Praktika profesionala lortzeko prestakuntza kontratuak
ordezkatuko du 2022ko martxoaren 30etik aurrera

ADI!

Praktika kontratua

Nori dago zuzenduta?

– Berez, praktika kontratua batez ere gazteei egiten bazaizkie ere, ez dauka adin murriztapenik. Hau da, edonori egin dakioke, bere adina edozein dela ere.

– Titulazioren bat eduki behar da (prestakuntza eta ikasketa kontratuarekin ez bezala): unibertsitatekoa, lanbide heziketakoa, lanbide ziurtagiriak, e.a.

– Titulua jaso eta hurrengo bost urteetan egin behar da kontratu hau. Epea 7 urteetakoa da langileak desgaitasunen bat baleuko. 30 urte baino gazteagoak direnen kasuan ez dira epe hauek aplikatzen.

– Betetzen den lanpostuak zerikusia izan behar du langilearen titulazioarekin

Iraupena

Praktika kontratuaz 6 hilabetetik 2 urtetara egon ahal da. Ezin dira bi urteak gainditu enpresa berean edo beste batean titulazio berberagatik edo enpresa berean lanpostu bera betetzeko, nahiz eta titulazio ezberdinak alegatu.

Jardunaldia

Jardunaldi osoz edo jardunaldi partzialaz

Soldata

Hitzarmen kolektiboak ezartzen duena izango da. Hitzarmenean ez bada ezer azaltzen, lanpostu horri dagokion soldataren %60 lehenbiziko urtean eta %75 bigarrenean izango da gutxienez. Beti ere lanbidearteko gutxieneko soldata kobratu beharko da gutxienez.

Bestelakoak

– Gizarte Segurantzan alta eman behar digute eta beharrezkoa da kotizatzea, langabeziarako, besteak beste. Hortaz, kontratua amaitzen denean nahiko kotizazioa baldin badaukagu, langabezia prestazioa eskatu ahal izango genuke.

– Ez nahastu praktika kontratua eta prestakuntza eta ikasketa kontratua, ezta praktika kontratua eta ikasketa praktikak. Zenbaitetan derrigorrez egin behar ditugu praktikak ikasketa amaieran. Hauek ez daukate izaera laboralik eta ezagupen teorikoak osatzeko helburua daukate.

– Praktika kontratua amaitzen denean, enpresak ziurtagiri bat eman behar digu. Bertan, praktiken iraupena, burututako funtzioak eta bete ditugun lanpostuak azaldu behar dira

Enpresen neurrira

Prestakuntza eta ikasketa kontratuekin bezala, kasu honetan ere enpresek hobari eta kotizazio murrizketa anitz dauzkate. 30 urtetik beherako gazte bat kontratatzeagatik kontingentzia arrunten kotizaziotik %50 murrizten zaie eta hau %75era heltzen da jadanik ikasketa praktikak egiten ari zen gazteari praktika kontratua eginez gero. Berriro ere, langileentzat eskubide gutxiago eta enpresarioentzat elusio fiskal gehiago.

Prestakuntza eta ikasketa kontratuetan bezala, langileari kontratua amaitu ostean kontratu mugagabea egiten bazaio, hobari fiskal handiak jaso ditzake enpresak. Hala ere, kasu bietan, ohikoena da langileari kontratu mugagaberik ez egitea, askoz merkeagoa baita aldiro langile berri bat kontratatzea. Hortaz, kontratu hauek daukaten balizko xedea, gazteak lan mundura sartzea, prekarietatearen gurpil zoro beltz bihurtzen dira, enpresek betebeharrik ez daukaten heinean.

Azken gomendio batzuk:

– Kontratua idatziz egin behar da. Eredua hemen.

– Kontratuan argi adierazi behar da ze titulaziogatik egiten den, jardunaldi osoa edo partziala izango den, kontratuaren iraupena, ze lanpostutarako den…

– Baldintzaren bat ez bada betetzen, horrek kontratua deuseztatu eta kontratu mugagabea egitera behartu lezake.