Zaintza betebeharrak: jardunaldi murrizketa eta diru-laguntzak

2020/05/08

Jardunaldi murrizketa edo moldaketa

Koronabirusa. Informazio eta gomendioak alarma egoerarako orrialdean azaltzen dugunez, ordutegia moldatzeko eta jardunaldia murrizteko eskubidea daukazu.

Esan beharra dago martxoan Estatuak iragarri zuela aparteko prestazio bat jarriko zuela martxan zaintza betebeharrengatik jardunaldia murriztu behar zuten gurasoentzat. Hala ere, telelana eta ERTEak tarteko, “ahazturik-edo” gelditu zen hau. Eta badirudi, praktikan, diru-laguntzen atala erkidegoen esku gelditu dela, beherago ikusiko dugunez.

  • Ze egoeratan eska daiteke jardunaldi murrizketa edo moldaketa?

— Odolkidetasun bigarren gradura arteko senideren bat zaintzeko. Hortaz, hauen artean sartzen dira: bikotekidea, seme-alabak, gurasoak, neba-arrebak, aitite-amamak eta ilobak (seme-alaben seme-alabak). Adi! legeak odolkidetasuna aipatzen du, baina ez du ezer esaten ahaidetasunaz. Eman begirada bat “Odolkidetasun eta ahaidetasun graduak” orrialdeari.

— Zaintza honen arrazoia: adinagatik, gaixotasunagatik, desgaitasunagatik… edo covid-19aren erruz senide honek edozelako laguntza behar badu. Era berean, eskolak edo eguneko zentroak itxita baldin badaude, neurri hau justifikaturik egongo litzateke.

  • Noiz arte eska daiteke?

Hasiera batean, jardunaldi murrizketa edo moldaketa 8/2020 Dekretuak ezarri zuen. Orduan finkatu zen indarraldia alarma egoera amaitu eta hilabete gehiago izan zen. Gerora, apirilean, 15/2020 Dekretuak indarraldi hau bi hilabetez luzatu zuen. Beraz, alarma egoera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan luzatuko litzateke. Atea zabalik utzi da Estatuak beste prorroga bat ezartzeko eta ulertu nahi dugu hala izango dela (edo neurria birformulatuko dela), batez ere, umeak eskolara zelan itzuliko diren zalantzan dagoen honetan.


EGUNERAKETA: 28/2020 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarrian neurri hau 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatu da (irailaren 23ko BOEn argitaratua).

Hala ere, “Mecuida” izendatu duten jardunaldi moldaketa honetatik harago, ez da beste inolako neurririk hartu berrogeialdian egon daitezkeen umeak zaintzeko. Begirada bat bota ahal diozu “Zer egin seme-alabak eskolan kutsatuz gero?” artikuluari.


  • Jardunaldiaren moldaketa:

Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluak ezartzen du langileok eskubidea daukagula gure jardunaldia moldatzeko eskaera egiteko (jardunaldia murriztu barik). Enpresa, honen aurrean gurekin negoziatzera behartuta dago. Proposamen alternatiboak ere egin ahal dizkigu. Ezezkoa eman nahi badigu, beti ere arrazoi objektiboak eman beharko dizkigu.

8/2020 Dekretuak, 6. artikuluan, lana eta familia bateratzeko, jardunaldia moldatzeko aukera ez ezik, beste lan baldintza batzuk ere moldatzeko aukerara zabaldu zuen:

– Txanda aldaketak
– Ordutegi moldaketak
– Ordutegi malgua
– Zatikako jardunaldia edo jardunaldi jarraia
– Lantoki aldaketa
– Funtzio aldaketa
– Telelana

Langileak behar bezala egiaztatu behar ditu zaintza betebehar zehatz hauek. Lehen esan bezala, enpresa ez dago onartzera behartuta. Dekretuak langilearen eta enpresaren arteko negoziaziora deia egiten du eta aurreikusten du, akordiorik lotu ezean, lan arloko auzitegiek ebatzi beharko luketela, 36/2011 Legearen 139 artikuluan oinarriturik. Esan barik doa, edozein arazoren aurrean, sindikatuarekin kontaktuan jar zaitezkeela.

  • Jardunaldi murrizketa

Jardunaldi murrizketari dagokionez, zera ezarri da, langileak zortziren (1/8) batetik %100era arteko murrizketa eska dezakeela.

Esan bezala, jardunaldia %100 murriztu liteke (hau da, funtsean eszedentziarekin parekatuko litzateke), baina zehazten da eskaera hau justifikatua, arrazoizkoa eta proportziolana izan behar dela.

Jakina, jardunaldi murrizketa honek soldata murrizketa ere badakar berarekin batera. Gainera, langileak 24 orduko aurreabisuaz jakinarazi behar dio enpresari, baina ez da zehazten ze denbora-epetan erantzun beharko lukeen enpresak.

  • Aldez aurretik jardunaldi murrizketaz egon bazara

Baliteke covid-19aren krisia baino lehenagotik jardunaldi murrizketaz edo moldaketaz egon izana. Halako kasuetan aukera daukazu zure egoera egokitzeko:

– Erabiltzen ari zinen eskubidea aldi baterako bertan behera utzi eta aparteko beste murrizketa edo moldaketa eskubide hau eskatu.

– Egokitu ahal duzu aparteko murrizketa edo moldaketa eskubide honek dakartzan terminoen arabera.

Kasu honetan berez ulertuko da eskaera justifikatua, arrazoitua eta proportzionala dela, kontrako frogarik ezean.

Jardunaldi murrizketarako laguntzak (EAE)

2020ko apirilaren 8ko Agindua (apirilaren 22ko HEAAn argitaratua).

  • Nori dago bideratuta?

Zaintza betebeharrengatik honako neurriren bat hartu duten langileak:
            – Eszedentzia
            – Jardunaldi murrizketa (8/2020 Dekretuaren terminoetan), %33tik %100era.

Subentzioa eskatu ahal izateko, jardunaldi murrizketak soldata murrizketa ere ekarri behar du. Hau da, ezin da eskatu hitzarmenak honelako egoeretarako osagarriren bat ezartzen badu.

  • Zeintzuk egoera subentzionatuko dira?

— Martxoaren 9tik aurrera hasi diren eszedentziak eta jardunaldi murrizketak, alarma egoeraren amaierara arte iraungo dutenak. Hala ere, hauen amaiera izan liteke:

– Eskolen etenaldia amaitzen den arte (hau da, umeak eskolara itzultzen diren arte, ikastetxe bakoitzaren egutegia kontuan hartuta).

– Honako zentro hauek zabaltzen diren arte: haurtzaindegiak, menpekotasun egoeran dauden nagusientzako zentroak, eguneko zentroak, menpekotasun egoeran dauden pertsonei begirako zentroak.

— Martxoaren 9 baino lehenagotik eszedentzian edo jardunaldi murrizketaz bazeunden: eszedentzia edo jardunaldi murrizketa 8/2020 Dekretuaren terminoetan moldatu ahal duzu; horrelakoetan, subentzionatuko den denbora-tartea hasiko da moldaketa hori egin duzun egunean.

Eszedentzia edo jardunaldi murrizketa hauek ez badituzu dena segidan disfrutatu, hau da, tarteka hartu baduzu, hala ere hartu duzun denbora (eta, hortaz, galdu duzun soldata) subentzionatu egingo da.

  • Pertsona batek baino gehiagok eskatu ahal du?

Laguntza bakarra emango da familia unitateko (senide berbera zaintzeko denean). Laguntza eskatu duen lehenbiziko pertsonari emango zaio.

Hala ere, salbuespenak badaude:

• Pertsona biek jardunaldia murriztu badute 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko (edo 18 urtetik beherakoak, gutxienez %33ko dibertsitate funtzional edo desgaitasuna aitorturik badaukate). %100eko jardunaldi murrizketak kanpo geratzen dira.

Zaintza partekatu kasuetan, beti ere denbora-tarte berbererako ez bada eskatu. Kointzidituz gero, eskatu duen lehenbiziko pertsonari emango zaio laguntza.

• Zaindu beharreko senidea menpekotasun handi edo larria badauka (hau da, 3. edo 2. graduko menpekotasuna aitorturik badauka).

Menpekotasun handia (3. gradua): murrizketa birengatiko laguntzak eskatu ahal izango dira (euretako bat eszedentzia edo %100eko murrizketa eta %100era heltzen ez den beste murrizketa bat), edo hiru murrizketa aldi berean (bat ere ezin da %100era heldu).

Menpekotasun larria (2.gradua): murrizketa birengatiko laguntzak eskatu ahal dira, baina bat ere ezin da heldu %100era.

  • Dokumentazioa

Senide harremana egiaztatu behar da

Errolda agiria (familia unitatearen kide guztien berri eman behar du).

• Eszedentzia edo jardunaldi murrizketa egiaztatzen duen Gizarte Segurantzaren dokumentua. Autonomoen erregimenean dauden kooperatibetako langileek, ordea, kooperatibaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute (hau da, ez dute Gizarte Segurantzaren dokumentua aurkeztu behar).

• Gurasoen edo arbasoen PFEZ aitorpena (errenta aitorpena), aurreko urte bietakoa. Ez badute PFEZ aitorpenik egin, errenten berri ematen duen Ogasunaren egiaztagiria.

Menpekotasun egiaztagiria, menpekotasun egoeran dauden senideen zaintza kasurako

• Zaintza behar duena covid-19ak kutsatutako edo aislatutako pertsona izanez gero, horren txosten medikoa (diagnostikoaren data eta alta medikoaren data agertu behar dira; ospitalean egon bada, alta medikoa ospitaleko egonaldia baino beranduago izan daiteke, hau da, gaixotasunetik guztiz osatu den data izan daiteke). Txosten medikorik ez badaukazu, kutsapen edo aislamenduaren berri ematen duen beste dokumenturen bat erabil daiteke (beste administrazioren batek emana).

Erantzunkizunpeko adierazpena honako hauek jasoko dituena (kasuan kasu):
            – 3 urtetik beherako semea edo alaba haurtzaindegian matrikualturik dagoela.
            – Dibertsitate funtzionala edo desgaitasuna aitorturik daukan 14 urtetik gorako semea edo alaba ikasketa zentro batean matrikulaturik dagoela.
            – Zaindu beharreko senidea eguneko zentro bateko erabiltzailea zela edo menpekotasun egoeran dauden pertsonentzako zentro batean ingresaturik zegoela edo nagusientzako zentro batean zegoela. Eta noiztik noiz arte egon diren zentro horiek itxita.
            – Covid-19ak kutsatutako edo aislatutako senide bat zaintzea izan dela eszedentzia edo jardunaldi murrizketaren helburua.

  • Atxikitu beharreko beste dokumentu batzuk:

Zaintza partekatuaren kasuan, horren ebazpen judiziala.
– Eskatzailea genero indarkeriaren biktima bada, horren egiaztagiria.
– Familia unitateko baten bat menpekotasun edo desgaitasuna aitorturik badauka, horren egiaztagiria.
Guraso bakarreko familien kasuan, eszedentzia edo murrizketa semea edo alaba zaintzeko izan bada, umea ekonomikoki zure kargu hutsean dagoela egiaztatu behar da.
Familia ugaria (gaztelerazko “familia numerosa”) bazarete, horren egiaztagiria.

  • Laguntzaren zenbatekoa

Familia Errenta Estandarizatuaren arabera ezarriko da zenbatekoa. Honetarako, kontuan hartuko da zein zen familia unitatearen osaera 2020ko martxoaren 9an. Jarraian emango ditugun irizpideen arabera kalkulatuko da. Hori bai, IZAN KONTUAN KOPURUAK BIKOIZTU EGINGO DIZUTELA, covid-19ak sortutako krisiarekin zerikusia daukaten eszedentzia eta murrizketen kasuan.

Seme-alaben zaintza edo menpekotasun egoeran dauden senideen zaintzagatik
(kopuruak 365 egun naturali dagozkie; beraz, eskatu dituzun egunen arabera kalkulatuko dizute. Eta, ideia bat egiteko, eszedentzia arrunt batengatik, eta familia errenta arrunt batekin, hilabetean 240 euro inguru izango liratezke, eta covid-19arekin lotuta egonez gero, 480 euro inguru):

Eszedentzia (eta %100eko murrizketa):

Familia errenta

Zenbatekoa

20.000 euro edo gutxiago

3.500 euro

20.000 euro baino gehiago

2.942 euro

Jardunaldi murrizketa. Familia errenta 20.000 euro edo gutxiago bada:

Jardunaldi murrizketa

Zenbatekoa

%45 edo gehiago

2.800 euro

%40 eta %45 tartekoa

2.500 euro

%33 eta %40 tartekoa

2.200 euro

Jardunaldi murrizketa. Familia errenta 20.000 euro baino gehiago bada:

Jardunaldi murrizketa

Zenbatekoa

%45 edo gehiago

2.354 euro

%40 eta %45 tartekoa

2.140 euro

%33 eta %40 tartekoa

1.819 euro

Kutsatutako senideen zaintzagatik:

Eszedentzia eta %100eko murrizketa (180 egun naturalen araberako kopuruak)

Familia errenta

Zenbatekoa

20.000 euro edo gutxiago

1.726 euro

20.000 euro baino gehiago

1.450 euro

Jardunaldi murrizketa. Familia errenta 20.000 euro edo gutxiago bada (360 egun naturalen araberako kopuruak):

Jardunaldi murrizketa

Zenbatekoa

%45 edo gehiago

2.760 euro

%40 eta %45 tartekoa

2.464 euro

%33 eta %40 tartekoa

2.170 euro

Jardunaldi murrizketa. Familia errenta 20.000 euro baino gehiago bada (360 egun naturalen araberako kopuruak):

Jardunaldi murrizketa

Zenbatekoa

%45 edo gehiago

2.322 euro

%40 eta %45 tartekoa

2.110 euro

%33 eta %40 tartekoa

1.794 euro

* Zenbateko hauek %30 handituko dira honako kasuetan:
– Guraso bakarreko familia unitateak
– Familia ugariak
– Senideren bat menpekotasun larri edo handiaren egoeran badago
– Senideren batek %50eko desgaitasuna, gutxienez, aitoturik badauka
– Senideren bat genero indarkeriaren biktima bada

  • Eskaerak

Eskaerak aurkezteko, urtebeteko epea dago. Epe hau hasiko da zenbatzen alarma egoera amaitu eta hurrengo egunean.

Online edo aurrez aurre egin ahal izango dira Zuzenean bulegoetan (hiriburetan baino ez daude bulego hauek eta momentu honetan, jakina, itxirik daude). Hala ere, HEMEN dauzkazue helbideak

Eta Zuzenean zerbitzuaren orrialdea HEMEN.

Eskaerari erantzuna emateko gehienezko epea 6 hilabete izango dira. Baiezkoa bada, ordainketa bakar bat egingo da, ebazpena eman eta hurrengo bi hilabeteetan.

Nafarroa

Nafarroako diru-laguntzak ondoko artikuluan dauzkazu azaldurik: