Nora jo aparkamendu txartela eskatzeko?
Mugikortasuna murriztuta daukaten eta gutxienez %33ko desgaitasun maila daukaten lagunek eurentzat gordeta dauden aparkalekuak erabil ditzakete. Honetarako, aparkamendu txartela eskuratu behar duzu. Europa eta Estatu mailako araudia egon arren, erkidego bakoitzak irizpide edo xedapen zehatzak dauzka ezarrita. Edozelan, hau kudeatzeko arduradunak udalak direnez, bakoitzak bere ordenantza propioa dauka. Hemen kontzeptu orokor batzuk emango dizkizugu, baina, esan bezala, udaletik udalera alde txikiak egon daitezke.
Nork eska dezake?
– %33ko desgaitasun maila eta mugikortasun murriztua egiaztaturik daukaten lagun guztiek.
– EAEn, desgaitasuna egiaztaturik izateaz gain, 0,1 edo gutxiagoko ikusmen agudezia daukatenek edo ikuseremua 10 gradutara murriztuta daukatenek.
Non eskatu behar da?
Esan bezala, udal bakoitzak kudeatzen du. Beraz, udalean eskatu beharko duzu.
Ze dokumentazio behar da?
Udalean bertan zehaztapenak emango dizkizute, baina hauexek dira, oro har, eskatzen diren dokumentuak:
– Identifikazio dokumentuaren fotokopia (NAN edo TIE)
– Udalak emango dizun eskaera orria
– Desgaitasun ziurtagiria
– Ibilgailuaren zirkulazio baimena
Beste zehaztapen batzuk
• Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako aparkalekuak erabil ditzakezu (beren-beregi seinalizaturik dauden tokietan alegia), baina, honetaz gain, hainbat udaletan posible izango duzu zama lanetarako gordetako tokietan ere aparkatzea. Txartela ateratzean, galdetu zure udalean aukera hori ote daukazun.
• Zure etxeko edo lantokiko kalean bertan plaza bat eska zenezake. Kasu horretan, udalak zure matrikularekin markatu eta seinalizatu beharko du aparkaleku hori.
• Ez da beharrezkoa zu gidaria izatea. Esan nahi baita, zure erabilpen pertsonalerako txartela da, baina ez duzu zertan zuk gidatu. Hau dela eta, txartel bakoitzerako matrikula zenbaki bi eman daitezke.
• Aparkamendu txartela baliogarria da Estatu osoan eta Europan.