Zer da errotze sozialagatiko erresidentzia baimena?

Atzerritarren Legearen Arautegi berriak errotzeagatiko baimenak ere berregituratu ditu. Gaur gaurkoz bost errotze kasu daude: errotze soziala, errotze soziolaborala, prestakuntza bidezko errotzea, bigarren aukerako errotzea eta familia errotzea. Figura hauen artean, bigarren aukerako errotzea da berri  bakarra. Beste lauak lehenagotik ere existitzen ziren, nahiz eta hainbat aldaketa izan diren.

Aparteko prozedura honen bitartez, egoera irregularrean dauden lagunek Estatuan bizitzeko baimena lor dezakete, beti ere baldintza batzuk betetzen badira. Honela, errotzea  erresidentzia lortzeko bide erabilienetako bat da, bere helburua Estatuan jadanik bizi diren lagunen egoera erregularizatzea da eta.

Europar Batasunetik kanpoko lagunei begirakoa da.

Aldi baterako baimena da: urtebete irauten du eta, denbora hau pasaturik, berriztatu behar da.

Errotze sozialagatiko erresidentzia baimenak, berarekin batera, lan egin ahal izateko baimena ere badakar.

Atzerritarren Legea aplikatzeko arautegi berriak hainbat puntutan aldatu du baimen mota hau. Aldaketarik nagusienak honako bi hauek dira:

  • Lehen, baimena eskatu baino lehen, hiru urtez egon behar zen Estatuan bizitzen. Orain, urte bi egiaztatu behar dira.
  • Lehen, baimena eskatu ahal izateko, lan kontratua behar zen. Orain, lan kontratua ez da beharrezkoa, nahiz eta baliabide ekonomikoak egiaztatu behar diren.

Zeintzuk baldintzak bete behar dira?

  • Aurreko BI URTEETAN Estatuan.

Eskatzaileak egiaztatu behar du aurreko urte bietan Estatuan bizitzen egon dela. ADI! urte bi segidan; hortaz, denbora honetan zehar, Estatutik kanpora irtenez gero, egonaldi hauek, guztira, ezin izan dute 90 egun baino gehiago iraun.

  • Asilo eskatzaileek ezin dute baimen hau eskatu.

Baimen hau eskatzen duen pertsona ezin da izan, aldi berean, asilo eskatzailea. Gainera, asilo eskatzailetzat ematen den denbora ez da kontuan hartuko erresidentzia baimena eskatzeko eta, beraz, asilo eskaera ukatzen badute edo eskatzaileak prozedura lagatzen badu, zerotik zenbatzen hasi beharko da. Azken araudiak ekarri duen aldaketa larria da hau.

  • Errotze soziala eskatzeko puntu bi hauetako bat bete behar da:

— Estatuan erresidentzia legala duten beste atzerritar batzuekin lotura familiarra (lehen mailako lotura): Bikotekideak (senar-emazteak edo izatezko bikotekideak), gurasoek edo seme-alabek erresidentzia baimena badaukate, errotze sozialagatiko baimena eskatu ahal da

Lotura familiarrik ez badago, integrazio sozialerako ahaleginak ziurtatzen dituen txostena aurkeztu behar da. Administrazioak ematen duen txostena da. Bertan, eskatzaileak sozialki integratzeko ahaleginak egin dituela adieraziko litzateke. Hau da, lotura familiarrik ez balego, administrazioak eskatzailearen aldeko txostena egitea lortu beharko litzateke. Hau aurreratxoago azalduko dugu zehatzago.

  • Baliabide ekonomikoak

Gutxieneko baliabide ekonomikoak egiaztatu behar dira: IPREMaren %100 (600€ hilean).

Estatuan familiarik badaukazu (aurreko puntuan azaldu bezala), zure senideak egiaztatu beharko luke zenbateko honetara heltzen dela zure mantenurako. ADI! 600€ zure mantenurako eta beste 600€ bere mantenu propiorako. Hau da, errotze soziala lotura familiarragatik eskatzen baduzu, zure senideak, gutxienez, 1.200€ hilean egiaztatu beharko lituzke (IPREMaren %200). Ez du ardura familian senide gehiago badira.

Estatuan ez badaukazu familiarik eta integrazio txostena aurkezten baduzu:

Negozio bat zabaltzeko egoeran bazaude, horixe egiaztatu beharko zenuke. Zehazkiago, Arautegiko 84. artikuluan zehazten diren baldintzak bete behar dira (artikulu horretan beste baimen bat jorratzen da, Estatura etorri eta berton autonomo moduan lan egin nahi duten lagunek egiten duten hasiera bateko eskaera, alegia). Betebeharrak: negozio bat zabaltzeko edo jarduera profesional batean hasteko legalki eskatzen direnak; beharrezko prestakuntza profesionala izatea, eta proiekturako beharrezkoa den inbertsio ekonomikoa. Dokumentazio atalean argiago daukazue.

Bestelako baliabide batzuk. Eskatzaileak bere mantenurako bestelako baliabide batzuk badauzka (diru sarrerak, nahiz eta kontratu formalik ez izan), administrazioari jakinarazi ahal izango dio integrazio txostenean islatu dezaten.

  • Aurrekari penalik ez.

Ezin da aurrekarik penalik izan, azken bost urteetan, ez Espainiako Estatuan, ezta bizitzen egon den herrialdeetan.

  • Tasa bat ordaindu behar da (790 eredua, 052 kodea).

Tasa hau eskaera egiten denean (eta, hortaz, tramitera onartzen denean) ordaindu behar da. 10 egun daude honetarako. 2025. urtean 38,28 euro dira. Tasa hau ONLINE ere ordaindu ahal da.

Integrazio txostena

Kontatu dizuegunez, errotze sozialeko baimena eskuratzeko, eskatzaileak atzerriko beste erresidente batzuekin lotura familiarrak egiaztatu behar ditu edo, honen ezean, integrazio txostena aurkeztu behar du. 

Hortaz, bikotekideak, gurasoek edo seme-alabek, eurak ere atzerritarrak izan arren, Estatuan erresidentzia legala badaukate, ez da integrazio txostenik aurkeztu behar. Baina, lotura familiarrik ezean, txostena aurkeztu beharko da.

Gogoratu baliabide ekonomikoak egiaztatu behar direla, gorago azaldu ditugun terminoetan: Jadanik ez da beharrezkoa lan kontratua izatea (halakorik izatekotan, errotze soziolaborala eskatu beharko litzateke), baina norberaren konturako negozio edo jardueraren batean hasteko moduan egon beharko litzateke. Edozein kasutan, baliteke baliabide ekonomiko nahikoak izatea beste bide batzuetatik (gogoratu, baliabide nahikoak = IPREMaren %100, 600€ hilean).  Hau guztia txostenean azaldu beharko litzateke.

Honetaz gain, integrazio txostenean bereziki islatu behar dena horixe da, eskatzailea “sozialki integraturik” ote dagoen edo horretarako ahaleginak egiten ari ote den. Zelan neurtzen da hau? Batez ere, kontuan hartuko da eskatzaileak prestakuntza kurtsorik egin dituen, hizkuntza ofizialak ikasi dituen, udal zerbitzu publikoak erabiltzen dituen, elkarteren batean parte hartzen duen…

Txosten hauek honako tokietan eskatu behar dira:

  • NAFARROA: udaletxeetan
  • ARABA, BIZKAIA eta GIPUZKOA: Zuzenean, herritarrentzako arreta zerbitzuaren bulegoetan (hiriburuetan baino ez daude). Bilboko, Donostiako eta Gasteizko bulegoetako helbideak eta hara heltzeko dauden garraio publikoak HEMEN kontsultatu ahal dituzu.

Dokumentazioa

Eskaera-orria (EX10 eredu ofiziala)

Identifikazioa: pasaportearen kopia osoa, inskripzio zedularen kopia edo bidaia tituluaren kopia

— Estatuan, gutxienez, bi urteko egonaldia egiaztatzen duen dokumentazioa. Modurik zuzenena errolda da, jakina, baina, ondo dakigunez, migranteek gero eta arazo eta oztopo gehiago pairatu behar dituzte erroldatu ahal izateko. Oso garrantzitsua da, beraz, bestelako dokumentu batzuk gordetzea egonaldia egiaztatu ahal izateko. Eskatzailea hemen bizitzen egon dela egiaztatzen duen edozein dokumentu atxiki ahal da, hala nola fakturak edo diru bidalketak (dokumentuan eskatzailearen datuak agertu behar dira) eta bereziki kontuan hartuko dira administrazio publikoren batek emandakoak, hala nola ospitalizazioak, kontsulta medikoak, udalarekin egindako izapideak edo kontsultak…

Aurrekari penalen egiaztagiria

Familia loturak egiaztatzen dituen dokumentazioa (ezkontza ziurtagiria edo izatezko bikotearen erregistroa, jaiotze egiaztagiria) edo integrazio sozialaren txostena.

Baliabide ekonomikoak:

Baliabide ekonomiko propioak:

– Familiak mantendu ahal zaituela egiaztatzen duen dokumentazioa (gogoratu, zure senideak, guxtienez IPREMaren %200 irabazi behar du, 1.200€ hilean)
– Baliabide ekonomiko propioak (nahiz eta kontratu formalik ez izan) islatzen dituen dokumenturen bat

Negozio edo jarduera ekonomiko batean hasi nahi baduzu:

– Jarduera minorista bada eta lokalak 750 metro baino gutxiago badauka, administrazioari egindako komunikazioa eta erantzukizunpeko adierazpena
– Jarduera edo zerbitzu profesionala bada, jarduera horretarako beharrezkoak diren baimen eta lizentziak
– Lanbide horretarako gaitasuna edota kualifikazio profesionala egiaztatzen duen dokumentazioa
– Eskatzaileak proiektu edo negoziorako inbertsio ekonomiko nahikoa badaukala egiaztatzen duen dokumentazioa

⇒ ADI! Oro har, dokumentuen kopiak eman behar diren arren, izapidea egiteko momentuan dokumentu originalak ere erakutsi behar dira. Hortaz, kopiak ez ezik, eraman bulegora jatorrizkoak ere bai. Izan kontuan beste herrialde batzuetako dokumentuak direnean, gaztelera edo euskarara itzulita egon behar direla (zinpeko itzultzaile batek egin behar du).

Dokumentazioaz eta betebehar hauetaz informazio zabalagoa Ministerioaren azalpen orri honetan kontsultatu ahal duzu:

Nora jo errotze sozialagatiko erresidentzia eskatzeko?

Herrialdeko atzerritarren bulegoak:

                      ARABA:
Olagibel 1 (Gasteiz)
945 759 480 (informazioa eta aldez aurretiko hitzordua)

Ordutegia: 9:00etatik 14etara

                      BIZKAIA:
Berroeta Aldamar 1 (Bilbo).
944 509 435

Informazioa (aldez aurretiko hitzorduen inguruan)
Informazioa (eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko)

Ordutegia:
– Astelehenetik ostegunera: 9:00etatik 17:00etara; ostiraletan: 9:00etatik 14:00etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 9:00etatik 14:00etara (astelehenetik ostiralera)

                      GIPUZKOA:
Plaza Pío XII, 6 -sarrera Javier de Barkaiztegitik- (Donostia)
943 989 110
Posta-e: oficina_extranjeros.gipuzkoa@correo.gob.es

Ordutegia:
– 9:00etatik 17:30etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 8:00etatik 15:00etara

                      NAFARROA:
Gipuzkoa etorbidea, 40 (behea – Buztintxuri) (Iruñea)
948 979 200

Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara

⇒ Gogoratu bulegoetara jo baino lehen, aldez aurretiko hitzordua hartu behar dela. Hau internetez egin daiteke, hurrengo helbide honetan:

⇒ Kontsultarik edo zalantzarik izanez gero, galderak online egin daitezke, honako helbide hau erabilita:

Errotze sozialagatiko erresidentzia baimena ONLINE ere eskatu ahal da. Hemen utziko dizkizuegu honetarako sarrera zuzena eta izapide honen argibide liburua jaisteko lotura:

Erresidentzia eskuratuta, TIE eskatu behar da

⇒ ADI! Erresidentzia baimena jaso ostean, TIE eskatu behar da. Hau da, kalean hatz markaren izapidetzat ezagutzen den hori egin behar da.

TIE atzerritarren identifikazio txartela da eta hobeto azalduta daukazu beste artikulu honetan.

Honako hauek behar dira identifikazio txartela ateratzeko:

  • Eskaera-orria (EX-17 eredu ofiziala)
  • Tasa bat ordaindu beharko duzu (790 eredua 012 kodea). 2025ean 16,08€ dira.
  • Gizarte Segurantzako alta egiaztagiria (dokumentu hau beharrezkoa da, baldin eta lanean hasi behar bazara, bai inoren kontura, bai autonomo moduan)
  • Nortasun agiri tamainako hiru argazki (argazki dendan atera)

Izapide hau polizia komisaldegian egiten da (helbideak HEMEN)  eta aldez aurretiko hitzordua behar da. Bertan hatz marka hartuko dizute eta frogagiri bat emango dizute. Handik hilabetera txartel fisikoa hartu ahal izango duzu.