PFEZ edo errenta zerga

PFEZ, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, bere izendapenak ondo adierazten duenez, pertsonen errenta zergapetzen du, hau da, urtebetean izan ditugun diru-sarrerak. Adi! pertsona fisikoak zergapetzen ditu, baina ez enpresak. Enpresei aplikatzen zaien sistema ezberdina da. Sozietateen zerga enpresek ordaintzen duten zergarik nagusiena da eta, langileoi aplikatzen zaigun PFEZrekin konparatuta, portzentaje askoz baxuagoetara behartzen du. Gainera, administrazioek enpresei praktikan aplikatzen dieten presio fiskalak ez dio jaisteari uzten.  

Errenta honek aurrezkia eta zenbait ondare higigarri eta higiezin barne hartzen baditu ere (hala nola, zenbait dibidendurengatik edo alokairurengatik jasotzen ditugun diru-sarrerak), batez ere lanaren errendimenduak zergapetzen ditu, izan soldata, izan pentsioa. Esan behar da, gainera, kapital edo aurrezki diru-sarrerek portzentaje txikiagoan tributatzen dutela laneko diru-sarrerek baino.

Laburbilduz, errentaren gaineko zerga lanaren gaineko zerga da ia bere osotasunean.

Bestetik, zerga sistema osoa batez ere PFEZren bitartez finantzatzen da, hau da, langileok finantzatzen dugu: Hegoaldean, enpresek, sozietateen zergaren bitartez, %8 inguru baino ez dute aportatzen; langileok, ordea, errenta aitorpenaren bidez, %37 baino gehiago ordaintzen dugu.

BEZarekin biltzen den kopurua (%38 inguru) PFEZ zergaz biltzen den kopuruaren nahiko parekoa da, baina gogoratu behar dugu kontsumoaren gaineko zergek diru-sarrera txikienak dauzkaten familiak zigortzen dituztela (BEZ berbera ordaintzen dugu ogi barra bat erosteagatik guk eta Amancio Ortegak). Horrexegatik da guztiz erregresiboa, desberdintasunak apaltzen lagundu beharrean, errenten banaketan desberdinkeria areagotzen duelako.

Honela, foru ogasunek biltzen duten 100 euroko, ia 75 euro ordaintzen ditugu langileok PFEZ eta BEZ bitartez; enpresek, ordea, 8 euro baino ez sozietateen zergaren bitartez, enpresa askok mozkin historikoak izaten dituzten bitartean. Gainontzekoa, batez ere zerga berezien bitartez biltzen da: gasolina, elektrizitatea, tabakoa, alkohola… eta kasu honetan ere kontsumoa zergapetzen da eta berdin ordaintzen ditugu zergak gure diru-sarrerak edozein direla ere.

Zerga sistemaren inguruan gehiago eta hobeto daukazu azalduta hurrengo txosten hauetan:

Zer portzentajetan tributatzen da PFEZn?

Eskala baten arabera tributatzen da. Eskala horretan diru-sarrera handiagoak izan dutenek gehiago ordaindu beharko dute. Horregatik esaten da PFEZ zerga progresiboa dela (nahiz eta erreformaz erreforma progresibitate hori galtzen joan den).

Honetarako, diru-sarreren tarteak ezartzen dira, tarte bakoitzari karga-portzentaje –gero eta altuago- bat dagokio: lehen tarteari portzentaje zehatz bat dagokio, tarte horretatik aurrera, hau da, tarte hori gainditzen duen euro bakoitzari portzentaje altuago bat eta horrela tarterik altuenera arte.

Duela pare bat urte kalapita handia zabaldu zuten hainbat youtuber eta abarrek. Zergarik ez ordaintzearren, Andorrara alde egin zuten (Andorran errenta zergagatik, gehienez, %10 ordaintzen da, baina, jakina, ez daukate langabeziagatiko prestazio kontributiborik, ez osasun publikorik ez ezer ere ez) eta, euren diruzalekeria, iruzurra eta elkartasun falta zuritzeko, faltsukeriaz betetako diskurtsoa zabaltzeari ekin zioten. Ez da egia Ogasunak euren diru-sarrera guztien erdia eskuratzen duenik. Esan beharra dago, gainera, presio fiskala, bai Estatukoa, bai Hego Euskal Herrikoa, oso azpitik dagoela, Europako gainontzeko herialdeekin konparatuz gero (aurrerago koadro batean ikusi ahal izango duzue).

Oraintxe esan dugunez, PFEZ zergak tarteka funtzionatzen du, baina ikus dezagun argiago @contextosin twitterreko erabiltzailearen azalpenarekin.

Txiolari honek dioenez…

            “Demagun enpresak soldata izozkietan ordaintzen dizkizula, zenbat eramango luke Ogasunak? Bada, hori izango da segun eta zenbat bola dituzun.
            Lehenbiziko bola osorik utziko du zuretzat, bigarrenari haginkada txikitxo bat emango dio, hirugarrenari haginkada apur bat handiagoa…
            Hortaz, esaten denean PFEZ tarte bat %45ekoa dela, horrek esan nahi al du irabazi guztien %45 eramango duela Ogasunak? Ez, horrek esan nahi du %45 kenduko dizutela bakarrik eta izozkiaren azken bolatik”

PFEZ izozkiekin

Adierazgarria eta erraza ulertzen. Hori bai, izan kontuan txiolari honek Espainian aplikatzen den PFEZ azaltzen ari dela eta adibidean agertzen diren zenbaki eta tarteak Estatuari (eta 2019. urteari) dagozkiola. Segidan ikusiko dugunez, Hegoaldeko lau probintzietan erregimen propioa daukagu eta beste ehuneko batzuk aplikatzen zaizkigu.

Foru erregimen propioa Hego Euskal Herrian

EAEn eta Nafarroan, esan bezala, erregimen fiskal propioa daukagu. Hegoaldeko lau lurralde historikoetako ogasunek ahalmena daukate Estatuko zerga gehienak kobratzeko, kudeatzeko, biltzeko eta ikuskatzeko (gaur egun ia zerga guztiak) eta, era berean, honek esan nahi du gurean ahalmena izan badaukagula fiskalitate justuago bat ezartzeko. Hala ere, presio fiskala baxua baino baxuagoa da: gure atzetik Europa osoan Letonia, Lituania, Bulgaria eta Errumania bezalako herrialdeak baino ez daude. Normala, hasieran ikusi dugunez, ahalmen propio hau enpresek eta kapitalak apenas zergarik ez ordaintzeko erabiltzen baita.

PFEZren funtzionamendua azaltzen duen izozkien lehengo irudian, esan bezala, Estatuko zerga-tarteak erabitzen dira, baina Hegoaldeko probintzietako erregimen propioa dela eta, beste tarte batzuk aplikatzen dira gurean:

Taula hauen arabera laneko diru-sarrerak zergapetzen dira, baina, lehen esan bezala, PFEZk beste diru-sarrera batzuk ere zergapetzen ditu. Honela, 2007tik zerga dual bihurtu zen: aurrezki edo kapital diru-sarrerak, batetik, eta laneko diru-sarrerak, bestetik. Edozelan, PFEZ barruan ere kapital diru-sarrerek gutxiago tributatzen dute laneko diru-sarrerek baino (kapital sarrerek %20-%26 bitartean egiten dute).

Zer dira PFEZren atxikipenak?

Momentura arte ikusi dugu zenbateko zergak ordaindu behar ditugun gure errentagatik. Eta, denok dakigunez, horretarako, urtean behin aitorpena egin behar izaten dugu. Hala ere, errenta aitorpena egiten dugunean, ez dugu urte osoko diru-sarreren gaineko zergak kolpe batez ordaintzen, urte osoan zehar tokatzen zaigunaren hurbilpen bat ordaintzen joan garelako atxikipen bitartez.

Honela, PFEZren atxikipenak, zelanbait esateko, diru-sarrerak jaso heinean Ogasunari egiten dizkiogun aurrerakinak dira, errenta aitorpena egiten dugunean koadratu behar direnak. Honela, askotan behar baino atxikipen gehiago egin dizkigute eta errenta aitorpena egindakoan itzulketa egin behar digu Ogasunak; beste batzuetan atxikipen gutxiago izan ditugu eta aitorpena egindakoan falta duguna ordaindu behar dugu.

Inoren konturako langileen kasuan atxikipen hauek nominaren gainean aplikatzen dira eta autonomoen kasuan, bestetik, fakturetan.

PFEZ atxikipenak ere gure diru-sarreren arabera handiagoak edo txikiagoak izango dira. Honetaz gain, seme-alaba kopurua eta langilearen desgaitasun maila kontuan hartuko dira.

Hemen dauzkazu 2023ko errentaren gaineko atxikipen taulak:

⇒ Desgaitasunen bat daukaten langileei taula orokorra aplikatzen zaie, baina dagokien portzentajeari desgaitasun mailari dagozkion puntuak kendu behar zaizkio. Hau da, demagun EAEko langile batek 26.000 euro irabazten dituela eta ez daukala seme-alabarik, taula orokorrean %13ko atxikipena dagokio, baina %33eko desgaitasun maila daukanez, %13ko atxikipenari 7 puntu kendu behar zaizkio. Beraz, langile honi %6ko atxikipena egingo litzaioke eta ez %13koa.

 

Bestetik, atxikipenak zelan kalkulatu behar diren argiago ikusteko, Gipuzkoako Ogasunaren orrialde honetan badauzkazu pare bat adibide: