatu duela, eta ez bada aukerarik egon lanpostua egokitzeko edo lanpostuz aldatzeko, prestazioa eskatu ahal da. Honetarako, besteak beste, honako dokumentazioa atxiki beharko duzu:

  • Prestazioaren eskaera-orria.
  • Kotizazio oinarrien enpresa-egiaztagiria.
  • Lanpostu aldaketa ezinezkoa dela azaltzen duen enpresa-adierazpena
  • 145 eredua, PFEZ atxikipenak kalkulatzeko

Mutualitate bakoitzak bere orriak dauzka eta baliteke, kasuren batean, aparteko dokumentazioa ere eskatzea.

Etxeko langileak

Etxeko langileek ere prestazio hau eskatzeko eskubidea daukate. Ezin dugu ahaztu etxeko lanak ere kalteak ekarri ahal dizkiela amari zein fetuari: garbiketa produktu kaltegarriak, gehiegiko esfortzuak, pisu handiak altxatzea (nagusien zaintzan, besteak beste), denbora luzez zutunik egon behar izatea…

Etxeko langileen kasuan, enplegatzaileek, normalean, ez daukate mutualitate bat kontrataturik eta Gizarte Segurantzaren Institutuak gertakizun guztien ardura hartzen du (izan arruntak, izan profesionalak). Hori dela eta, Gizarte Segurantzari eskatu beharko genioke bai arriskuaren egiaztagiria, bai eta prestazioa ere.

Prozedurak eta atxiki beharreko dokumentuak antzekoak dira. Hemen utziko dizkizuegu horietako gehienak. Dokumentu bakoitzean dagozkion azalpen eta argibideak aurkituko dituzue:

Informazio gehiago eta online tramitatzeko aukera orrialde hauetan: