Gizarte Segurantzari kotizatzen al zaio langabezian egonda?
Azken eguneraketa: 2024/11/27
Egoera ezberdina izango da segun eta langabeziagatiko prestazioa edo langabeziagatiko subsidioren bat kobratzen ari zaren.
Langabeziagatiko prestazioa
Langabeziagatiko prestazio kontributiboa jasotzen duzun bitartean, hainbat kotizazio ere egingo dira. Kontingentzia profesionalak kanpo gelditzen badira ere, hau da, langabezia, lan istripu edo gaixotasunagatik, FOGASA eta lanbide heziketagatik kotizatzen ez badugu ere, kontingentzia arruntengatiko kotizazioak bai egingo ditugu: jubilazioa, osasun arreta, baliaezintasuna…
ADI! Zalantzarik ohikoena da ea jubilaziorako edota langabeziarako kotizatzen ote dugun. Erretirorako kotizatzen da, baina ez da kotizatzen langabeziarako. Hortaz, berriro prestazioa (edo subsidioa) eskatu behar badugu, langabezian eman dugun denbora hau ez zaigu zenbatuko.
Kontingentzia arruntengatik kotizatzea garrantzitsua da, erretirorako ez ezik, baita beste egoera batzuetarako ere. Honela, langabeziagatiko prestazioa jasotzen ari zaren bitartean, seme-alabaren bat badaukazu, gurasotasun prestazioa eskatu ahal duzu. Honelakoetan langabeziagatiko prestazioa etengo litzateke eta gurasotasun prestazioa jasotzera pasatuko zinateke. Azken prestazio hau behin amaituta, langabeziagatiko prestazioa jasotzen hasiko zinateke berriro, utzi zenuen puntuan.
Adibidez: Demagun langabeziagatiko prestazioa 10 hilabetez jasotzea dagokizuna. Gurasotasun prestazioa eskatzen baduzu, azken hau 16 astez jasoko duzu eta, behin amaituta, berriro hasiko zara langabezia jasotzen. Hau da, orotara, prestazio bien artean, 10 hilabete gehi 16 aste kobratuko duzu.
Bestetik, langabeziagatiko prestazioa kobratzen dugunean, lehenbiziko sei hilabeteetan oinarri erregulatzailearen %70 eta, handik aurrera, %50 jasotzen badugu ere, kotizazioak oinarri erregulatzaile osoaren araberakoak izango dira. Hau da, ez dugu kotizatuko jasotzen dugun diruagatik (soldata baino baxuagoa dena), bazik eta gure laneko azken 180 egunetan izan genuen oinarri osoen batezbestekoagatik.
SEPEk enpresari dagokion zatia ordainduko du (oinarri erregulatzailearen %23,60). Eta zuri prestaziotik dagokizun ehunekoa deskontatuko zaizu (%4,70).
Langabeziagatiko subsidioak
Langabeziagatiko subsidioak ez dira kontributiboak, asistentzialak baino. Hau da, laguntza izaera daukate. Honelakoren bat kobratzen ari garenean, ez dugu Gizarte Segurantzan kotizatzen. Edozelan, posible da Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezia izenpetzea, hilabetero kotizazioak geure kabuz ordaintzeko eta, horrela, gerora begira, erretiroagatiko pentsioa hobetzeko.
Subsidio guztietatik, badago salbuespen bat: 52 urtetik gorakoen subsidioa. Subsidio honek erretirorako kotizatzen du, gutxieneko oinarriaren %125ean, hain zuzen. 2024. urtean gutxieneko oinarria 1.323 euro dira; hortaz, 1.653,75 euroko oinarriagatik kotizatuko da subsidio hau jasotzen dugun bitartean. Gogoratu subsidio hau erretiro adinera heldu arte jaso daitekeela.