Unibertsitateko prestakuntza dualerako kontratua
2021/01/28
2021erako Aurrekontu Orokorren Legearen 36. azken xedapena
Langileen Estatutuaren 11.3 artikulua
2021erako Aurrekontu Orokorren Legeak, bere 36. azken xedapenean, prestakuntza kontratu berri bat ekarri du. Hau Langileen Estatutuan islatu da, 11.3. artikuluan. Izan ere, artikulu horretan prestakuntza kontratuak arautzen dira: praktika kontratua (11.1) eta prestakuntza eta ikasketa kontratua (11.2.). Bi kontratu hauek izan dira momentura arte existitzen ziren prestakuntza kontratu bakarrak. Orain, beraz, hirugarren bat sartu da jokoan.
Izan kontuan, hauetaz gain, bekarioen figura ere badaukagula, gazteak kontratatzeko edo, hobeto esanda, ez kontratatzeko, baina lanean doan edo oso merke eduki ahal izateko. Adi! ez nahastu praktika kontratua enpresa batean kurrikulum barruko edo kanpoko praktikak egitearekin edo bekario moduan egotearekin. Azken hauetan ez daukagu kontratu baten babesik, abusuzko jokabideak baino. Honela, oso ohikoa da, esaterako, udan honelako eskaintzak ateratzea, besteak beste, banka edo prentsa moduko sektoreetan, plantilako langileen oporrak gazteek doan ordezka ditzaten.
Bada, badirudi unibertsitateko prestakuntza dualerako kontratua bekarioen harira datorrela, hau da, abusuzko lan harreman horiek (edo horietako batzuk) zelan edo halan arautzera. Baina, jakina, kontratu berri bat sortze hutsak, ez badago ikuskaritzarik eta praktikak babes juridiko-laboralik gabe egitea baimendurik jarraitzen badu, ez da ezeren konponbidea. Are gutxiago, kontratu prekarioa bada sortzen dutena.
Ikusteko dago kontratu berri honen nondik-norako zehatzak zeintzuk izango diren, Estatutuan gehitu bada ere, bere araudia oraindik garatzekotan baitago.
Momentura arte dakiguna:
• Unibertsitateak eta “erakude kolaboratzaileak” lankidetza hitzarmena sinatuko dute. Kontratua marko horretan gauzatu beharko da. Beraz, unibertsitateak ikuskatu beharko lituzke kontratu horiek edo, ikuskatzen ez baditu ere, behintzat, jakinaren gainean egon beharko da. Esan nahi baita, enpresa batek ezingo ligukela honelako kontraturik eskaini bere kabuz eta unibertsitatearekin hitzartu gabe.
• Ikasketak eta lana uztartuko direla dio eta enpresak ere prestakuntza eman beharko duela. Ikusteko dago zelan egituratuko den hau. Prestakuntza eta lana alternantzia erregimenean izango dela besterik ez dakar.
• Enpresak ematen duen prestakuntza zelan finantziatu eta langileak ze soldata izango duen ere badagoela arautzeko dio Legeak:
– Enpresak, hortaz, finantziaturik egongo dira guri horrelako kontratu bat egiteagatik. Suposa dezakegu kotizazio sozialetatik salbuetsita egongo direla (hau da, enpresak ez dituela ordainduko dagozkion kotizazio sozialak eta langile guztion artean ordainduko ditugula) eta baliteke, enpresak prestakuntza ematen omen digunez, subentzioren bat ere jasotzea.
– Soldata: hitzarmenak ezartzen duenaren arabera kobratu beharko genuke, baina hau ere ikusteko dago. Edozelan, ezin izango da lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoa izan.
Bestetik, lan efektiboa baino ez genuke jasoko. Honela, jardunaldiaren %75 lanean egingo bagenu eta gainontzeko %25 prestakuntzan, lan efektiboko %75 baino ez genuke kobratuko.
Laburbilduz, negozio ona enpresarako: soldata txikiagoa ordainduko liguke, seguruenik ez luke gugatik kotizazio sozialik ordainduko eta, gainera, baliteke egiten duen kontratu bakoitzagatik enpresak subentzioren bat jasotzea. Gainera, “prestakuntzarako” beste kontratuetan bezala, enpresek langile horiek gerora plantilan kontratazeko konpromisorik ez da egongo, askoz onuragarriago izango zaielako beste ikasle bat egoera berean hartzea.
Hasieran esan bezala, prestakuntzarako beste kontratu bi existitzen dira honezkero:
– Praktika kontratua
Praktika kontratua titulazioa daukan jendeari egin behar zaio. Gehienetan gazteei egiten bazaie ere, ez dauka adin mugapenik. Hori bai, titulua atera eta hurrengo bost urteetan egin behar da derrigor.
– Prestakuntza eta ikasketa kontratua
Prestakuntza eta ikasketa kontratua lanpostu horretarako titulaziorik ez daukatenei begirakoa da. Suposatzen da prestakuntza praktiko eta teorikoa jaso behar dugula. Prestakuntza teorikoa enpresak berak eman behar digu edo, bestela ikasketa zentroan jaso behar dugu.
Kontratu mota honek lanbide heziketa dualarekin lotura dauka eta, beraz, badirudi orain, kontratu berri honekin unibertsitatean ari diren ikasleentzat antzeko kontratu prekario bat sortu nahi omen dutela. Kontratu prekarioa diogu enpresek lanpostuak merkeago betetzeko erabili ohi dituztelako, prestakuntzari kasu handirik egin barik edo langilea ikasketekin zerikusi handirik ez daukaten funtzioetarako erabilita.
Hau da, enpresek langile merkeagoak lortu ahal izango dituzte unibertsitateari eskatze hutsarekin. Eta ikusteko dago ze nolako kontrola egingo den unibertsitateetatik abusuak ekiditeko.
⇒ Azken iruzkin bat: Bolonia prozesutik hona (derrigorrezko presentzialitatearekin, ECTS kredituekin eta abarrekin) ikasketa unibertsitarioak egin bitartean lan egin ahal izatea galarazi ziguten praktikan eta, hortaz, ikasketak ordaindu ezin zituzten hainbat eta hainbat lagun unibertsitatetik kanpo utzi zituzten. Orain, kontratu berezi bat sortu dute ikasi bitartean lan egin dezagun, hori bai, kontratu arrunt batekin baino egoera askoz kaskarrago batean guretzat eta askoz onuragarriagoan enpresentzat.