MECUIDA programa

2021/04/06
2021/10/015ean eguneratua

8/2020 Dekretuaren 6. artikulua

Madrilgo Gobernuak 8/2020 Dekretuaren bitartez MECUIDA izeneko Programa jarri zuen martxan iazko martxoan. “Programa” honek aukera ematen du jardunaldiaren moldaketa edo murrizketak eskatzeko, covid-19aren erruz senideren bat zaintzeko premia badaukagu.

ERTEekin egin bezala, neurri hauek ere luzatzen joan dira (15/2020 Dekretua, 28/2020 Dekretua, 2/2021 Dekretua). Azken luzapena 18/2021 Dekretuak ekarri zuen (Bederatzigarren xedapen gehigarrian). Honela, Mecuida programa indarrean egongo da 2022ko otsailaren 28ra arte.

Programa honen nondik norakoak lehenagotik ere badauzkazue azalduta Bizilanen. Hala ere, ez dator txarto berriro gogoratzea eta artikulu batean puntu garrantzitsuenak propio lantzea. Aurreko artikuluak kontsultatu nahi badituzue…

Neurri mota bi eskatu ahal dira enpresan:

— Jardunaldiaren moldaketa. Soldata ez litzateke murriztuko.
— Jardunaldiaren murrizketa. Murrizketa hau %100era hel liteke. Soldata ere proportzio berean murriztuko litzateke.

Ze kasutan erabil daiteke?

Odolkidetasun bigarren gradura arteko senideren bat zaintzeko izan behar da. Hortaz, hauen artean sartzen dira: bikotekidea, seme-alabak, gurasoak, neba-arrebak, aitita-amamak eta ilobak (seme-alaben seme-alabak).

Adi! legeak odolkidetasuna aipatzen du, baina ez du ezer esaten ahaidetasunaz. Eman begirada bat “Odolkidetasun eta ahaidetasun graduak” orrialdeari. Langileen eskubide indibiduala denez, honekin bilatzen da ez izatea beti emakumea, bere senideez gain, bikotekidearen senideak zaintzeaz ere arduratzen dena.

Egoera hauetakoren bat gertatu behar da:

— Senideak, bere adinagatik, gaixotasunagatik, desgaitasunagatik…, covid-19aren ondorioz zaintza edo laguntza behar duela.

— Covid-19 dela eta agintaritzak zentroak ixten baditu: eskolak, eguneko zentroak…

— Senide horren zaintzaz edota laguntzaz momentura arte arduratu den pertsonak ezingo balu egin, covid-19aren erruz.

Jardunaldiaren moldaketa

Langileen Estatutuko 34.8 artikuluan ezartzen da gure jardunaldia moldatzeko eskaera egin dezakegula, kontziliazio aferengatik. Hurrengo puntu hauen moldaketa eska dezakegu: jardunaldiaren iraupena eta banaketa; lan denboraren antolamendua, eta lana egiteko modua, telelana barne.

Enpresari eskaera egiten diogunean, gurekin negoziatzera behartuta dago. Proposamen alternatiboak ere egin ahal dizkigu. Ezezkoa eman nahi badigu, beti ere arrazoi objektiboak eman beharko dizkigu. Horra arte, labur labur Estatutuak jardunaldiaren moldaketaz dioena.

⇒ Mecuida programarekin, bestetik, jardunaldia ikusi dugun moduan moldatzeko ez ezik, ondorengo lan baldintzak ere moldatzeko aukera zabaldu zen, beti ere lana eta familia bateratzeko helburuaz:

– Txanda aldaketak
– Ordutegi moldaketak
– Ordutegi malgua
– Zatikako jardunaldia edo jardunaldi jarraia
– Lantoki aldaketa
– Funtzio aldaketa
– Telelana

Jardunaldiaren murrizketa

Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluak jardunaldia murrizteko aukera ematen du honelako kasuetan:

12 urtetik beherako umea zaintzapean badaukazu.
Desgaitasunen bat daukan eta lan ordaindurik egiten ez duen pertsonaren bat zure zaintzapean badago.
Adin, istripu edo gaixotasun arazoengatik bere kabuz moldatu ezin den senide bat zaintzeko (bigarren gradura arteko odolkidetasun edo ahaidetasun harremanak hartzen ditu barne).

Kasu hauetan jardunaldia murriztu ahal izango da, gutxienez, zortziren batean (1/8) eta, gehienez, jardunaldi erdiz. Aurreabisua 15 egun lehenago eman behar da.

⇒ Mecuida programarekin, bestetik, posible da jardunaldia behar dugun zenbatekoan murriztu. Izan ere, murrizketa %100era ere hel liteke. Aurreabisua emateko, nahikoa da 24 ordu lehenago egitea.

Gainera, Estatutuko 37 artikuluan ez bezala, kasu honetan ez da beharrezkoa zaindu beharreko pertsonak lan ordaindurik egin behar ez izatea.

Lehen esan dugunez, jardunaldia murrizten badugu, soldata ere hein berean murriztuko zaigu.

Eskaera

Legeak dioenez, langilearen eskumena da jardunaldiaren moldaketa edo murrizketa hauek eskatzea. Beraz, guri dagokigu enpresari ze nolako moldaketa beharko genukeen mahaigaineratzea. Honen aurrean, enpresak baiezkoa eman liezaguke edo beste proposamen bat egin. Jakina, ezezkoa ere eman diezagukete.

Beste kasu batzuetan bezala, honetan ere legea enpresa eta langilea akordioetara heltzen ahalegindu behar direla esatera mugatzen da, baina jakin badakigu horrelako deialdiak ze hutsalak diren. Horrelakoetan -akordiorik lotu ezean, hau da, enpresak uko egingo balu-, ematen den aukera da epaitegietara eramatea.

20 egun izango genituzke enpresaren erabakia salatzeko lan arloko auzitegian. Bizi pertsonal, familiar eta laborala kontziliatzeko eskubideen erreklamazioaren prozedura izango litzateke, Jurisdikzio Soziala arautzen duen Legearen 139 artikuluaren arabera.

Urgentziazko prozedura da hau. Nahiz eta tarteak laburrak izan (salaketa onartu eta hurrengo bost egunetan bista gauzatu behar da, ebazpena emateko epea hiru egunetakoa da), hasierako proposamena egin genuenetik, denbora nahikotxo pasatu ahal da, zaintza premiei ezin aurre eginda. 

Mecuida programa eta sektore publikoko langileak

Sektore publikoko langileak hiru multzotan daude bereziturik edo, bestela esanda, hiru figura existitzen dira sektore publikoan lan harremanei dagokienez:

  • Funtzionarioak
  • Estatutarioak
  • Laboralak

Denak administrazio publikoan aritu arren, langile laboralak lan kontratu bitarez aritzen dira eta euren lan harremanak lan legediaren menpekoak dira (Langileen Estatutua eta dagokien hitzarmena aplikatzen zaie). Funtzionarioak eta langile estatutarioak, ordea, enplegatu publikoen estatusa daukate eta erregimen administratiboaren menpekoak dira. Honela, Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutua aplikatzen zaie (gaztelerazko EBEP) eta, langile estatutarioen kasuan, estatutu espezifikoak ere badauzkate, hala nola Osakidetzan edo Osasunbidean.

Zalantza handiak daude Mecuida programa sektore publikoan aplikagarria ote den, oraindik argitu ez diren zalantzak, alegia. Mecuida programa finkatu zuen artikulura joz gero, zera dio: aplikatuko zaiela “inoren konturako langileei” (“personas trabajadoras por cuenta ajena”). Honela, hitzez hitz hartzen badugu, langile laboralei baino ez litzaieke aplikatuko.

Honek arazoak sor ditzakeela ikusita, sindikatuaren aldetik funtzio publikoko langileei (laboralak ez direnei, alegia) gomendatu izan dieguna izan da Enplegatu Publikoen Oinarriko Estatutuko 48.j) artikuluan ezarrita dagoen baimena eskatzeko eta, momentura arte, behintzat, honek ez du arazorik ekarri. Artikuluak honelaxe dio:

48. Los funcionarios públicos tendrán los siguientes permisos:
            j) Por tiempo indispensable para el cumplimiento de un deber inexcusable de carácter público o personal y por deberes relacionados con la conciliación de la vida familiar y laboral