Tarifa laua

Autonomoen kotizazioak

Autonomoentzako kotizazio oinarriak (gutxienekoak eta gehienekoak) eta, hortaz, oinarri bakoitzaren arabera kotizatu behar den diru kopurua, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan ezartzen da, normalean. Aurrekontuen faltan, 2019rako kopuruak Lege-Dekretuz ezarri ziren 2018ko abenduan (28/2018 Lege-Dekretua). Honela, gutxieneko kotizazio oinarria 1,25% handitu da (944,40 euro 2019. urterako); gehienekoa 4.070,10 euro izango litzateke.

Igoera honen atzean zera dago, lehen hautazkoak ziren hainbat kotizazio derrigorrak izatera pasatu direla. Kotizazio hauek dira kontingentzia profesionalak, etengabeko prestakuntza eta jarduera amaiera. Lehen autonomoen gehiengo oso handi batek kontingentzia arruntak baino ez zituen kotizatzen.

Kotizazio tipoak edo ehunekoak, kontzeptu guztiengatik kotizatzea derrigorra denez, batu egin dira. Autonomo guztiek %30 kotizatu behar dute 2019an. Ehuneko hau igotzen joango da urtez urte: 2020. urtean, %30,30; 2021ean %30,60, eta 2022an %31 izango da.

Gutxieneko kuota, hortaz, 283,30 euro dira 2019an:

Gutxieneko kotizazio oinarria: 944,40
Kotizazio tipoa: %30
                  ⇓
Gutxieneko kuota: 283,30 euro hilean

Tarifa lauaren nondik-norakoak

Espainiako gobernuak langileak autonomo egitera bultzatu izan ditu azken urteotan, batez ere langabezia datuak jaistearren. Honetarako martxan ipini zituen neurrien artean, tarifa laua deitu izan dena daukagu. Neurri hau 2013an hasi zen indarrean.

2019an tarifa hau handitu da, baita denboran luzatu ere: lehen tarifa lauaz 50 euro ordaintzen ziren lehen sei hilabeteetan; orain 60 euro dira urtebetean.

Honela, aurreko atalean ikusi dugunez, gutxieneko kuota 283,30 euro badira ere, tarifa lauaz lehenbiziko urtean askoz gutxiago ordainduko genuke eta, hortik aurrera, murriztapenak aplikatuko litzaizkiguke:

Lehen 12 hilabeteetan: 60 euro, gutxieneko kuota aukeratzen bada. Kuota altuago bat aukeratzen baduzu, %80ko murriztapena aplikatuko litzaioke.
13. hilabetetik 18. hilabetera: %50eko murriztapena. Gutxieneko kuota aukeratu baduzu, 141,65 euro ordainduko zenituzke.
19. hilabetetik 24. hilabetera: %30eko murriztapena. Gutxieneko kuota aukeratu baduzu, 198,31 euro ordainduko zenituzke.
25. hilabetetik 36. hilabetera: %30eko murriztapena. 12 hilabeteko azken bonifikazio hau 30 urtetik beherako gizonentzat eta 35 urtetik beherako emakumeentzat baino ez da.

Tarifa laua eskatzeko baldintzak:

• Lehenbiziko aldiz autonomoetan izena eman dutenek eskatu dezakete. Bestela, autonomoetan aurretiaz egon bazara, gutxienez bi urte lehenago izan behar izan da.
• Aldez aurretik autonomoa izan bazara eta bonifikazio hau erabili baduzu, hiru urte pasatu behar dira berriro eskatu arte.

Legeak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren esku uzten du eskaeren inguruan erabakitzea. Eta praktikan beste irizpide batzuk ere izaten dituzte kontuan:

• Autonomoa izan arren, sozietate bateko partaidea bazara (esaterako, hiru lagunen artean S.L. bat eratu baduzue), zehatzago esateko, autonomo sozietarioa bazara, seguruenik ezetza emango dizute, nahiz eta legeak ez esan ezer honen inguruan. Tarifa laua aplikatzea lortu duten autonomo sozietarioek epaitegietara jo ostean egin dute.

• Autonomo kolaboratzailea bazara ere ezin duzu eskatu (autonomo kolaboratzaileak dira langile autonomoaren senideak, eurak ere autonomo moduan aritzen direnak). Hala ere, bestelako bonifikazio batzuk eska ditzakete.


Kontuz! Tarifa lauaz profitatu bitartean ez da exigituko jardunaldi amaieragatik kotizatzea. Kasu honetan kontingentzia arrunt eta profesionalengatik baino ez zenuke kotizatuko (51,50 euro kontingentzia arruntengatik, 8,50 kontingentzia profesionalengatik). Jardunaldi amaiera kanpo geratzen bada, “langabezia prestazioa” eskatzeko aukera izateko ere ez zenuke kotizatuko urte hauetan zehar.

Tarifa laua amaituta kotizazio guztietara derrigorturik egongo zinateke.