Etxeko langileen erregimena eta kotizazioak

2018/02/22
2021/02/04an eguneratua

2012an legedia aldatu zen eta zenbait hobekuntza sartu baziren ere (kaleratze kalteordainaz edota kontratu eta kotizazioetaz) etxeko langileen lan egoera prekarioenetakoa da. Etxe barruan lan egiteak, langilearen isolamenduak (langile bakarra da edozer agindu ahal diola uste duen familia oso baten artean), lan ikuskaritzarik ezak eta babesgabeziak zenbait kasutan esklabutzara hurbiltzen diren egoerak sorrarazten ditu, administrazioek beste albo batera begiratzen duten bitartean. Etxeko langile gehien-gehienak emakumezkoak dira eta euretako asko migranteak, gehiegikeriak biderkatzea errazten duena.

2012tik aurrera Etxeko Langileen Erregimena Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartu zen; hala ere, oraindik sistema berezia dauka.

Erregimen orokorrean sartu izanak ekarri zituen berritasunetako batzuk honakoak izan ziren:

– Beti egin behar da kontratua (bertan iraupena, probaldia, jardunaldia eta soldata islatu behar dira, besteak beste).
– Enpleatzaileak kotizazioak ordaindu behar ditu (nahiz eta, beherago azaltzen dugun bezala, zenbait kasutan langilea kudeaketa egin dezakeen enpleatzailearen ordez).
– Kotizazioak beti izango dira langilearen soldataren arabera (eta ez kuota bakar bat).
– Soldata ezin da lanbide arteko gutxienekoa baino baxuagoa izan (2021ean, momentuz, 950€ hilean, 14 pagatan).
– Enpleatzaileak hilabetero nomina bat eman behar dio langileari.

⇒ ADI! Instituzio publiko edo enpresa pribatu batek zein aldi baterako lan enpresa batek (ETT batek) kontratatzen bazaitu etxeko eta zaintza lanak egiteko, ez zinateke talde honetan sartuko, hau da, ez zinateke erregimen berezi honen barruan arituko. Langileen Estatutua, hau da, erregimen orokorra, aplikatu behar dizute.

Artikulu honetan kotizazioak kontatuko dizkizuegu; hala ere, Bizilanen etxeko langileen atalean informazio askoz gehiago topatuko duzu: soldata, jardunaldia, “desistimiento” delakoa, kontratua…

Alta eta kotizazioak:

Etxe batean hilabetean 60 ordu baino gehiagoz lan eginez gero, enpleatzaileak egin behar ditu tramite guztiak. Baina 60 ordu baino gutxiagoz egiten bada, enpleatzaileak edo langileak berak egin dezake tramitazioa, beti ere horretarako akordioa badago. Komenigarria da hau kontratuan edo beste dokumenturen batean islatzea.

Honek ez du esan nahi kotizazioa langilearen kontura denik: enpleatzaileak langileagatik kotizatu behar du, baina langileak diru hori Gizarte Segurantzara helarazteko tramitea egin lezake. Oso garrantzitsua da honelako kasuetan kotizazio diruaren jasotze-agiria izatea.

Kotizazio oinarriak kalkulatzeko hilabeteko soldata hartzen da kontuan. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean behar diren dokumentuak emango dizkigute eta kotizazioa kalkulatuko digute.

2021erako kotizazio ehunekoak:

Kontingentzia edo gertakizun arruntak: %28,30 oro har, hemendik %23,60 enpleatzaileak ordainduko du eta %4,70 langileak.
Kontingentzia edo gertakizun profesionak: enpleatzaileak baino ez ditu ordaintzen. Orotara %1,50 da (ezintasun iraunkor, heriotz eta biziraupena: %0,70; aldi baterako ezintasuna: %0,80).
– Langabezia: ez da kotizatzen, etxeko langileen erregimenean ez dago kobertura hau

Hilabeteko kotizazio oinarriak

Etxeko langileen erregimenean, lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen faltan, soldatarako erreferentzia bakarra lanbidearteko gutxieneko soldata da. Beraz, kotizazio oinarriak ere horri lotuta egoten dira. Lanbidearteko gutxieneko soldata, momentuz, ez denez 2021ean eguneratu, kotizazio oinarriek ere ez dute egin. Jasotzen dugun soldataren arabera, honako hauek izango dira gure kotizazio oinarriak:

TarteaHilabeteko soldata (euroak hilabetean)Hilabeteko kotizazio oinarria
1.240 eurotara arte206
2.241,01 – 375 euro bitartean340
3.375,01 – 510 euro bitartean474
4.510,01 – 645 euro bitartean608
5.645,01 – 780 euro bitartean743
6.780,01 – 914 euro bitartean877
7.914,01 – 1.050 euro bitartean1.050
8.1.050,01 – 1.144 euro bitartean1.097
9.1.144,01 – 1.294 euro bitartean1.232

Izan kontuan hilabeteko soldata kalkulatzeko, aparteko paga edo ordainsarien zati proportzionala ere gehitu behar zaiola. Gogoratu! Urtean aparteko paga bi jasotzeko eskubidea daukazu, edozein langilek bezala!

Adibidez, demagun jardunaldi partzialaz aritzen garela eta hilabetean 650 euro kobratzen ditugula. Honek esan nahi du, 650 euroko aparteko paga bi gehitu beharko genituzkeela (1.300 euro). Hortaz, hilabeteko soldata (orotara) kalkulatzeko, modu bitan egin dezakegu:

a) Aparteko paga biak = 1.300€
Kopuru hau zati 12 hilabete = 180,33€
Hilabeteko soldata (650€) + aparteko pagen zati proportzionala (180,35€) = 758,33€ hilean.

b) 12 hilabete + aparteko paga 2 = 14 ordainsari
650€ X 14 = 9.100€ (urte osoko soldata)
Urte osoko soldata (9.100€) zati 12 hilabete = 758,33€ hilean