Baja bereziak: menopausia, organo edo ehunen donazioa eta genero indarkeria
2026/11/05
— 31/2026 Lege-Dekretua, Gizarte Segurantzaren eta beste arau sozial batzuen babesa hobetzen duena
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra (169., 171., 172. eta 173. artikuluak)
Madrileko Gobernuak babes sozialarekin lotutako hainbat neurri hobetu ditu (2026ko urriaren 21eko BOE). Hauen artean, artikulu honetan kontatzen dizugun baja “berri” hauek daude.
“Berri” diogu, kakotxoen artean, hiru kasu hauek sorrarazten dituzten hainbat arazo mediko, lesio edo lanerako ezintasun, honezkero, baja medikorako arrazoia izan zitezkeelako berez. Hala ere, araudi berriak aldi baterako ezintasuneko egoera berezien artean kokatzen ditu eta egoera berezi hauek, ikusiko dugunez, baldintza onuragarriagoak dituzte gaixotasun arruntengatiko ohiko bajek baino. Beste egoera berezi batzuk dira, besteak beste, hileko ezgaitzailea, abortua edo gestazioaren 39. astea:
Nahasmendu menopausiko mugatzaileagatiko baja
Ezer baino lehen, argi izan behar dugu menopausia edo perimenopausia, euren horretan, ez direla arrazoi nahikoa baja medikoa hartzeko, nahiz eta zenbait sintoma pairatu. Edozein kasutan, emakume guztiok klimaterioa pasatu arren, sintoma horiek, hainbatetan, larriak eta benetan ezgaitzaileak izan daitezke.
Araudiak ez ditu sintoma hauek zehazten edo zerrendatzen, baina argi uzten du ezinbestekoa dela kodifikazio diagnostiko zehatza daukan patologiaren bat pairatzea eta patologia honek lan egitea galaraztea. Hortaz, gainontzeko bajekin gertatu modura, irizpide erabakigarria balorazio medikoa da.
Izan ere, sintomarik ezagunenak beroaldiak badira ere, menopausia eta perimenopausiaren ondorioak askoz harago doaz. Oso ohikoa da, esaterako, kontzentrazio eta memoria arazoak izatea, “laino mentala” deritzon horretan sartuta bizi delako sentsazioa, alegia. Estrogenoen jaitsierak, bestetik, zorabioak, bertigoak, baita takikardiak ere sorrarazi ahal ditu. Zenbaitetan, tinnitus edo akufenoak ere pairatu ahal dira edo gorputz atalak lokartu ahal zaizkigu (parestesia). Esan dugunez, estrogenoen maila jaitsi egiten da eta honek nerbio-sistema bete-betean jotzen du; beraz, emakumeok duela gutxira arte, isilean eta lotsaz jasan badugu ere, ez da bromako kontua.
→ Baja berezi hau hartu ahal izateko, ez da nahikoa menopausiaren sintomak pairatzea. Medikuak patologia zehatz eta mugatzaile bat diagnostikatu behar izan dizu.
→ Aldez aurretiko kotizaziorik ez da eskatzen.
→ Bajaren lehen egunean soldata osoa bere horretan jasotzen da, bigarren egunetik aurrera oinarri arautzailearen %60 eta 21. egunetik aurrera %75.
Organo edo ehunen donazioagatiko baja
Organo edo ehunen donazioa, gehienetan, pertsona hil ostean egin ohi da, baina hainbat kasutan “inter vivos” ere gauzatzen da. Hauetako ohikoenetako bat giltzurrunen donazioa izaten da, adibidez.
Langile batek organo edo ehunen bat eman nahi duenean, ebakuntza ez ezik, prestaketa ere beharrezkoa izaten da. Legeak bi egoera hauek hartzen ditu kontuan. Gainera, beren-beregi aipatzen da arreta medikoa jasotzen den egun guztiak barne sartuko direla, izan hauek segidan, izan aldizkakoak, beti ere pertsona hori lanerako ezinduta baldin badago.
→ Segidako egunak edota aldizkakoak, bai ebakuntzarako, bai eta prestaketarako ere.
→ Aldez aurretiko kotizaziorik ez da eskatzen.
→ Bajaren lehen egunean soldata osoa bere horretan jasotzen da, bigarren egunetik aurrera prestazioa. Kasu honetan prestazioa oinarri arautzailearen %100 izango da.
Genero indarkeriagatiko baja
“Genero indarkeria” terminoa erabiltzen dugu, horixe baita indarkeria matxistaren mota honi legez eman zaiona: erasotzailea biktimaren bikotekidea den edo izan deneko kasuak sartzen dira bertan.
Hortaz, langilearen lesioak bikotekideak edo bikotekidea izandakoak eragiten dituenean eta lesio hauek lan egitea eragozten dutenean baja berezi hau tramitatu beharko litzateke. Osakidetzako edo Osasungintzako medikuak egoera berezi hau dagokion kodearekin identifikatu beharko du
ADI! Baja berezitzat hartzeko, beharrezkoa da, alta jaso baino lehen, honelako dokumenturen bat edukitzea:
- babes agindua
- kautelazko neurriren bat ezartzeko ebazpena
- genero indarkeriaren zantzuak adierazten dituen fiskaltzaren txostena
- zigor-epaia
- osasun dokumentu ofizialak fiskaltzari edo organo judizialari helarazi izana
Dokumentu hauetan espresuki adierazi beharko da baja sorrarazi duen lesioa eta erasotzailearen zigorra, babes-agindua edo ikerketaren hasiera ekarri duen indarkeria ekintza loturik daudela edo, hobeto esanda, horren ondorioa dela.
→ Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako lesioak izan behar dira.
→ Indarkeria ekintzaren ondorioz izan direla egiaztatzen duen dokumentazioa atxiki beharko da.
→ Aldez aurretiko kotizaziorik ez da eskatzen.
→ Bajaren lehen egunean soldata osoa bere horretan jasotzen da, bigarren egunetik aurrera oinarri arautzailearen %60 eta 21. egunetik aurrera %75.
Ze alde dago baja berezi hauen eta baja arrunten artean?
Hirurak gertakizun arruntengatiko bajak dira eta, hortaz, gertakizun arruntengatiko oinarri arautzaileaz kalkulatzen dira. Jasotzen diren portzentajeak ere berdinak dira: oinarri arautzailearen %60 hasieran eta, 21. egunetik aurrera, %75; salbu eta donazio kasuetan, non %100 jasoko den. Alderik nagusiena prestazio egunetan eta aldez aurretiko kotizazioetan datza.
Gaixotasun arrunt bat daukagunean edo istripu arrunt bat izan dugunean (lanarekin zerikusirik ez daukatenak, alegia) lehenbiziko hiru egunetan ez da ezer jasotzen. Bajan gauden laugarren egunetik hogeigarrenera, oinarri arautzailearen %60 jasotzen dugu eta 21. egunetik aurrera, %75. Ezintasun egoera berezi hauetan, ordea, lehen egunetik kobratuko genuke.
Bestetik, aldi baterako ezintasun arruntagatiko prestazioa jasotzeko, oro har, gutxieneko kotizazio batzuk pilatuta izan behar ditugu: 180 egun kotizaturik aurreko 5 urteetan zehar. Hiru egoera berezi hauetan, ordea, ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatzen.
⇒ Taula honetan (eta artikulu osoan) azaltzen diren prestazioaren ehunekoak legeak ezartzen dituen gutxienekoak dira. Hala ere, zenbait hitzarmen kolektibotan hobetzen dira, baita ehuneko ehunera osatu ere.
Enpresak bajaren arrazoia jakin dezake
Ikusi dugunez, hiru egoera berezi hauek lehendik martxan jarri ziren beste hiruei gehitu zaizkie. Bada, aurretiaz ere ohartarazi genuenez, arauak akats oso larria dauka.
Izan ere, langileok, gaixotu eta baja bat hartzen dugunean, ez gaude behartuta enpresari arrazoia zein izan den esatera, esan ahal diogu ala ez, egia esan ahal dugu ala gezurra. Enpresak ez dauka hori jakiteko inolako eskubiderik. Enpresak jasotzen duen baja partean ere ez da arrazoia islatu behar. Osasun datuak pribatuak dira, baita enpresarentzat ere.
Hala ere, egoera bereziengatiko bajak kode espezifiko batek lagunduta doaz. Honek artikulu honetan azaldu ditugun hiru egoerei zein gainontzeko hiru baja bereziei (abortu, hileko ezgaitzaile eta gestazioaren 39. Astera heldu izanagatiko bajei, alegia). Gizarte Segurantzak, FIE fitxategiaren bidez, enpresari jakinarazten dion partean kode espezifiko bat azaltzen da. Honek esan nahi du enpresak jakin dezakeela zein izan den bajaren arrazoia.
Kode espezifiko batez lagunduta joateko arrazoia da baja bereziak direla eta, ikusi dugunez, prestazioa ezberdin ordaindu behar dela. Aldi baterako ezintasun egoerak Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen arren, eskuordetzaz egiten du (gaztelerazko “pago delegado”). Hau da, lehenengo eta behin, enpresak langileari dirua aurreratzen dio eta, gerora, Gizarte Segurantzak itzultzen dio. Gainera, ikusi dugunez, egoera hauetako zenbaitek trataera berezia daukate, hala nola organoen donazioagatiko baja, zeinengatik ehuneko altuagoa jasotzen den.
Intimitate eskubidearen urraketa honek arazoak ekarri ahal dizkiete langileei hainbat enpresatan. Arrazoiak begi-bistakoak dira. Enpresak baldin badaki bere langileetako batek hileko mingarriak dauzkala edo menopausia latza pasatzen ari dela suposa dezake baja anitz hartuko dituela: balizko kaleratzeak, promoziorako aukerarik gabe uztea, hilekoaren mina edo menopausia edo ez agoantatzeagatik (sic.) makal eta ahul hutsa dela pentsatzea… Eta abortuaren kasuan zer esanik ez. Segun eta zein den enpresa eta, batez ere, segun eta norena den, arazo potoloak etor daitezke.




