Langabezia prestazioa: probaldian kaleratutakoak eta lana utzi dutenak

2020/04/23

Kasu bi hauek 15/2020 Dekretuaren 22. artikuluan araututa daude (apirilaren 22ko BOEn argitaratutako Dekretua).

Probaldian kaleratutako langileak

Ezer baino lehen, gogora ditzagun probaldiaren inguruko lau gako (probaldia Langileen Estatutuaren 14. artikulan dago araututa):

— Probaldian dagoen langileak beste edozein langilek dauzkan eskubide eta betebehar berberak dauzka eta halaxe adierazten da hitzarmen kolektibo guztietan.
— Hala ere, bada salbuespen bat: lan harremana amaitzen denean. Honelakoetan, ez dago aurrez abisatzeko beharrik, ezta kaleratzeagatiko kalteordaina jasotzeko eskubiderik ere. Eta ez da kausarik behar kontratua eteteko.
Probaldiaren iraupena. Hitzarmen kolektibo bakoitzak iraupena ezartzen du, baina hauexek dira Langileen Estatutuak ezartzen dituenak:
            • Tituludun teknikoak: 6 hilabete; gainontzeko langileak: hilabete 2.
            • 25 langiletik beherako enpresetan gainontzeko langileen probaldia: 3 hilabete, gehienez.
            • 6 hilabete baino gehiago iraungo ez duten aldi baterako kontratuak: hilabete 1.
— Probaldian emandako denbora antzinatasunerako zenbatuko da (enpresa horretan lanean gelditzen bagara).

  • 15/2020 Dekretuak sartu duen berritasuna:

Lana guk uzten dugunean, ez gaude langabezia-egoera legalean eta, hortaz, kotizazioak eduki arren, ezin dugu prestazioa eskatu. Askotan, aurreko lana uzten da berri batean hasteko. Horrelako kasuetan, baliteke probaldia ez pasatzea (enpresak kaleratzea, sasoi honetan nahikotxotan gertatu dena). Honelako kasuetan SEPEk, oro har, bigarren lan horretan hiru hilabete pasatu behar izan direla hartzen du erreferentziatzat prestazioa eskatu ahal izateko.

15/2020 Dekretuak zera ezarri du: enpresak, probaldi bitartean, lan harremana amaitutzat jotzen badu, langabezia egoera legaltzat hartuko dela, aurreko lan harremana amaitzeko arrazoia edozein izan zela ere.

Hortaz, hauxe da aldatu dena:
Enpresak lan harremana amaitutzat jotzen badu eta aurreko lana guk utzi bagenuen, ez direla enpresa berrian 3 hilabete horiek pasatu behar izan langabezia prestazioa eskatzeko (beti ere, horretarako kotizazio nahikorik badaukagu, jakina).

Hau aplikatuko zaie, 2020ko martxoaren 9tik aurrera probaldi bitartean kaleratutako lagunei.

Lana utzi duten langileak

Norberak lana uzten duenean, lehen esan bezala, ulertzen da ez dagoela langabezia-egoera legalean eta, hortaz, ezin du langabezia prestaziorik eskatu.

Dekretuak arautu duen kasua: norbaitek bere lana utzi badu (2020ko martxoaren 1etik aurrera), lan berri batean hasteko, eta enpresa berriarekin kontratua sinatzeko konpromiso irmoa izan badu, baina, COVID-19ak sortutako krisialdia dela eta, enpresak atzera egin duenean. Hau da, lan berri batean hasi behar ginen eta, horretarako, gure aurreko lana utzi genuen, baina justu krisia heldu eta lan berria ezerezean gelditu da, oraindik kontratua sinatu ere egin ez dugula.

Kasu horretan, eta horretan besterik ez, langabezia-egoera legalean egongo zinateke eta langabezia prestazioa eska zenezake. Esan nahi baita, ez zaiela aplikatuko lana utzi duten guztiei, baizik eta kontratu bat sinatzekotan zeudenei besterik ez.

Hau egiaztatzeko, enpresaren idatzizko komunikazioa behar duzu. Komunikazio horretan enpresak adierazi behar du hitzartutako kontratuan atzera egin duela, COVID-19ak sortutako krisialdia dela eta.