Desgaitasunen bat daukaten langileen aldez aurretiko erretiroa
2023/11/06
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 206-bis. artikulua
— 370/2023 Dekretua, 185/2009 Dekretua aldatzen duena
— 1851/2009 Dekretua, %45eko desgaitasun maila daukaten langileen aldez aurretiko erretiroa garatzen duena
— 1539/2003 Dekretua, desgaitasun maila handia daukaten langileen erretirorako erredukzio koefizienteak ezartzen dituena
Desgaitasunen bat daukaten langileentzat ez da sekula batere erraza izan aldez aurretik erretiratu ahal izatea. Ezer baino lehen, salatu behar da oso lagun gutxik daukatela aukera hau, hau da, gainontzeko langileek baino egoera probetxugarriagoetan edo baldintza malguagoetan erretiratzeko aukera, alegia: desgaitasun maila handi samarra eskatzen du legeak eta, gainera, multzo oso bat patologia zehatzak pairatzen dituen lagunetara murriztuta dago. Hortaz, lagun gehienek, aldez aurretik erretiratu nahi izanez gero, baldintza orokorretan egitera behartuta daude.
Araudiak langile hauen arteko bereizketa egiten du: alde batetik, gutxienez %65eko desgaitasun maila aitorturik daukaten langileak eta, bestetik, gutxienez %45eko desgaitasun maila aitorturik daukatenak. Ekainaren 1ean indarrean hasi zen 370/2023 Dekretuak azken hauek bete beharreko baldintzak zertxobait hobetu ditu, baina, hala ere, zailtasunek badiraute.
Aldez aurretiko erretiroa
Lehenengo eta behin, ez ditugu aldez aurretiko erretiroa (“jubilación anticipada”, gazteleraz) eta aurre-erretiroa (“prejubilación”) nahastu behar.
Aurre-erretiroa enpresa eta langilearen arteko akordioa da. Enpresak adineko langileekin konpentsazio ekonomiko bat adosten du (normalean soldataren ehuneko bat izaten da), harik eta erretiro arrunteko adinera heldu arte. Kaleratze kolektiboetan askotan erabiltzen den figura da. Beste batzuetan, enpresa handiek aurre-erretirorako aukera ematen dute, hala nola bankan, energetikoetan, multinazionaletan… Plantilla berrizteko edo gaztetzeko helburuz egiten dutela diote, baina esan barik doa enpresa hauek, honela, lan baldintza hobeagoak dauzkaten langileak kanporatu eta langile berriak hartzen dituztela sarri-askotan baldintza prekarioagoetan.
Aldez aurretiko erretiroa, ordea, Gizarte Segurantzak jasotzen duen figura da. Ohiko jubilazio adinera heldu baino lehen erretiratzeko aukera daukagu, beti ere baldintza batzuk betetzen baditugu. Desgaitasunik ez daukaten langileak, adibidez, urte bi lehenago erretiratu ahal dira, 37 urte eta 9 hilabete kotizaturik badauzkate (2023. urtean).
Desgaitasunen bat daukaten langileek, bestalde, aldez aurretik erretiratzeko honako aukerak dauzkate: %65eko desgaitasun maila daukaten langileek 52 urterekin eta %45eko desgaitasun maila daukatenek 56 urte betetzen dituztenetik. Hori bai, azken kasu honetan %45eko desgaitasun maila patologia zehatz batzuek eragin behar izan dute. Honetaz gain, kotizazio baldintza batzuk ere bete behar dituzte. Hau guztia zehatzago azaltzen joango gara.
Gutxienez %65eko desgaitasun maila duten langileak
Gutxienez %65eko desgaitasun maila daukaten langileei erredukzio koefizienteak aplikatzen zaizkie.
Erredukzio koefizienteak:
– Langileak, gutxienez, %65eko desgaitasun maila badauka: 0,25
– Langileak, gutxienez, %65eko desgaitasun maila badauka eta eguneroko zereginak egiteko beste inoren laguntza beharrezkoa badu: 0,50.
Koefiziente hauek lan egindako denboraren gainean aplikatzen dira. Kasuan kasu kalkulu zehatzak egin behar dira, baina arin eta labur esateko: 0,50eko koefizientea aplikatuz gero, kotizatutako bi urtegatik, urtebete aurreratuko zenuke erretiro adina; 0,25eko koefizientea aplikatuz gero, kotizatutako lau urtegatik, urtebete aurreratuko zenuke.
Erretiro adina: kasu honetan ezin zara erretiratu 52 urte bete baino lehenago.
⇒ ADI! langile autonomoak aukera honetatik kanpo daude eta, hortaz, ezin dute erretiro adina honela aurreratu. Hala ere, hurrengo aukeraz profita daitezke, hau da, %45eko desgaitasun maila egiaztaturik.
Gutxienez %45eko desgaitasun maila duten langileak
Gutxienez %45eko desgaitasun maila duten langileen kasuan honako hau eskatzen da:
– 15 urte kotizatu behar izan duzu gutxienez. Gehiago kotizaturik badaukazu, askoz hobeto pentsioari begira, jakina
– Kotizatutako 15 urtetan geroxeago zerrendatuko ditugun patologiaren bat pairatu behar izan duzu.
– 15 urte horietan zehar, 5 urte, gutxienez, %45eko desgaitasun maila aitorturik izan behar izan duzu.
– Desgaitasuna sorrarazi duten patologietako bat, gutxienez, legeak dakarren zerrendan azaldu behar da.
Hobeto azalduta, bizi laboral osoan zehar, langilea gutxienez 15 urtez egon behar izan da patologia pairatzen. Hala ere, ez da beharrezkoa denbora oso horretan %45eko desgaitasun maila aitorturik izatea, 5 urte nahikoa izango da. Hauxe da 370/2023 Dekretuak ekarri duen berritasun nabarmenetako bat. Momentura arte beharrezkoa zen desgaitasuna 15 urtez aitorturik izatea.
Honek erraztu du aldez aurretiko erretiroa eskatu ahal izatea. Izan ere, baliteke denborak aurrera egin ahala osasun egoera okertzea eta %45eko desgaitasun mailara beranduago heltzea. Gainera, gaur egun askoz ohikoagoa da desgaitasunaren kalifikazioa eskatzea duela zenbait urte baino eta, hortaz, hainbat langilek ez zeukaten modurik 15 urtez egiaztatzeko.
Erretiro adina: kasu honetan ezin zara erretiratu 56 urte bete baino lehenago.
⇒ Erregimen guztietako langileek eska dezakete aldez aurretiko erretiro hau, baita autonomoek ere.
⇒ Patologiak
Esan bezala, legeak zerrendatzen dituen patologia zehatzek eragindako desgaitasuna izan behar da. Edo, desgaitasuna patologia batek baino gehiago eragiten badizu, gutxienez horietako bat zerrenda honetan egon behar da. Patologia oso larriak dira, bizi-itxaropena laburtu egiten dute eta, gainera, ezintasun handiak sortzen dituzte. Hortaz, litekeena da erretiro adinera heldu baino lehen ezintasun iraunkor egoerara pasatu behar izana.
• Desgaitasun intelektuala
• Garun paralisia
• Anomalia genetikoak:
– Down sindromea
– Prader Willi sindromea
– X hauskorra sindromea
– Osteogenesi akastuna
– Akondroplasia
– Fibrosi kistikoa
– Wilsonen gaixotasuna
• Autismoaren espektroko nahasmenak
• Talidomidak eragindako sortzetiko anomalia sekundarioak
• Polioaren ondorioak edo polio osteko sindromea
• Hartutako kalte zerebralak:
– Burezur-garuneko traumatismoa
– Nerbio-sistema zentraleko tumoreen, infekzioen edo intoxikazioen ondorioak
• Gaixotasun mentalak:
– Eskizofrenia
– Nahasmendu bipolarra
• Gaixotasun neurologikoak:
– Alboko esklerosi amiotrofikoa
– Esklerosi anizkoitza
– Leukodistrofiak
– Tourette sindromea
– Orno-muineko lesio traumatikoa
Esan bezala, gutxienez %45eko desgaitasun maila aitortu behar digute. Maila hau izan ditzakegun patologia guztien artean zenbatu edo neurtuko da, baina, edozelan, oraintxe zerrendatutako patologia zehatzek, gutxienez, %33ko desgaitasun maila sorrarazi behar digute. (1851/2009 Dekretuaren 5.3. artikulua).
Azkenik, 370/2023 Dekretuak txertatu duen Laugarren Azken Xedapenaren arabera, patologia berriak gehitzen joango dira aipatutako zerrendara. Gizarte Segurantzaren Ministerioak prozedura hau 2023ko abenduaren 1a baino lehen Desgaitasunaren Kontseiluari aurkeztu beharko dio eta, honen ostean, batzorde teknikoa osatu beharko da. Laburbilduz, seguruenik ez da aldaketa handirik etorriko denbora laburrean.
Kotizazio nahikorik ez badaukazu
Euren desgaitasuna dela eta, lan merkaturatzeko zailtasun bereziak dauzkaten pertsonek Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezi bat sinatzeko aukera daukate. Hitzarmen honek prestazio bi osatzea edo estaltzea dauka helburu: erretiroagatiko pentsioa, batetik, eta heriotza eta biziraupenagatiko pentsioa, bestetik.
Honela, 15 urte kotizaturik ez badauzkazu, hau da, pentsio kontributibo bat jasotzeko kotizatu behar den gutxienekora heltzen ez bazara, Gizarte Segurantzan kotizatzen jarraitu ahal izango duzu: kuota bat ordainduko zenuke hilean, nahiz eta lanean ez egon, eta denbora hori zure bizi laboralera gehituko litzateke.
Hala ere, aukera hau lagun batzuei baino ez zaie aitortzen, edozein desgaitasun izatea, berez, lan merkaturatzeko oztopo benetan handia den arren. Esan bezala, arauak lan merkaturatzeko zailtasun bereziak dauzkaten pertsonak aipatzen ditu eta honelaxe zehazten ditu:
– Garun paralisia, buru gaixotasuna edo desgaitasun intelektuala daukaten pertsonak. Kasu honetan desgaitasun maila, gutxienez, %33koa izan behar da.
– Desgaitasun fisiko edo sentsoriala daukaten pertsonak. Kasu honetan desgaitasun maila, gutxienez, %65ekoa izan behar da.
Hitzarmen honen detaileak 156/2013 Dekretuan edo Gizarte Segurantzaren ORRIALDE HONETAN kontsulta ditzakezu.