Alokairuei begirako neurriak

2020/04/03

Apirilaren 1ean (11/2020 Dekretua) argitaratu ziren, azkenik, alokairuan bizi diren lagunei begirako hainbat neurri. Gero ikusiko dugunez, neurri hauek, alokairuan bizi diren lagunen mesedetan baino, arrendatzaileen diru-sarrerak bermatzera datoz batez ere. Honela, hainbat eta hainbat maizterri ematen zaien balizko irtenbide bakarra zorpetzea da, etxebizitzen espekulazioarekin aberasten ari diren arrendatzaileek diru iturri hori etenda ikus ez dezaten.

Gobernuak arrendatzaileak babestu beharra azaldu du eta, honetarako errealitatearekin bat ez datorren arrendatzaile mota bat saldu digu: jende nagusia piso bat alokatzen duena eta horrekin bere diru sarrera eskasak osatzen dituena. Baina datuek hau gezurtatzeaz gain (kasuren bat egon daitekeen arren, hau ez da ohikoena), eurek ere ez dute buruan izan legea egiterakoan. Honela, esaterako, gobernuarentzat jabe handiak 10 etxebizitza baino gehiago dituztenak omen dira. Beraz, 9 edo 10 pisu alokatzen duen norbait ez litzateke multzo horretan sartuko eta, akaso, ba al dago hilabete amaierara heltzen ez den pentsionistarik, baina 10 etxebizitzaren jabe dena?

Edozelan, badauzkazue hemen onartu eta argitaratu ziren neurriak:

Etxegabetze prozedurak etenda

11/2020 Dekretua, 1. artikulua
Etxegabetzeen prozedurak eten dira egoera ekonomiko kalteberan dauden eta beste bizileku alternatiborik ez daukaten familientzat. Alarma egoera behin amaituta, prozedurari ekingo zaio berriro, hala ere.

Alokairuan bizi diren lagunen kasuan aparteko etenaldi bat ezarri ahal izango da. Etenaldi honen iraupena 6 hilabetekoa izango litzateke, gehienez. Baina, ADI! apirilaren 2tik aurrera hasiko litzateke zenbatzen epe hau.

Etenaldi hau eskatzeko:
Epaitegian idatzi bat aurkeztu behar da, covid-19aren eraginez, kalteberatasun ekonomikoan zaudela azaltzeko. Idatzi honekin batera dokumentazioa ere atxiki beharko duzu. Geroxeago ikusiko dugu kalteberatasun ekonomikoari buruzko guztia.
Epaitegiak zerbitzu sozialei jakinarazi beharko die, esku har dezaten. Zerbitzu sozialek, euren aldetik, txostena osatuko dute.
– Esan dugunez, etxegabetzearen etendura, gehienez, 6 hilabetez luzatuko da. Hau da, urriaren 2ra arte.

Errentaren ordainketa atzeratzea

Neurriak ezberdinak dira segun eta nor den arrendatzailea:
            – Arrendatzailea norbanako partikularra denean
            – Arrendatzailea enpresa edo erakunde publikoa zein jabe handia denean

Lehen esan bezala, norbanakoak jabe handiak dira, 10 etxebizitza baino gehiago badauzkate; hortaz, norbanako partikularrak, gobernuarentzat, 10 etxebizitzaren jabe ere izan daitezke eta, hala ere, ez liratezke jabe handitzat hartuko (!).

Arrendatzailea pertsona partikularra bada:

11/2020 Dekretuaren 8. artikulua
1. Legeak akordioetara heltzeko deia egiten du, errentaren ordainketa atzeratzeko edo barkatzeko.

Akordiorik ez balego. Maizterrak errentaren atzerapena eska diezaioke arrendatzaileari. Zorra atzeratzeko edo zatika ordintzeko baldintzak azaldu behar dizkiozu bertan. Hau egiteko epea: 7 lanegunetan jakinarazi behar diozu arrendatzaileari. Atzerapenak eskatu ahal izango dira maiatzaren 2ra arte.

Arrendatzailea ez dago eskaera hau onartzera beharturik. Beraz neurri hau (benetako neurria ez dena, ez baitu ezertara behartzen) arrendatzailearen nahi edo interesen menpe geratzen da.

2. Ez bagenu ezer lortuko, finantziaziorako bide batzuk ezarri dira. Honelakoetarako ere kalteberatasun ekonomiko egoera egiaztatu beharko genuke (9. eta 10. artikuluak):

Bankuari kreditua eskatu. Itzultzeko epea: 6 urte (4 urte gehiagoz luza daitekeena). Interesik gabeko kreditua izango litzateke eta bankuak ezin digu honengatik gasturik kobratu. Gehienez, 6 hilabetetako errenta ordaintzeko kopurua.

Diru laguntzak. Diru-laguntza zuzenetako programa aurreikusi da. Hauen helburua errenta ordaintzea edo, bestela, horretarako eskatu dugun kreditua ordaintzea, izango litzateke. Lagutza hauek Estatuko etxebizitza Planean sartuko dira eta erkidego autonomikoek kudeatuko dituzte (hortaz, momentuz ez daude martxan, baina beherago azalduko dizuegu EAE eta Nafarroako Gobernuek dituzten neurriak). Gehienezko kopurua: 900 euro edo errentaren zenbatekoaren %100 edo, bestela, errenta ordaintzeko eskatu dugun kredituaren zenbatekoa.

Arrendatzailea enpresa, etxebizitza erakunde publikoa edo jabe handia bada:

11/2020 Dekretuaren 4. artikulua
Errenta ordainketaren atzerapena eska daiteke. Maiatzaren 2ra arteko epea dago honetarako.

Arrendatzailea ez dago onartzera behartuta. Ezezko erantzuna ematen badigu, 7 egunetako epean aukera bi hauetako bat proposatu behar digu:

            – Errenta %50 merketzea 4 hilabetetan, gehienez
            – Errentaren moratoria bat, alarma egoerak irauten duen bitartean eta hurrengo hilabeteetarako, kalteberatasun egoerak iraungo balu. Beraz, prorroga daiteke, baina hilabetero aurkeztu beharko lizatteke eskaera. Gehienez, 4 hilabetez luzatuko litzateke.

            Orain ordaintzen ez den errenta, 4 hilabete horiek amaituta, zatika gehitzen joango da hurrengo ordainketetan. Gutxienez, 3 urtetan zehar bana liteke zatikako ordainketa hau, baina beti ere kontratuak edo prorrogek indarrean badiruate. Ezin digute zehapen edo interesik aplikatu.

Hori bai, aukera ematen digute 9. artikuluan agertzen diren “laguntzak” eskatzeko, hau da, bankuari kreditua eskatzeko. Horrela egingo bagenu, moratoria bertan behera geldituko litzateke. Bankuak emandako kredituaren diruarekin arrendatzaileari ordaindu eta gure zorra arrendatzailearekin baino, bankuarekin izango litzateke. Baina, edozelan, gu zorretan.

Kalteberatasun ekonomikoa

11/2020 Dekretuaren 5. artikulua
Baldintza bi bete behar dira kalteberatasun ekonomikoa aitortua izateko:

  1. Honelako egoera batean egon behar zara covid-19aren krisiaren eraginez:

– Langabezian
– ERTE prozesu batean
– Zaintza ardurengatik jardunaldia murriztu baduzu
– Autonomoa bazara, diru-sarreren jaitsiera nabarmena pairatu baduzu.

  • Honetaz gain, familia unitatearen diru-sarrerak (aurreko hilabetean) ezin dira izan honako hauek baino altuagoak:

IPREM adierazlea bider 3:   
            IPREM = 537,84€ / 537,84 X 3 = 1.611 €
            Hortaz, familia unitatearen diru sarrerak ezin dira 1.611 euro baino altuagoak izan.

Kargupean daukazun seme-alaba bakoitzeko, muga hau 53,78 eurotan handituko da (IPREM bider 0,1). Guraso bakarreko familien kasuan, seme-alaba bakoitzeko 80,6 euro izango dira (IPREM bider 0,15).

– Familia unitatean 65 urtetik gorako kide bakoitzeko, aipatutako muga 53,78 eurotan handituko da (IPREM bider 0,1).

Familiako kideren batek %33tik gorako desgaitasunik aitorturik badauka, menpekotasun egoeran badago edo gaixotasunen batek lan egitea iraunkorki galarazten badio, diru-sarreren muga IPREM adierazlea bider lau izango da, hau da, 2.151 € (kasu honetan ere muga seme-alabengatik igo liteke).

IPREM muga bost bider izango litzateke (2.689,2€), baldin eta errenta ordaindu behar duen pertsonak garun-paralisia, buru-gaixotasunik edo desgaitausn intelektualik badauka (%33ko desgaitasun gradua aitorturik) edo desgaitasun fisiko edo zentzumenezkoa badauka (%65eko graduan) edo ezintasuna sorrarazten dion gaixotasun larria badauka.

  1. Bestetik, alokairuaren errentak familia unitateari dakarkion gastuaren tamaina ere neurtuko da.

Errentaren zenbatekoa gehi oinarrizko hornikuntzen gastuak diru-sarrera netoen %35 izan behar dira gutxienez. Oinarrizko hornikuntza: elektrizitatea, gasa, ura, kalefakzioa, telekomunikazio finko eta mugikorrak eta komunitatearen kontribuzioa.

ADI! baldintza hauetaz gain, familia unitatean inork ezin du etxerik izan bere izenean. Ez da kontuan izango herentzian etxe bateko “zati” bat jaso baduzu edo titularra izan arren, etxebizitza hori ez badago erabilgai (zure borodatetik aparteko arrazoiengatik) edo desgaitasuna duen familiako kideren batentzat ez bada irisgarria.

Zelan egiaztatu baldintza hauek?

11/2020 Dekretuaren 6. artikulua

– Langabezia egoera: SEPEren egiaztagiria (langabezia prestazioaren edo subsidioaren kopurua bertan adierazita).
– Autonomoak: jarduera amaieraren egiaztagiria (Zerga Agentziak edo erkidegoko organoak emana).
– Etxean bizi den lagun kopurua: familia liburua, izatezko bikote agiria, errolda agiria.
– Desgaitasuna: desgaitasun ziurtagiria.
– Ondasunen titulartasuna: Jabetza Erregistroaren ohar sinplea (familiakide guztiena izan behar da)

Erantzukizunpeko adierazpena. Bertan adierazi behar duzu baldintzak betetzen dituzula. Era berean, eskatzen diren beste dokumentutatik baten bat ezin baduzu lortu (badakigu zelan dauden erakunde guztiak momentu honetan), beste erantzukizunpeko adierazpen bat atxikitu beharko zenuke eta bertan azaldu zergatik ezin izan duzun lortu. Gerora, hilabete daukazu falta dituzun dokumentuak atxikitzeko.


Alokairua ordaintzeko laguntzak (EAE eta Nafarroa)
EAE
  1. Alokairu babestuan dauden lagunentzat:

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, 2020ko martxoaren 31ko Aginduan argitaratu duenez, alokairu babestuan bizi diren eta kalteberatasun ekonomikoan dauden lagunak, aldi baterako, errenta eta komunitate gastuak ordaintzetik salbuesteko eskaera egin dezakete.

Alokairu parke publikoa: Alokabide, Bizigune, Gaztelagun eta Eusko Jaurlaritzaren beraren titulartasunekoak zein babes formuletan dauden etxebizitzak, erakunde publiko zein pribatuetakoak.

Baldintzak:
            – Alarma egoera honetan langabezian geratu bazara
            – Autonomoak: diru-sarreren galera nabarmena pairatu baduzu edo salmentetan %40ko jaitsiera izan baduzu
            – Baldintza ekonomikoak: alokairuaren errenta gehi komunitate eta oinarrizko hornikuntzen gastuak, biak batera, baldin badira familia unitatearen diru-sarrera garbien %30 baino gehiago.

Zeintzuk hilabete sartzen dira barne?
Apirila eta maiatza. Eta alarma egoera luzatuz gero, neurria ekainera arte luzatuko litzateke.

Eskaera
Apirilaren 3tik aurrera aurkez daitezke. HELBIDE HONETATIK egin behar da eta Alokabidek kudeatuko ditu.

Eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da. Adierazpen horretan, errentak ordaintzetik salbuesteko eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazi behar da, eta familia-unitateko kide guztiek jasotzen dituzten diru-sarrera garbiak aitortu behar dira.

INFORMAZIO GEHIAGO

  • 2. Alokairu askerako laguntzak

            Laguntza hauek beste ATAL HONETAN kontsulta ditzakezue

Nafarroa
  1. Etxebizitza askean alokatuta dauden lagunentzat (Emanzipa eta David programak):

EMANZIPA PROGRAMA 23 eta 31 urte bitartekoei bideratutako programa da. Errenta ordaintzeko diru laguntza da: errentaren %50. Hori bai, gehienez 250 euro dira eta errenta ezin da 650 euro baino gehiagokoa izan.

Momentu honetan Nafarroako Gobernuak programa zabaldu egin du: 2020ko martxoaren 14tik aurrera langabezian geratu bazara, diru-laguntza hau eska zenezake. Hau da, adin baldintza deuseztatu da.

Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira HELBIDE HONETAN

Informazio gehiago daukazu lotura HONETAN eta GALDE-ERANTZUNETAN. Eta posta elektronikoz ere jar zaitezke kontaktuan emanzipa@navarra.es

DAVID PROGRAMA, bestalde, diru-sarrera baxuak dituzten norbanako edo familiei begirakoa da. Kasu honetan ere errentaren %50 ordainduko luke Gobernuak (zenbait mugekin).

Informazio gehiago HEMEN. Edo davidvivienda@navarra.es helbidean galde dezakezu.

  1. Alokairu babestuan dauden lagunentzat:

Laguntza ekonomikoen luzapen automatikoa. Alokairua ordaintzeko diru-laguntzarik jasotzen baduzu eta laguntza hori apirilaren 1etik ekainaren 30 bitartean berriztu behar baduzu, ez da beharrezkoa eskaera egitea, automatikoki egingo dute.

Bestetik diru-laguntzen zenbatekoa ere handituko da. Berdin da %25, %50 edo %75 subentzionatzen badizute, kasu guztietan, apirilaren 1etik ekainaren 30era subentzioaren kopurua %75 izango da. Hau ere automatikoki eta ofizioz egingo da.

Subentziorik ez badaukazu, Etxebizitza Zerbitzuari eskaera luza diezaiokezu, zure egoera ekonomikoa aldatu dela azalduta.

Alokairuen inguruan hartutako neurriak