Haurdunaldia eta baja motak (amatasun baja, haurdunaldian arriskua egoteagatiko baja)
Amatasun prestazioa (amatasun baja)
Amatasun, adopzio, harrera edo tutelagatik lanik egiten ez den denboraren zehar jasotzen den prestazioa da. Atsedenaldia 16 astekoa da (hauek beste gurasoarekin konpartitu daitezke) eta erditu baino lehenago edota erditu ostean eskatu daiteke. Beste kasuetan -adopzio, harrera edo tutela kasuetan, alegia- ebazpen edo erabaki administratiboa ematen denean hartuko dira.
Langile autonomoa bazara, prestazio hau eskatu zenezake.
- Gutxieneko kotizazioa beharrezkoa da prestazio hau eskatzeko:
– 21 urtetik beherakoa bazara: ez da gutxieneko kotizaziorik behar
– 21-26 urte bitartekoa bazara: 90 egun azken 7 urteetan zehar edo 180 egun bizi laboral osoan zehar
– 26 urtetik gorakoa bazara: 180 egun azken 7 urteetan zehar edo 360 egun bizi laboral osoan zehar.
Ez badaukazu gutxieneko kotizazio hau, amatasu subsidio ez kontributiboa eskatu daiteke. Subsidio honek 42 egun irauten ditu erditze egunetik aurrera eta IPREMaren %100 kobratzen da (2018an 17,93 euro egunean), ez bada kontingentzia arrunten zure oinarri arautzailea txikiagoa dela.
- Amatasun prestazioaren iraupena
16 aste segidan. Aste bi gehiago seme-alaba bat baino gehiago ekarriz gero. Esan bezala, aste hauek beste gurasoarekin konpartitu daitezke, hau da, zure atsedenaldiko denbora bat beste gurasoari eman diezaiokezu. Edozelan, lehenbiziko sei asteak zuek hartu behar dituzu derrigor. Konpartituko ote dituzun prestazioa eskatzen den momentuan adierazi behar da.
Esan barik doa amatasun zein aitatasun prestazioak parekoak izan beharko liratezkeela eta, honetaz gain, eskubide pertsonal eta banaezinak (aste kopuru berbera guraso bientzat, alegia). Honek, zaintza konpartitua bultzatzeaz gain, enpresek, amatasuna dela eta, emakumeak ez kontratazeko joerari buelta ematen lagunduko luke.
- Zenbat kobratzen da?
Kontingentzia arrunten oinarri arautzailearen %100, hau da, soldataren oinarria.
- Zelan eskatu behar da?
Eskaerak Gizarte Segurantzaren Institutuak (INSSek) kudeatzen ditu. Buelgoan bertan, aldez aurretiko hitzorduaz, edo internetez egin daiteke.
Eskaera orrian bertan jarraibideak azaltzen dira, hala nola, beste gurasoarekin konpartitu nahi den e.a.
Behin eskatuta, INSSek 30 eguneko epea dauka erantzuteko. Hala ere, behin-behineko erresoluzioa eman dezake, behin betikoa eman arte.
Identifikazio dokumentua beharko duzu, hau da, NAN, pasaportea edo TIE eta enprea ziurtagiria (hau normalean enpresak berak bideratzen du). Honetaz gain, egoeraren arabera (erditze, adopzio, harrera edo tutela) bestelako dokumentu batzuk ere eskatu daitezke, hala nola familia liburua. Beharrezko dokumentazioaren inguruko informazio gehiago HEMEN.
Esan bezala, internetez ere egin daiteke, https://sede-tu.seg-social.gob.es orrialdean. Honetarako ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo erabiltzaile eta pasahitza beharko dituzu.
Haurdunaldian arriskua egoteagatiko prestazioa (baja)
Haurdun zaudenean eta zure lanpostuan arriskurik balego, bai zuretzat, bai umearentzat, lehengo eta behin enpresa lanpostuz aldatzen ahalegindu beharko da. hau ezinezkoa balitz edo zure lan jarduerak, berez, arriskua ekarriko balu, haurdunaldian arriskua egoteagatiko baja hartu eta prestazioa kobratuko genuke. Arriskua lan postuak ekarri behar du, bestela, baja arrunta hartu beharko zenuke, hau da, haurdunaldia bera arrisku haurdunaldia balitz.
Kasu honetan ez da gutxieneko kotizaziorik behar.
- Zenbat kobratzen da?
Oinarri arautzailearen %100. Prestakuntza kontratua badaukazu, gutxieneko kotizazio oinarria izango da.
- Zelan eskatu behar da?
Eskubide hau Gizarte Segurantzaren Institutuak (INSSek) edo enpresak kontingentzia profesionaletarako kontratatuta daukan mutualitateak aitortu behar dizu. Hau da, lanpostua haurdunaldirako arriskutsua dela hauek egiaztatu behar dute.
Lehengo eta behin egiaztagiri medikoa beharko duzu eta hau INSSek edo mutualitateak eman behar dizu. Honetarako, haurdunaldia eta erditzearen balizko data adierazten duen Osakidetza edo Osansunbidearen txosten medikoa beharko duzu. Eta, honetaz gain, zure jardunaren eta lanpostuaren baldintzen berri ematen duen enpresa ziurtagiria.
INSSek edo mutualitateak ez badute uste arriskurik dagoenik, ez dizute egiaztagiria emango. Honen aurrean, ze bide jorratu ikusi beharko litzateke. Jarri kontaktuan sindikatuarekin.
Baiezkoa izanez gero, egiaztagiria emago dizute. Kopia bat zuretzat, beste bat enpresarentzat eta hirugarrena zerbitzu medikoarentzat.
Egiaztagiria daukazunean, enpresak ezin bazaitu beste lanpostu batean kokatu, prestazioa eskatu beharko duzu. Mutualitate edo INSSen (segun eta nork egin dizun arriskuaren egiaztagiri medikoa). INSSen bada, edozein arreta eta informazio zentrotan egin zenezake. Bulegoak HEMEN.
- Ze dokumentazio behar da?
– NAN edo TIE
– Lehen aipatutako enpresa ziurtagiria eta Osakidetza edo Osasunbidearen txostena
– Mutualitateak edo INSSek eman dizun arriskuaren egiaztagiri medikoa
– Zure lanpostuaren arriskuen berri ematen duen eta beste lanpostu batera aldatzeko ezintasuna azaltzen duen enpresa ziurtagiria