Dirua erabiltzeagatiko kalte-ordaina (plusa)

2021/11/03

 
Zertan datza?

Dirua erabiltzeagatiko kalte-ordaina zenbait langilek jasotzen duten plusa edo osagarria da. Zenbait lanetan esku-diruarekin ibili behar izaten gara, ordainketak egiteko edo bezeroei kobratzeko. Honelakoetan, baliteke okerrak suertatzea edo dirua galtzea.

Kasu batzuetan langile hauek plus bat jasotzen dute: dirua erabiltzeagatiko kalte-ordaina edo gazteleraz “quebranto de moneda” deitzen dena. Plus honen helburua da gerta daitezkeen arrisku eta kalteei aurre egitea. Bestela esanda, kutxaren deskoadrea suertatzen denean eta langilearen erruz izan denean, enpresak kopuru hori plusetik deskontatu ahal izango dizu (plusetik eta plusa heltzen den kopurura arte, baina ez soldatatik, geroxeago ikusiko dugunez).

Plus hau ez dago Langileen Estatutuan islatuta eta ez dute langile guztiek jasotzen; hitzarmen kolektiboan edo kontratuan azaldu behar da. Beraz, ezer baino lehenago, kontsultatu zure hitzarmena.


Soldatatik kanpoko osagarria

Osagarri honen helburua ez da egindako lana ordaintzea, baizik eta lanean paira ditzakegun kalteak konpentsatzea. Horrexegatik dauka kalte-ordainaren izaera. Hau dela eta, ez da soldatatzat hartzen (legalki), soldatatik kanpoko osagarritzat baino (Langileen Estatutuaren 26.2 artikulua).

Hortaz, soldatatik kanpoko osagarria denez, soldatatik kanpoko beste osagarriekin gertatu bezala, dirua erabiltzeagatiko kalte-ordaina:

Oinarrizko soldataz eta soldata osagarriez gehiago jakin nahi baduzu:

Zenbat jasotzen da?

Lehen esan dugunez, osagarri hau hitzarmen kolektiboan jasotzen da eta, hortaz, hitzarmen bakoitzak adieraziko du zelan arautzen den enpresan edo sektorean.

Praktikan hitzarmen hauetan ezarrita dagoena kantitate finko bat izaten da; honela, balizko deskontuak kantitate finko horren gainean aplikatuko lirateke. Hala ere, ez da bermatzen diru-galera osoa estaliko duenik.  

Hortaz, falta den diru kopurua txikiagoa bada plusak bermatzen duena baino, ez litzateke arazorik izango. Baina zer gertatuko litzateke falta den zenbatekoa handiagoa balitz?

Oro har, langileak plus hau jasotzen du balizko deskoadreak konpentsatzeko. Deskoadreak kantitate hori gainditzen ez duen bitartean, normalen osagarritik deskontatzen da automatikoki, galeraren nondik-norakoetan gehiegi sakondu barik (honek ez du esan nahi itsu-itsuan onartu behar dugunik). Hala ere, arazoak egon daitezke kantitate handiagoak falta direnean. Lehenengo eta behin argitu beharko da langilearen erantzukizuna zein izan den:

• Engainuzko galera izan bada (gaztelerazko “quebranto doloso”), hau da, langileak diru hori kutxatik hartu badu: honek langileari hainbat ondorio ekarri ahal dizkio. Erantzukizun zibiletik indemnizatu beharraz gain, erantzukizun penala ere ekar lezake eta kaleratzea ekar lezakeen zehapena enpresa barruan.

• Oharkabean gertatu bada edo arduragabekeriagatik izan bada: erantzukizuna langilearena edo enpresarena izan daiteke. Baliteke hitzarmenak honen inguruko prozedurarik ekartzea. Hala eta guztiz ere, Lanaren Zuzenbidean bada oinarrizko printzipio bat: sor daitezkeen arriskuak enpresarioak hartu behar ditu bere gain.

Beste era batera esanda, dirua erabiltzeagatiko kalte-ordainetik goragoko diru galerak direnean, ezer baino lehen, jakin behar da erantzukizuna langilearena edo enpresarena izan ote den. Langilearen erantzukizuna izango da, baldin eta engainuzko galera izan bada, edo itzulinguru barik esanda, langileak kutxan eskua sartu badu (eta hau frogatzen bada). Bestela, lanean suertatu den balizko oker baten ondorioz izan bada eta langilearen aldetik ez bada jokabide larririk izan, langileak ez du zertan plusetik goragoko kantitate horiek ordaindu. Izan ere, enpresan suerta daitezkeen arriskuak enpresak berak hartu behar ditu bere gain.

 

Eta osagarririk ez dagoenean, galdutako dirua deskontatu ahal dizute?

Ikusi dugunez, dirua erabiltzeagatiko kalte-ordaina jasotzen badugu, plus horren mugara arte deskontatu ahal izango digute hurrengo nominan, baina ez hortik aurrera. Laburbilduz, guk ez dugu zertan enpresaren jardunean suertatzen diren galerak geure poltsikotik ipini. Esan bezala, eta enpresarioek hainbestetan errepikatzen duten moduan, arriskuak euren kontura doaz -irabaziak eurenganatzen dituzten bezalaxe-; hortaz, ezin zaizkie langileei egotzi.

Baina, jakina, enpresa asko eta askotan ez dago honelako plusik. Eta, hala ere, oso ohikoa izaten da, batez ere ostalaritzan eta halakoetan, ugazabari entzutea kutxan ezer faltaz gero, langileek ipini beharko dutela.

Hau ez da horrela.

Plus hau jasotzen ez baduzu, ezin dizute ezer deskontatu. Inoren konturako langileok, esan bezala, ez dugu parte hartzen ez mozkinetan ez eta arriskuetan ere. Baina, honetaz gain, Langileen Estatutuaren 58.3 artikuluak dioenez, enpresak ezin du isun edo zehapen ekonomikorik ezarri (horixe esan nahi du aipatutako artikuluan azaltzen den “multa de haber” esapideak).

Honek ez du esan nahi enpresak ezin dezakeenik ezer egin lapurreta edo axolagabekeria oso larrien aurrean. Langileen hutsegiteak zigortu ahal dira, baina beti ere araudiak ezartzen duenaren arabera. Langileen Estatutuak hutsegite larrienen zerrendatze bat egiten du 54. artikuluan, kaleratze diziplinarioaz zigor daitezkeenak, artikuluan bertan azaltzen denez. Bestelako hutsegiteetarako ikusi beharko da zer ezartzen duen hitzarmen kolektiboak.

Hortaz, enpresak zehapenak jartzeko ahalmena dauka eta auzitegietara ere jo dezake. Honek ez du esan nahi guk enpresaren erabakia onartu behar dugunik eta, jakina, prozedura judiziala zabaltzen bada, enpresa izan beharko da frogak emango dituena.

Hala ere, ezin izango dizu sekula nominatik ezer deskontatu. Areago, gertatutakoa gertatuta, enpresan lan egiten duzun bitartean, nomina osorik jaso beharko duzu.

Azkenik, gogoratu nahi dizuegu zehapenak inpugnatzeko epea 20 egun baliodun direla