“Aitatasun” baimena

Ezer baino lehen, sarrera honi “aitatasun” baimena deitu diogun arren, baimen honek barne hartzen du “ama biologikoa ez den beste gurasoa” eta halaxe jasotzen du gaur egun legediak. Hau da, izan aita, izan beste ama. Beraz, egokiagoa izango litzateke “gurasotasunaz” berba egitea. Bestetik, “ama biologikoaz” hitz egin arren, adopzio eta harrera kasuetan ere baimen hauek berdin-berdin har daitezke.

Berriki “aitatasun” baimena luzatu da “amatasun” baimenarekin parekatzeko asmoz. Zaintzarako baimenak parekatzea aspaldiko aldarrikapena da, batetik, emakume zein gizonek eskubide eta zaintza erantzukizun berberak izan ditzagun eta, bestetik, honen bitartez ere emakumeonganako bazterkeriari aurre egin dakion (ama izatea eta, hortaz, lizentzia zein baimenak hartzea ez dezatela enpresek erabili emakumeak ez kontratazeko).

Lizentziak berdintzea zaintzaren erantzunkidetasuna sustatzeko aurrerapausoa da zalantzarik gabe, baina neurri isolatuek ez dute beren horretan erantzunkidetasuna bermatzen, bestelako neurri batzuekin batera jorratzen ez badira. Propaganda egiteko gai “izarrak” hartzetik ikuspegi feminista txertatzera jauzi egin behar da. Era berean, lan munduaren gaurko prekarietateak eta abusu enpresarialek eskubide hau kolokan jar dezakete, beraz, jarri kontaktuan sindikatuarekin edozein arazo izanez gero.  

Zertan datza baimen hau?

Ume bat jaiotzen denean (edo adopzioan zein harreran ume bat hartzen denean), gurasoek baimen ordaindua hartzeko eskubidea daukate. Kontratua suspentsioan geratzen da eta baimenak irauten duen bitartean oinarri erregulatzailearen %100 kobratzen da.

Ez da laguntza ekonomikoa, baizik eta, umea zaintzearren, lanean atsedenaldia hartzeko eta soldata kobratzen jarraitzeko eskubidea. Guraso baimena edozein langilek eska dezake: inoren konturako langileek, funtzionarioek, etxeko langileek, autonomoek…

Iraupena

2019ko martxoaren 1ean Estatuko Ministro Kontseiluan Enpleguko Aukera Berdintasunerako Lege Dekretua onartu zen. Dekretu honek ekarri zituen neurrietako bat aitatasun baimenaren luzapena izan zen, apirilaren 1etik aurrera indarrean dagoena. Momentura arte, baimen honek bost aste irauten zituen. Orain zortzi aste izatera pasatu da eta, honetaz gain, progresiboki luzatuz joango da:

• 2019an, 8 aste;
• 2020an, 12 aste,
• eta 2021ean, 16 aste izango dira.

Noiz hartu behar dira baimen aste horiek?

Langileen Estatutuaren 13. xedapen iragankorrak honelaxe ezartzen du:

2019ko apirilaren 1etik aurrera: baimenak 8 aste iraungo du. 8 aste hauetatik, 2 segidan hartu beharko dira jaiotza, adopzioa edo harrera suertatu eta jarraian. Derrigorrez hartu beharreko asteak dira.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera: baimenak 12 aste iraungo du. 12 aste hauetatik, 4 segidan hartu beharko dira jaiotza, adopzioa edo harrera suertatu eta jarraian. Derrigorrez hartu beharreko asteak dira.

2021ko urtarrilaren 1etik aurrera: baimenak 16 aste iraungo du. 16 aste hauetatik, 6 segidan hartu beharko dira jaiotza, adopzioa edo harrera suertatu eta jarraian. Derrigorrez hartu beharreko asteak dira.

* Adopzio eta harrera kasuetan ebazpena edo erabaki administratiboa ematen denetik hasiko da zenbatzen.

Gainontzeko asteak jarraian edo aldizka hartu ahal izango dira, beti ere aste osoko bitarteetan. Enpresari 15 egun lehenago jakinarazi beharko zaio. Baimen hau disfruta daiteke harik eta umeak 12 hilabete bete arte.

Jaiotza osteko asteak jardunaldi osoz hartu beharko dira; gainontzekoak, ordea, jardunaldi osoz edo partzialaz, enpresarekin aldez aurretik adostuta. Dagokizun hitzarmen kolektiboan hau araututa egon daiteke.

Hego Euskal Herrian, ba al dago ezberdintasun edo alderik?

Orain arte azaldu ditugunak Estatu mailako legeak ezartzen dituenak dira. Hala ere, EAE eta Nafarroako egoerari dagokionez, ezberdintasun batzuk badauzkagu. Hauek ez diote berdin eragiten langile publikoei edo sektore pribatukoei. Arrazoia: langile publikoen lan baldintzak arautzea bertoko administrazioen esku dago, baina Gizarte Segurantzaren eskumenik ez daukagunez, edozein langilek eska dezakeen baimen honen prestazio kontributiboaren kudeaketa ez da bertoko administrazioen eskumena. Hori dela eta, EAEn gurasotasun baimen guztiak 16 astetara luzatzeko, eszedentziaren formula aukeratu da. (164/2019 Dekretua)

Hau da, lehenego eta behin Gizarte Segurantzan eskatu beharko genuke jaiotzagatiko prestazio kontributiboa. Baiezkoa emanez gero, EAEko gobernua arduratuko litzateke 16 astera arte falta den denbora konpentsatzeko, baina eszedentzia moduan kudeatu beharko da. Adibidez: 2020 urterako, Estatuko legediaren arabera, 12 aste baino ez genuke izango. Hortaz, gainontzeko 4 asteak (16 aste bete arte) eszedentzia moduan hartuko genituzke. EAEko gobernuak bere gain hartuko luke 4 aste hauetan kotizazio oinarriaren %100 jaso dezagun.

Hau guztia sektore pribatuko langileei begirakoa da. Lehen esan dugunez, langile publikoen egoera bestelakoa baita:

EAEn, 2019ko urriaren 1eko Buletin Ofizialean argitaratu zen Mahai Orokorreko funtzio publikoko langileentzako ekiparazioa gurasotasun baimenetan (78/2019 Ebazpena).

Ebazpen honen bitartez ezarri da Administrazioaren Mahai Orokorrean ordezkaturik dauden langile guztientzat gurasotasun baimenak parekatzea. Hortaz, adin txikikoaren gurasoek, hauen sexua edozein dela ere, eskubidea izango dute jaiotza, adopzio edo harrera kasuetan 18 asteko baimena hartzeko. Epe hau bi astetan luza liteke, bi ume edo gehiago balira edo desgaitasunen bat baleukate. Baimen hauek ezin dira besterendu, hau da, transferiezinak dira. Hau irailaren 1etik aurrerako jaiotza, adopzio eta harreren kasuetarako hasi da indarrean.

Nafarroan ere, administrazio publikoko langileei dagokienez, legea egokitu egin da, eskumen forala denez gero. Honela, 2020rako 17 asteraino luzatzea erabaki da (Estatuko Lege Dekretuak ezartzen duena baino astebete gehiago eta urtebete lehenago). Gogoratu behar dugu langile publikoei baino ez diela honek eragiten.

Zelan eskatzen da?

Baimen hau ez da automatikoa, Gizarte Segurantzaren Institutuan eskatu behar da.

• Izapidea egoitzara joanda egin daiteke: HEMEN daukazu Gizarte Segurantzaren egoitzen zerrenda. Gogoratu aldez aurretik hitzordua eskatu behar dela. Hau telefonoz (901 10 65 70) edo internetez egin daiteke.

• Izapidea internetez, baldin eta zertifikatu digitala edo NAN elektronikoa badaukazu, https://sede-tu.seg-social.gob.es helbidean.

Ze dokumentazio behar da?

Eskaera orria
• Deskarga dezakezun eskaera orri horretan bertan argibideak ematen dira eta, horien barruan, beharrezko dokumentazioa kasu bakoitzerako (familia anitzak, langabezia kobratzen ari bazara eta abar).
• Edozelan, beharrezkoak izango zaizkizu…

– Jaiotza kasuetarako: familia liburua edo erregistro zibileko egiaztagiria
– Adopzio edo harrera kasuetarako: epaia edo ebazpen administratiboa

Beste zalantza batzuk:
  • Kotizazio premiarik al dago?

Gizarte Segurantzan alta emanda egoteaz gain, gutxieneko kotizazioa behar duzu: 180 egun kotizaturik azken zazpi urteetan zehar edo 360 egun kotizaturik bizi laboral osoan.

  • Langabezian banago, baimena har dezaket?

– Langabezia prestazioa kobratzen ari bazara, prestazioa bertan behera geratzen da baimena disfrutatzen duzun bitartean. Baimena amaituta, berriro ekingo zenioke prestazioa kobratzeari.

– Langabezia subsidioren bat kobratzen ari bazara, ez zenuke aitatasun baimena kobratuko. Hala ere, komenigarria da enplegu zerbitzuari jakinaraztea: alde batetik, familia unitatearen egoera aldatzen delako eta honek aukera eman ahal dizulako bestelako prestazio batzuk jasotzeko eta, bestetik, tarte horretan enplegu zerbitzuak ez zaituelako ikastaro eta horrelakoetara deituko.

  • Eta sexu bereko gurasoen kasuan?

Kasu honetan ere guraso baimen biak hartu ahal dira, jakina. Bikotekide bakoitzak erabaki beharko du ze baimen hartzen duen, “amatasun” baimena ala “aitatasun” baimena (ezberdintasunak daude bien artean).

Emakume biren kasuan, bietako bat ama biologikoa balitz, berak hartu beharko luke “amatasun” baimena.

  • Oporrak galduko nituzke?

Opor sasoian baimena disfrutatzen ari bazara, opor eskubidea ez zenuke galduko, baimena amaituta hartzeko aukera izango zenuke.

  • Kaleratu ahal naute?

Jakin badakigu enpresek nahi duten ia guztia egiten dutela. Hala ere, kasu honetan, berez eta legez, kaleratze baliogabea izango litzateke, Langileen Estatutuaren 55.5.a) artikuluak ezartzen duen bezala. Edozelan, enpresak oztoporik ipiniz gero edo arazorik edukiz gero, jarri kontaktuan sindikatuarekin.

Araudia