Baja bereziak: hileko ezgaitzailea, abortua, gestazioaren 39. astea
2024/05/23
1/2023 Lege Organikoko Azken Xedapenetako Hirugarrena
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 169., 172. eta 174. artikuluak
2023ko martxoaren 1ean 1/2023 Lege Organikoa argitaratu zen BOEn. Hau, berez, 2/2010 Legea (abortuaren legea) moldatzera etorri zen. Hala ere, osasun sexual eta erreproduktiboaren eskubideak jorratzen dituen legea denez gero, beste arau batzuk ere moldatu zituen. Hauen artean, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra daukagu, non artikulu honetan ekarri dizkizuegun hiru baja berri hauek islatu ziren.
Legeak baja medikoa eskatu ahal izateko hiru egoera zehaztu zituen: hileko ezgaitzaileak, abortuak eta gestazioaren 39. astetik aurrerakoak. Aldi baterako ezintasun egoera berezitzat jotzen dira araudian, gainontzeko baja medikoetatik bereizturik, eta, izan ere, prestazioaren zenbatekoari edo kotizazio premiei dagokienez, ezberdinak dira.
Honek ez du esan nahi emakumeok arrazoi hauengatik inoiz bajarik eskatu ez dugunik, jakina. Baina orain, honelako baja bat hartzen dugunean, egoera hobeagoetan egin ahal izango dugu. Hala ere arauak badauka hutsune handi-handi bat, kudeaketa bitartean enpresak zeharka jakin ahal duelako zein izan den bajaren arrazoia.
Hileko ezgaitzaile sekundarioa
Hilekoa, berez, ez da zerbait mingarria (hanturazko prozesuak molestiaren bat edo inoiz edo behin minen bat ekar diezagukeen arren). Hala ere, horretan sinistuta hazi gara, besteak beste, horren atzean ezkutatzen diren patologiak historikoki ez direlako aztertu eta gaur egun, oraindik, behar baino gutxiagotan diagnostikatzen direlako. Minik baldin badago, atzean zerbait ezkutatzen da, aurkitu ala ez aurkitu.
Legeak “hileko ezgaitzaile sekundarioa” aipatzen du eta definizioa ere ematen du: aldez aurretik diagnostikatutako patologia batek sortutako dismenorrea batek eragindako ezintasun egoera (2/2010 Legearen 2. artikulua). Zer esan nahi du honek? Patologia zehatz batek dismenorrea sorrarazten dizula (dismenorrea = hileko mingarria) eta min honek ezintasuna eragiten dizula. Patologia hau medikuak diagnostikatu behar dizu.
Patologiarik ohikoenak endometriosia, miomak, gaixotasun inflamatorio pelbikoa, adenomiosia, polipo endometrialak edo obario polikistikoak izan daitezke, besteak beste. Hauen sintomak oso mingarriak izaten dira: kalanbreak edo kolikoak sabeleko beheko partean eta bestelako sintoma batzuk ere bai, hala nola bizkarreko beheko parteko mina, goragalea, beheranzkoa, buruko mina…
Arauak dismenorrea sekundarioa baino ez du aintzat hartzen. Dismenorrea sekundarioa diagnostikatzen da atzean patologia bat aurkitu denean, oraintxe ikusi dugun bezala. Baina, hainbatetan, medikuek ez digute inolako patologiarik atzematen. Halakoetan, dismenorrea primarioa diagnostikatu ahal digute. Hau, esan bezala, arauak ez du islatzen, nahiz eta batzuetan sekundarioa bezain latza izan daitekeen.
Hileko ezgaitzaile sekundarioaren baja gertakizun arruntengatiko baja izango litzateke eta hala kalkulatuko litzateke. Hala ere, gertakizun arruntengatiko gainontzeko bajak baino baldintza probetxugarriagoak dauzka: prestazioa jaso ahal izateko, ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatzen; gainera, lehenbiziko egunetik kobratuko genuke. Aurrerago daukazu hau guztia askoz hobeto azalduta, konparaketa taula bat barne.
→ Baja berezi hau hartu ahal izateko, ez da nahikoa hileko minekin egotea. Medikuak patologia zehatz bat diagnostikatu behar izan dizu.
→ Aldez aurretiko kotizaziorik ez da eskatzen
→ Prestazioa (oinarri arautzailearen %60) lehen egunetik hasten da jasotzen
Abortuagatiko baja
Aldi baterako ezintasun egoera berezi hauen artean haurdunaldiaren etena ere aurki dezakegu. Arauak ez du ezberdintzen abortua gure borondatez izan den ala ez.
Araua indarrean hasi baino lehenago ere emakumeok bajak hartu izan ditugu abortatu behar izan dugunean. Hala ere, hileko mingarriekin gertatu bezala, baja horiek beste edozein gertakizun arrunterako bezalakoak ziren: langileak ez zuen ezer kobratzen bajaren laugarren egunera arte.
Orain, oraindik da, oro har, gertakizun arruntengatiko baja, baina hau ere probetxugarriagoa langilearentzat: ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatzen eta, gainera, bajaren lehen egunean soldata osoa kobratuko genuke (enpresak ordainduta) eta bajaren bigarren egunetik aurrera oinarri arautzailearen %60 (Gizarte Segurantzak ordainduta).
Esan dugunez, abortuak, gehienetan, gertakizun arruntengatik izaten dira. Baina lanak ere sorrarazi ahal ditu, adibidez, lan istripu baten ondorioz. Honelakoetan, baja ez litzateke gertakizun arruntengatik izango, gertakizun profesionalengatik baino. Hortaz, bajaren lehen eguneko soldata bere horretan jasoko genuke eta bigarren egunetik aurrera oinarri arautzailearen %75.
Bajaren iraupena: bajak iraungo du langileak Osasun Sistema Publikoaren arreta behar duen artean, beti ere lanerako ezinduta dagoela.
Espainiar Estatuko abortuaren legea 2010ean onartu eta 2023an moldatu zen. Moldaketa honen helburu nagusia izan zen abortu eskubidea osasun zentro publikoetan bermatzea. Hala ere, legea urratzen jarraitzen da: zenbait erkidegotan objektore erregistrorik ez da egin oraindik eta, gainera, batzuetan, nahiz eta erregistroa egin izana, ez da erabiltzen zerbitzua antolatzeko eta abortu eskubidea bermatzeko.
Izan ere, Legeak kontzientzia-eragozleen erregistroa egitera behartzen du, osasun zentro publikoak antolatu daitezen eta emakumeek dagokien zentroan eten ahal dezaten euren haurdunaldia. Hala ere, hainbat eta hainbat emakume beste lurralde batzuetara joatera behartuta daude edota klinika pribatuetara bideratuak izaten dira. Ez da harritzekoa, legeak berak aukera hau zabalik uzten du eta: “haurdunaldiaren borondatezko etendura osasun sare publikoko zentroetan edo sare honekin lotuta dauden zentroetan gauzatuko da”.
Esan beharra dago, abortuaren legearen eraldaketatik urtebetera, EAEn oraindik ez zegoela halako protokolorik osatuta eta Nafarroan “berregituratzen” ari omen zirela.
→ Haurdunaldiaren edozein etendura dela ere, izan borondatezkoa ala ez
→ Aldez aurretiko kotizaziorik ez da eskatzen
→ Bajaren lehen egunean soldata osoa bere horretan jasotzen da eta bigarren egunetik aurrera oinarri arautzailearen %60 (edo %75 gertakizun profesionalengatik izan bada)
Gestazioaren 39. astetik aurrerako baja
Gestazioaren azken asteak latzak izaten dira. Aparteko arriskurik ez dakarten lanetan ere norberak eta umeak hartutako pisuak, mugitzeko zailtasunek eta zenbait jarreratan egoteko ezintasunak (zutunik denbora luzean, esaterako) lan egitea guztiz oztopatu ahal digute.
Badakizuenez, amatasun bajaren aste batzuk erditu aurretik ere har daitezke (lau aste, orotara). Baina aukera hori ez da onena, ezta emakume gehienek hartzen dutena ere. Izan ere, gurasotasun baimenak irauten dituen aste guztiak premiazkoak dira erditze ostean geure onera itzultzeko eta jaioberria zaintzeko. Horregatik, praktikan, medikuek aspalditik gertakizun arruntengatiko baja eman izan dute (ziatika, lunbalgia edo halako arrazoiak tarteko).
Baja berri hau hartzeko ez da beharrezkoa ezein patologia zehatz argudiatzea, 39. astean sartzearekin batera eska daiteke.
Aurreko baja bietan ikusi dugu ez dela beharrezkoa aldez aurretik kotizaziorik pilatuta izatea. Kasu honetan, ordea, bai. Gurasotasun prestazioa jasotzeko eskatzen diren kotizazio berberak eskatuko dira:
– 21 urtetik beherakoa bazara, ez zaizu aldez aurretiko kotizaziorik eskatuko
– 21 urtetik gorakoa eta 26 urtetik beherakoa bazara, 90 egun kotizatu behar izan dituzu aurreko zazpi urteetan zehar
– 26 urtetik aurrera, 180 egun aurreko zazpi urteetan edo 360 egun bizi laboral osoan zehar kotizaturik izan behar dituzu.
Kasu honetan ere prestazioa lehen egunetik jasotzen da: bajaren lehen egunean soldata osoa kobratzen da (enpresak ordainduta) eta bigarren egunetik aurrera oinarri arautzailearen %60 eta 21. egunetik aurrera, %75. Prestazioa erditze egunera arte jasoko da.
Haurdunaldi bitarteko arriskuagatiko prestazioa eskatu baduzu, prestazio hori jasotzen jarraituko zenuke erditze egunera arte.
→ Ez da aparteko patologiarik diagnostikatu behar baja hau hartzeko eta 39. asteko lehen egunetik eska daiteke
→ Aldez aurretik eskatzen diren kotizazioak gurasotasun prestazioa jasotzeko eskatzen diren berberak dira
→ Bajaren lehen egunean soldata osoa bere horretan jasotzen da, bigarren egunetik aurrera oinarri arautzailearen %60 eta 21. egunetik aurrera %75
Laburbilduz, ze alde dago baja berezi hauen eta baja arrunten artean?
Hirurak gertakizun arruntengatiko bajak dira (salbu eta, ikusi dugunez, zenbait aborturen kasuan) eta, hortaz, gertakizun arruntengatiko oinarri arautzaileaz kalkulatzen dira. Jasotzen diren portzentajeak ere berdinak dira (oinarri arautzailearen %60 hasieran eta %75 21. egunetik aurrera). Diferentzia prestazio egunetan eta aldez aurretiko kotizazioetan datza.
Gaixotasun arrunt bat daukagunean edo istripu arrunt bat izan dugunean (lanarekin zerikusirik ez daukatenak, alegia) lehenbiziko hiru egunetan ez da ezer jasotzen. Bajan gauden laugarren egunetik hogeigarrenera, oinarri arautzailearen %60 jasotzen dugu eta 21. egunetik aurrera, %75. Ezintasun egoera berezi hauetan, ordea, lehen egunetik kobratuko genuke.
Bestetik, aldi baterako ezintasun arruntagatiko prestazioa jasotzeko, oro har, gutxieneko kotizazio batzuk pilatuta izan behar ditugu: 180 egun kotizaturik aurreko 5 urteetan zehar. Hileko ezgaitzaileagatik eta abortuagatik ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatzen. Eta gestazioaren 39. astetik aurrerako baja hartzeko, gurasotasun prestaziorako eskatzen diren kotizazio berberak eskatzen dira. Aurreko atalean ikusi dugunez, baja arrunt bat hartzeko baino malguagoak dira.
Azkenik, gogoratu, oro har, gertakizun arruntengatiko bajak badira ere, abortuaren kasuan balitekeela gertakizun profesionalengatik izatea. Lehen esan dugunez, abortua lanak eragin badizu, hala izango litzateke. Aldi baterako ezintasuna gertakizun profesionalengatik denean, lehen egunetik kobratzen da eta ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatzen. Honela, bajaren lehen eguneko soldata bere horretan jasoko genuke eta bigarren egunetik aurrera oinarri arautzailearen %75.
⇒ Taula honetan (eta artikulu osoan) azaltzen diren prestazioaren ehunekoak legeak ezartzen dituen gutxienekoak dira. Hala ere, zenbait hitzarmen kolektibotan hobetzen dira, baita ehuneko ehunera osatu ere.
Enpresak bajaren arrazoia jakin dezake
Artikuluaren hasieran iragarri dizuegu: arauak hutsune handi-handi bat dauka.
Langileok, gaixotu eta baja bat hartzen dugunean, ez gaude behartuta enpresari arrazoia zein izan den esatera, esan ahal diogu ala ez, egia esan ahal dugu ala gezurra. Enpresak ez dauka hori jakiteko inolako eskubiderik. Enpresak jasotzen duen baja partean ere ez da arrazoia islatu behar. Osasun datuak pribatuak dira, baita enpresarentzat ere.
Hala ere, hiru baja berezi hauek kode espezifiko batek lagunduta doaz (gainontzeko kasuetan ez da halakorik egiten). Gizarte Segurantzak, FIE fitxategiaren bidez, enpresari jakinarazten dion partean kode espezifiko hau azaltzen da. Honek esan nahi du enpresak jakin dezakeela zein izan den bajaren arrazoia.
Kode espezifiko batez lagunduta joateko arrazoia da baja bereziak direla eta, ikusi dugunez, prestazioa ezberdin ordaindu behar dela. Aldi baterako ezintasun egoerak Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen arren, eskuordetzaz egiten du (gaztelerazko “pago delegado”). Hau da, lehenengo eta behin, enpresak langileari dirua aurreratzen dio eta, gerora, Gizarte Segurantzak itzultzen dio.
Intimitate eskubidearen urraketa honek arazoak ekarri ahal dizkiete langileei hainbat enpresatan. Arrazoiak begi-bistakoak dira. Enpresak baldin badaki bere langileetako batek hileko mingarriak dauzkala suposa dezake hilabetero hartuko duela baja: balizko kaleratzeak, promoziorako aukerarik gabe uztea, hilekoaren mina ez agoantatzeagatik (sic.) makal eta ahul hutsa dela pentsatzea… Eta abortuaren kasuan zer esanik ez. Segun eta zein den enpresa eta, batez ere, segun eta norena den, arazo potoloak etor daitezke.