Ezintasun iraunkorra aitortzearekin batera, desgaitasun maila ere ematen da?
2020/09/22
Desgaitasun ziurtagiriaren bitartez administrazioak desgaitasun mota eta mailak zehaztu eta aitortzen ditu. Hainbat gradu daude eta, balorazioa egin ostean, zenbateko desgaitasuna daukazun portzentaje batekin adierazten da. Desgaitasun mailak aitortzeko administrazio arduradunak Aldundiak dira.
Desgaitasun gradu edo mailaren arabera, zenbait eskubide eta onura izango dituzu: subentzioak, deskontuak, laguntzak, prestazioak eta abar. Oro har gutxienez %33ko desgaitasuna egiaztatu behar izaten da onura hauek jaso ahal izateko.
Izan ere, desgaitasun mailak aitortzearen helburua da desgaitasunak sorrarazten dituen desabantaila sozialak zelanbait konpentsatzea eta aukera berdintasunean laguntzea (honekin ez dugu esan nahi konpentsazio hau nahikoa den edo modu egoki eta eraginkorrean egiten den).
Gizarte Segurantzak ezintasun iraunkorra (erabatekoa, absolutua edo baliazeintasun handia) aitortzen duenean, besteak beste, pentsio bat jasotzeko eskubidea eskuratzen da. Ezintasun iraunkorraren inguruko guztia ondoko artikulu honetan kontsulta dezakezu:
Oraintsu arte, pertsona bati ezintasun iraunkorra aitortzen zitzaionean, egoera hau %33eko desgaitasun mailarekin homologatu ohi zitzaion, eragin guztietarako.
Hala ere, Auzitegi Gorenak hainbat epai eman zituen 2018an homologazio hau ezeztatzen dutenak eta 2020an dotrina horretan berretsi eta bateratu egin du. Beraz, ezintasun iraunkorra (erabatekoa, absolutua edo baliaezintasun handia) aitortzen denean, honek ez du honezkero eskubiderik ematen %33eko desgaitasun maila ere automatikoki airtortua izateko eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen inguruko Lege Orokorrak aitortzen dituen eskubide guztietarako. Dotrina berriak araudi biak bereziten ditu: Desgaitasuna duten pertsonen babeserako araudia eta enpleguarekin lotuta dagoen Gizarte Segurantzaren araudia.
Jakina, honek ez du esan nahi, gutxienez, %33eko desgaitasunik aitortuko ez dizutenik, zure egoeraren arabera. Kontua da ez dizutela automatikoki emango eta desgaitasun ziurtagiria lortu ahal izateko, balorazioa egiteko eskatu egin beharko duzu.
Desgaitasun ziurtagiriaren inguruko artikuluan azaltzen dugun bezala, Aldundian edo zure udaleko Oinarrizko Zerbitzu Sozialetan eskaera egin beharko duzu. Gogoratu hainbat onura izan ditzakezula, hala nola, hobari fiskalak PFEZen, murrizketak udal zergetan, etxeko oztopo fisikoak ezabatzeko diru-laguntzak, BEZ murriztua autoa erosteko e.a.