Enpresen tranparik ohikoenak kaleratzeetan

2022/11/16

 

Enpresak, askotan, kaleratze prozesuetan, langilea engainatzen ahalegintzen dira. Tranpa hauek delitu izatera ere hel daitezke. Betiko moduan, zenbaitek uste dute eurentzat dena dela zilegi. Bilatzen dutena, jakina, dagokiena baino gutxiago ordaintzea izaten da. Honetarako, hainbat tranpa erabiltzen dituzte, kaleratzea inpugnatzeko epea pasa dakigun edo inpugnazioa bera ekiditeko.

Ikusiko dugunez, oso ohikoa da langabezia prestazioarekin, finikitoarekin edo kalte-ordainarekin jolastea; hau da, horrelakorik jasoko ez duzula mehatxatzea, ez baduzu hau edo bestea egiten. Baina enpresek ez daukate inolako eskumenik horretan. Langabezia prestazioa, finikitoa eta kalte-ordaina zeure eskubideak dira eta enpresak ezin du ezer esan edo egin dagokizuna kentzeko. Halako kontuetan inork ez ditu kofradiko egin.

Ikus dezagun, bada, zelako egoerak suerta ahal zaizkigun:

 

Kaleratze gutunik ez ematea /ahoz kaleratzea:

Kaleratzen gaituztenean beti eta salbuespen barik, idatziz egin behar dute eta kaleratze gutuna deritzon dokumentuan islatu behar da.

Dokumentu honetan kaleratzearen arrazoia eta datak azaldu behar dira. Geroxeago azalduko dugunez, datek berebiziko garrantzia daukate kaleratzea inpugnatu ahal izateko (eta langabezia prestazioa sasoiz jasotzeko).

Kaleratze gutunik ez emate hutsak (edo kaleratze gutuna txarto egite hutsak) kaleratze hori epaitegietan bidegabetzat jotzea ekar dezake, kalte-ordain handiagoarekin.

Hortaz, gutunik ez badago, jokatuko dugu kaleratuak izan ez bagina bezala; hau da, hurrengo egunean lanera itzuliko gara. Izan ere, ahoz esaten digutenean berriro ez joateko lanera, enpresari aukera bi zabaltzen zaizkio:

  • Diziplinazko kaleratzea aplikatu ahal digute, lanera ez joategatik. Diziplinazko kaleratzeetan kalte-ordainik ez dagoenez, eurek diru hau aurreratzen dute eta guk galdu.
  • Borondatezko baja tramitatu ahal digute. Lanera joateari utzi diogunez, lana geure borondatez utzi dugula argudiatu ahal dute. Honek ondorio larriagoak dauzka; kasu honetan, ez garelako langabezia egoera legalean egotera pasatuko eta, hortaz, ezin izango dugulako langabezia prestaziorik eskatu.

Kaleratze gutuna artikuluan zabalago daukazue hau guztia azalduta:

Gutuna aurretik jarri eta denborarik ez eman ezer irakurtzeko

Hasieran esan dugunez, kaleratze gutunean hainbat tranpa egin daitezke, kaleratzearen arrazoietatik hasita, okerreko datak jartzeraino, kalte ordaina txarto kalkulatzetik pasatuta.

Ez gara engainatuko, estutasun momentuak izaten dira; are gehiago, enpresaren partetik presa ematen badizute edo mehatxuka hasten bazaizkizu. Hau dela eta, bulegora deitzen badizute kaleratze gutuna emateko, garrantzitsua izaten da lagundurik joatea, lekukoak izateko. Edo, bestela, elkarrizketa mugikorrarekin grabatzea (grabaketa hauek balio osoa daukate epaiketetan). Hala ere, beste batzuetan, kaleratze gutuna eskura emango digute lanpostuan bertan, lekukoak lortzeko edo grabaketa prestatzeko denborarik gabe.  

Edozein kasutan, kaleratze gutuna sinatzerakoan, ezer baino lehen, idatzi “desados/no conforme” eta, horrekin batera, gutunaren entrega data ere adierazi sinadurarekin batera. Horrela, erraztasun handiagoak izango ditugu kaleratzea inpugnatzen dugunean. Gauza bera egin behar da beti finikitoarekin: “desados/no conforme” idatzi. Gerora denbora izango dugu kalkuluak hobeto egiteko eta dagokiguna erreklamatzeko.

 
Gutunaz gain, beste idazki batzuk ere sinarazi.

Ez sinatu beste idatzirik, ezta paper zuririk ere. Enpresa ahalegindu ahal da beste idazki batzuk sinarazten, hala nola, borondatezko baja edo akordio moduren bat. Hau da, idazki bat non adierazten den ez duzula ezer salatuko.

 
“Sinatu borondatezko baja, horrela ez duzu arazorik edukiko langabezia kobratzeko”

Jadanik azaldu dugunez, justu-justu kontrakoa gertatuko da. Borondatezko baja sinatzen baduzu, ez zara langabezia egoera legalean egongo eta, hortaz, ezin izango duzu langabezia prestazioa eskatu. Honetaz gain, borondatezko baja hartzen baduzu, ez duzu kaleratzeagatiko kalte-ordainik izango.

Langabezia egoera legalaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:

Honelako proposamenak mehatxuen atzetik etorri ohi dira. Hau da, lehengo eta behin enpresak esango dizu, kaleratzea inpugnatuz gero, oso zail ipiniko dizutela langabezia kobratzeko, enpresa handia delako, abokatu pila daukatelako eta abar luzea eta, segidan, esango dizu askoz hobe izango dela zuretzat borondatezko baja sinatzea. Gezur galanta da hau alde guztietatik: langabezia edozein kasutan eskatu ahal izango duzu eta enpresa ezin da horretan sartu, ez dauka horretan esatekorik. Eta berdin da kaleratzea inpugnatzen baduzu edo enpresa edozein arrazoirengatik salatzen baduzu, esan bezala, zeure eskubidea da eta ezin dute ezer egin eskubide hori ukatzeko edo “zailtzeko”.

 
Data faltsuak ipini

Kaleratze gutunean data garrantzitsu bi azaldu behar dira: alde batetik, gutunaren entrega data (noiz eman dizuten) eta, bestetik, kaleratzearen data (noiz hasiko den kaleratzea indarrean).

Enpresa behartuta dago kaleratze objektibo eta kolektiboetan 15 egun lehenago jakinaraztera. Honi aurreabisua deitzen zaio. Diziplinazko kaleratzeetan aurreabisua ez da derrigorra eta, normalean, kaleratzearen data gutunaren entrega eguna bera izaten da. Enpresak ez badu aurreabisuaren epea betetzen, 15 egun horiek ordaindu beharko dizkigu eta zenbateko hori finikitoan gehitu beharko du. Hortaz, beste data bat jartzen badu, seguruenik aurreabisuko 15 eguneko soldata hori ez ordaintzeko egingo du, besteak beste.

Kaleratzearen data argi azaltzea oso inportantea da beste arrazoi batzuengatik ere bai. Izan ere, data horretatik aurrera epe bi hasiko dira zenbatzen. Alde batetik, kaleratzea inpugnatzeko 20 egun baliodun dauzkagu. Epe hau pasatuko balitzaigu, ezingo genuke kaleratzea salatu. Bestetik, data honetatik aurrera langabezia egoera legalean gaude eta langabezia prestazioa eska dezakegu. 15 egun baliodun dauzkagu honetarako, kaleratze egunetik aurrera zenbatzen hasiko direnak. Berandutuko bagina, ez genuke prestazioa eskatzeko eskubidea galduko, baina epez kanpo pasatutako egunak ez genituzke kobratuko.

 
Kaleratze gutuna sinatzen ez baduzu edo “desados” jartzen baduzu, ez duzula finikitoa edo kalte-ordaina kobratuko.

Ez dizugu gomendatzen kaleratze gutuna ez sinatzeko. Azken batez, kaleratze gutuna jakinarazpena baino ez da eta zure sinadurak adierazten duen bakarra da jakinarazpen hori jaso duzula. Gainera, kaleratze gutunik ez edukitzeak zure kontra joka dezake, ez baitakizu zer argudiatzen duen enpresak zure kontra, ezta gutuna ondo osatu ote duen ere. Gure gomendioa beti izaten da “desados” jartzeko, bai gutunean, bai finikitoan.

“Desados” jartzeko eskubidea daukazu eta honetan ere enpresak ez dauka zereginik. Finikitoa eta kalte-ordaina ordaintzera behartuta dago legez. Halako mehatxuek edo ez ordaintzeko ahaleginek enpresaren kontra etorriko dira, edozein kasutan. Ikus dezatela ezin dizutela halako gezurrik sartu.

 
“Kaleratzea inpugnatzen baduzu, ez dizut enpresa ziurtagiririk emango SEPEn aurkezteko eta langabezia prestaziorik gabe geratuko zara”.

Beste gezur borobil bat. Egia da enpresak langabezia jasotzea zaildu edo berandutu ahal duela, zelan edo halan, enpresa ziurtagiria ez emanda. Hala ere, halako kasuetan SEPE izango da dokumentazioa erreklamatuko diona eta, ukatuz gero, seguruenik, salaketa bat sartuko dio Lan Ikuskaritzan.

Erraza da konprobatzea lanean ez zaudela. Azken batez, kaleratu bazaituzte, zure bajaren berri eman diote Gizarte Segurantzari, handik aurrera ez kotizatzeko zugatik. Laburbilduz, datu guztiak sisteman daude, enpresa ziurtagiritik harago. Eta, esan bezala, arazo potoloa izan dezakete enpresan, zuk baino askoz potoloagoa, zeren eta langabezia prestazioa bai ala bai jasoko baituzu, eurek isuna jaten duten bitartean.

 
“Kaleratzea inpugnatzen baduzu, ez duzu langabezia prestaziorik jasoko, harik eta epaiketa amaitu arte”.

Gezurtatu behar den beste zentzugabekeria bat. Langabezia prestazioak ez dauka zerikusirik balizko epaiketekin. Gauza bakoitza bere aldetik doa. Langabezia egoera legalean geratzen zaren momentutik prestazioa eska dezakezu. Gogoratu 15 egun daudela eskatzeko eta, beranduago eginez gero, pasatutako egunak galduko dituzula.

 
Enpresak negoziatu nahi du

Hobeto esanda, enpresak zorabiatu edo nahastu nahi zaitu, ea suertea daukan eta kaleratzea inpugnatzeko denbora pasatzen zaizun.

Negoziatu, negoziatu egingo duzue, baina behin salaketa jarrita. Izan ere, honelakoetan -lan arloko gatazka gehienekin gertatu bezala- epaiketara heldu baino lehenago, kontziliazio txartela sartu behar da. Honek esan nahi du ahalegin bat egin behar dela, auzitegietara heldu aurretik, akordio batera heltzeko.

Adiskidetze ekimen horretan alde biek (langileak eta enpresak) hartzen dute parte adiskidetze edo bitartekaritza erakunde baten laguntzarekin.  Gehiago jakin nahi baduzu prozedura honen inguruan, jo beste artikulu honetara:

Kontratazio berrien promesa

Askotan enpresak eskatzen digu kaleratzearen aurrean ezer ez egiteko eta ezer ez erreklamatzeko, geroxeago (hurrengo hilabetean edo batek daki noiz) berriro kontratatuko gaituzte eta. Honelakoetan hasten direnean, ez izan zalantzarik, seguru zuri dagokizun diruren bat aurreratu nahi dute. Sama egingo nuke kalte-ordaina edo finikitoa edo biak txarto kalkulatu dizkizutela (ez bada, zuzenean, ezer ordaintzeko asmorik ez daukatela).

Enpresak berriro kontratatu ahal zaitu ederto batean, baina, kaleratzen bazaitu, ordaindu beharreko guztia ordaindu behar dizu. Esan barik doa promesa hauek gehienetan gezurra izaten direla eta hurrengo hilabetean, sekula helduko ez den deiaren zain gera zaitezkeela, esku bat aurrean eta bestea atzean.

Zenbaitetan, enpresen asmoa izan daiteke langilea berriro hartzea, baina autonomo faltsu moduan. Kontuz honekin, mesedez! Legala ez izateaz gain, eta, hortaz, guztiz salagarria, langile moduan izango zenituzkeen eskubideak galduko zenituzke, gastu guztiak ordaindu behar izateaz gain (Gizarte Segurantza, autonomoen kuota, Ogasuna…). Autonomo faltsuen inguruan gehiago jakin nahi baduzu:

Txarto kalkulatutako kalte-ordainak edota finikitoak

Hau oso-oso ohikoa izaten da. Gogoratu lan harremana amaitzen den guztietan finikitoa jaso behar dugula. Finikitoan, zelanbait esateko, enpresa eta langilearen artean dauden zorrak kitatu egiten dira. Hau da, enpresak zor dizkigun kantitateak finikitoan ordaindu behar dizkigu. Hemen sartzen dira, esaterako, azken hilabetean lan egin dugun baina kobratu ez ditugun egunak, disfrutatu ez ditugun oporrak, aparteko pagen zati proportzionala, lehen komentatu ditugun aurreabisuko egunak…

Finikitoa lan harremana amaitzen den kasu guzti-guztietan jaso behar da eta ondo konprobatu kalkulu guztiak ondo eginda daudela. Hori dela eta, beti gomendatzen dizuegunez, idatzi beti “desados” eta jo sindikatura erreklamaziorik egin behar ote den aztertzeko.   

Finikitoaz gehiago jakiteko:

Bestetik, kaleratze bazaituzte beti jaso beharko duzu kaleratzeagatiko kalte ordaina. Salbuespen bakarra diziplinazko kaleratzea da. Horregatik enpresa asko ahalegintzen dira langilea formula honekin botatzen, nahiz eta benetako arrazoirik eman ez izana. Kaleratze objektiboak aplikatzen direnean ere, askotan arrazoiak ez dira behar bezala frogatzen edo kaleratzeak ez ditu baldintza formalak betetzen. Kasu hauetan guztietan kaleratzea bidegabea izango litzateke eta, hortaz, kalte-ordain altuagoa egokituko litzaiguke. Honetaz gain, behin-behineko kontratua amaitzen denean ere kalte-ordaina jasotzeko eskubidea daukazu (nahiz eta kaleratzea ez izan). Kaleratze moten inguruan:

Azkenik, gogoratu enpresak kalte-ordaina kaleratze gutunarekin batera ordaindu behar dizula (ez beranduago). Finikitoa kaleratze gutunarekin batera edo kaleratze egunean ordaindu beharko dizu (aurreabisua baldin badago, askotan finikitoa azken lan egunean ordaintzen da, kantitate guztiak ondo doitzeko). Edozelan, dokumentua ematearekin batera, ordaindu egin behar dizu finikitoa.

 
Zerrenda beltzak eta balizko aurrekariak

Langileak beldurtzeko enpresen asmakizun hutsa da hau. Askotan enpresak langilea mehatxatzen du, “arazorik emanez gero, sektoreko zerrenda beltzera” sartuko dutela esanda. Edo, bestela, salaketa bere bizi laboralean islatuko dela eta beste inork ez duela kontratatuko.

Ez dago halako zerrenda beltzik eta, gainera, gure bizi laboraletan ez da sekula halakorik islatzen. Esan nahi baita, bizi laborala administrazioak osatzen duen dokumentua da eta bertan azaltzen diren datu bakarrak izaten dira alta eta baja egunak eta ze enpresatan egin dugun lan. Ez da inolaz ere agertzen salaketarik jarri ote dugun edo zergatik kaleratu gaituzten edo halako daturik.

Eta gogoratu gomendio hauek:
  • Kaleratze gutuna emateko deitzen dizutenean, ahalegindu bakarrik ez joaten edo grabatu elkarrizketa
  • Idatzi beti “desados/no conforme”, bai kaleratze gutunean, bai finikitoan
  • Idatzi, sinadurarekin batera, gutunaren entrega eguna
  • Gogoratu 20 egun baliodun daudela kaleratzea inpugnatzeko. Beraz, ez galdu denborarik eta jarri kontaktuan sindikatuarekin ahalik eta lasterren.