Lanbide heziketa duala

2021/10/14an eguneratuta

• Administrazioek lanbide heziketa dualari sekulako bultzada eman diote. Gazteak lan munduratzeko eta esperientzia jasotzeko bidea dela saltzen digute. Hala ere, patronalaren aspaldiko eskaera da hau, hiru urtez langileak ia edo guztiz doan izan ahal dituztelako plantilan, lanean jarraitzeko batere konpromiso barik. Eusko Jaurlaritzak Confebaskekin eta Nafarroako Gobernuak CENekin sinatutako akordioen helburua gero eta gazte gehiago enpresetara bidaltzean datza, alde batetik gazteen langabezia datuak apaltzeko eta, bestetik, enpresek langile merkeak lor ditzaten.

Ikasleek enpresetan tutorea izan behar dutela esatearekin nahikoa daukate, baina ez dago figura honen gaineko inolako kontrolik, ezta formatu behar omen duten horien formakuntzarik ere. Enpresen eta ikasketa zentroen arteko lotura eta komunikazio bideak ere ez dira zaintzen eta, hortaz, irakasleek askotan ez daukate apenas informaziorik ikasleen egoeraz eta “ikasten” duten horretaz. Honen emaitza zuzena: enpresek ikasleak erabil ditzakete momentuko premiak, lanpostuak eta funtzioak betetzeko, hau da, komodin moduan erabiltzeko, jaso behar duten prestakuntzaz batere arduratu barik. Oso esanguraguratsua da, esaterako, EAEko enpresei egindako galdeketa batean ia %100ak (%98,8ak) ikasleak “oso produktiboak eta erabilgarriak” izan direla erantzun izana, “produktibo eta erabilgarriak”… enpresek formakuntzaz daukaten arduraren erakusgarria.

• Lanbide heziketa duala bitara egin daiteke:

– Enpresak prestakuntza eta ikasketa kontratua egitea ikasleari.
– Enpresak beka bat ematea ikasleari. Enpresen esku uzten da, ez daude beka bat ordaintzera beharturik.

Erkidegoek kudeatzen dute lanbide heziketa duala.

EAEn, esaterako, lehen aukera hobesten da; gogoratu, enpresak kontratua egin arren, ziurrenik gutxieneko lanbidearteko soldataren %75 edo %85 baino ez digutela ordainduko. 2021eko irailetik aurrera lanbidearteko gutxieneko soldata 965€ direnez (14 ordainsaritan), 723,50€ edo 820,25€ izango lirateke. Ordainketa exkax honetaz gain eta enpresek jasotzen dituzten hobari fiskalez gain, Eusko Jaurlaritzak ikasle bakoitzeko 2.000 euro ordaintzen dizkio enpresari urtean. edozelan, izan kontuan kasu honetan harreman laborala egon badagoela.

Nafarroan beka sistema hobesten da. Kasu honetan ez dago lan harremanik, baina gogoratu enpresak gugatik bai kotizatu behar duela, bekarik ordainduz gero (Nafarroan “beka” sistema aukeratzen duten enpresen %20k ez dute inolako diru ordainik ematen, ezta dieta moduan ere).