Autonomoak eta pluriaktibitatea edo jarduera aniztasuna

2020/06/24

Gizarte Segurantzak honelaxe definitzen du jarduera aniztasuna: norberaren edo inoren kontura aritzen den langilea eta erregimen bi edo gehiagotan alta emanda dagoena.

Hau da, ez dugu jarduera aniztasuna (pluriactividad) eta enplegu aniztasuna (pluriempleo) nahastu behar. Enplegu aniztasunean, inoren kontura ari gara lanean, baina enpleatzaile bat baino gehiagorentzat -eta, hortaz, erregimen orokorrean baino ez dugu kotizatzen. Jarduera aniztasunean inoren kontura (soldatapeko moduan) eta norberaren kontura (autonomo moduan) aritzen gara aldi berean –eta, hortaz, erregimen bietan kotizatu behar dugu.

Beraz, autonomoa bazara, bateragarria izango litzateke soldatapeko lan batean hastea. Ez litzateke beharrezkoa izango zure negozioa edo jarduera albo batera uztea.

Kotizazioak erregimen bietan

Pluriaktibitatea Kotizazioaren inguruko Araudi Orokorraren 9. artikulan dago aratuta.

Esan bezala, pluriaktibitatea onartuta dago, baina beti ere jarduera bakoitzagatik kotizatu beharko dugu, dagokion erregimenean. Inoren kontura: nominatik erretenituko digute; geure kontura: aukeratzen dugun oinarriagatik kotizatuko dugu.

Gizarte Segurantzaren erregimen bitan alta emanda zaudenez eta bietan kotizatzen duzunez, prestazioak ere, baldintzak betez gero, bi izango dira, adibidez, gaixotzen bazara, gurasotasun prestazioetarako edo erretiro pentsiorako.

Honela, aldi baterako ezintasunagatik kotizatzea derrigorra da autonomoetan alta ematen duzunean. Hala ere, pluriaktibitatean bazaude, aukerazkoa izango litzateke autonomoetan kontzeptu honengatik kotizatzea, beste erregimenean jadanik egiten ari zarelako eta, gaixotasun edo istripurik izanez gero, estalita egongo zinateke.

Honek merezi al dizu? Erregimen bietan kotizatuz gero, aldi baterako ezintasun kasuetan prestazio bi jasoko zenituzke. Autonomoetako kotizazioa %30,3 da 2020rako; aldi baterako ezintasunagatik ez kotizatzea erabakiz gero, %3,5 baino ez zenuke kuotan aurreratuko. Baina, istripu edo gaixotasunik izanez gero, prestazio bakarra jasoko zenuke.

Hobariak edo bonifikazioak pluriaktibitatean dauden autonomo berrientzat

Hobari hauetarako, lehenengoz inoren kontura kontratatuta egon behar zara eta, gerora, autonomoetan alta eman. Autonomoa bazara eta inoren kontura lanean hasiz gero, ezingo zenuke honelako bonifikaziorik aprobetxatu.

Autonomen gutxieneko kotizazio oinarria murriztu ahal duzu. Murriztapenak ezberdinak izango dira jardunaldi osoz edo jardunaldi partzialaz arituz gero (inoren konturako jardunaldia, jakina).

Jardunaldi osoz ari bazara:
            — Lehen 18 hilabeteetan: kotizaziorako gutxieneko oinarria %50era murriztu ahal duzu. 2020ko gutxieneko oinarria (harik eta Aurrekontu Orokorrak onartu arte) 944,40€ dira eta, hortaz, 472,20 eurotan geratuko litzateke oinarria. Adi! ez gara kuota hitz egiten ari, kotizazio oinarriaz baino.
            — Hurrengo 18 hilabeteetan: gutxieneko kotizazio oinarria %75era murriztu. Beraz, 708,30 eurotan geratuko litzateke oinarria.

Jardunaldi partzialaz ari bazara (jardunaldia %50 baino altuagoa izan behar da):
           — Lehen 18 hilabeteetan: gutxieneko kotizazio oinarria %75era murriztu (798,30€).
           — Hurrengo 18 hilabeteetan: gutxieneko kotizazio oinarria %85era murriztu (802,74€)

Bonifikazio hauek autonomoetan alta ematen duzunean eskatu behar dira. Hala ere, seguruenik, tarifa laua erabiltzea hobeto etorriko zaizu.

Tarifa laua

Autonomoetan alta eman berri duzunez, tarifa laua eska zenezake. Hau autonomo guztientzat da, pluriaktibitatean egon ala ez. Begirada bat bota ahal diozu tarifa lauaz aritzen den hurrengo artikuluari:

Artikulu horretan azaltzen dugunez, tarifa lauarekin, lehen 12 hilabeteetan 60 euro baino ez dira ordaintzen kuotan. Hurrengo 6 hilabeteetan gutxieneko kuota %50 murrizten da eta, azkenik, beste 6 hilabete gehiago eman ahal dituzu %30eko murriztapenarekin.

Kuota murriztua da kasu honetan eta ez kotizazio oinarri murriztua. Hau garrantzitsua da, zeren eta kuota murriztua izan arren, honek ez du esan nahi oinarri txikiago batengatik kotizatzen duzunik. Kuota bonifikatzen da, baina gutxieneko oinarri osoagatik kotizatzen duzu. Lehen ikusi ditugun bonifikazioekin, ordea, oinarria murrizten duzu eta, hortaz, prestazioak kalkulatzeko orduan honek eragina izango du (prestazio txikiagoak izango dituzu eta).

Kotizazio bikoitzagatiko itzulketak

Pluriaktibitatean dauden autonomoei, urtean kontingentzia arruntengatik gehiegizko kotizazioak egiten badituzte, gainezkatu duten kopuruaren %50 itzuliko zaie. Kopuru hau Aurrekontu Orokorretan onartzen da eta, oraindik aurrekontu berririk ez dagoenez, 2019ko zenbatekoa emango dizuegu: 13.822,06€.

Esan bezala, kontingentzia arruntengatik egindako kotizazioak hartuko dira kontuan eta, hauen barruan, autonomoen erregimenean kotizatutakoa, zein inoren kontura kotizatutakoa. Azken honetan zenbatzen dira langileak kotizatu duena zein enpresak langileagatik kotizatu duena. Itzulketaren topea dira autonomoetan ordaindutako kuoten %50a.

Lehen, autonomoak eskatu behar zuen itzulketa hau, baina 2017ko Lan Autonomoaren Premiazko Erreformen Legeak hau aldatu zuen. Ordutik aurrera Gizarte Segurantzak itzultzen du ofizioz.

Pluriaktibitatea eta pentsioak

Lehen apuntatu dugun bezala, erregimen bitan kotizatzen ari zarenez, erregimen bietako prestazioak jasotzeko eskubidea izango duzu, baldin eta baldintzak betetzen badituzu.

Honela, esate baterako, edoskitzaroko edo haurdunaldiko arriskuagatiko prestazio bi onartuko zazikizu, baldin eta jarduera bietan arrisku hori gertatzen bada; bestela, arriskua dagoen lanagatiko prestazioa baino ez duzu jasoko (inoren konturakoan edo zeure konturakoan).

Baina, zer gertatzen da pentsioekin erregimen bitan kotizatu ostean?

Kasu honetan ere pentsio bi jasotzeko eskubidea izango duzu baldintza guztiak betetzen badituzu. Hala ere, demagun erregimenen batean ez dituzula gutxieneko kotizazioak betetzen, hau da, behar baino urte gutxiagotan egon zarela, adibidez, autonomo moduan kotizatzen. Kasu horretan kotizazio horiek ez liratezke galduko. Kotizazio oinarriak beste erregimeneko kotizazioekin pilatuko liratezke oinarri erregulatzailea kalkulatzeko.

Honela, enpresa batean 30 urtez aritu bazara, baina pluriaktibitatean 10 urtez baino ez bazara aritu, autonomo moduan ez zenuke eskubiderik izango pentsioa jasotzeko, baina bai soldatapeko moduan. Autonomoetan egindako 10 urte horietako kotizazioak gehituko liratezke soldatapeko moduan jasoko duzun pentsioaren oinarri erregulatzailea kalkulatzeko.