Kaleratu ahal zaituzte bajan egon bitartean?
Bajan egon bitartean bai kaleratu ahal zaituzte, baina ez bajan egoteagatik. Hau da, suposatzen da kaleratzeaaren arrazoia ezin dela hori izan. Hala ere, enpresa askok bestelako arrazoi batzuk ematen badituzte ere, nahiago izaten dute bajan dagoen langilea kaleratu bere ordez beste bat kontratatzeko. Kasu hauetan benetako arrazoia horixe izan dela frogatzea izango da gakoa. Jarri kontaktuan sindikatuarekin ahalik eta lasterren, kontuan izanda kaleratzea inpugnatzeko epea 20 egunekoa baino ez dela.
Zelan jakin dezakezu kaleratu ote zaituzten ez bazaude enpresan lanean?
Baliteke enpresak joateko deitzea; hala ere, bajan zaudenez eta, batez ere, joatea galarazten dizun gaixotasuna badaukazu, ez zaude behartuta.
Berez, enpresak idatziz jakinarazi beharko lizuke, kasu honetan normalena da burofax batez egitea, enpresa kaleratze karta ematera behartuta baitago. Jaso ezazu burofaxa, zeren eta jasotzen ez baduzu ere, berdin-berdin egongo baitzara kaleratuta.
Baliteke enpresak ez bidaltzea ezer. Honetarako, besteak beste, komenigarria da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak zure telefono mugikorra edukitzea, honek Gizarte Segurantzaren alta eta baja guztiak automatikoki bidaltzen dituelako langileen zenbakietara. Hau gertatuko balitz, hau da, enpresak ez balizu jakinaraziko eta Gizarte Segurantzak honen berri emango balizu, “kaleratze tazitutzat” inpugnatu beharko litzateke. Kasuan kasu ikusi behar da, bakoitza ezberdina baita.
Kaleratzea inpugnatu
Esan bezala, kaleratzea inpugnatzeko epea 20 egunekoa da eta hau ez da aldatzen zu bajan egonagatik ere. Kaleratze guztietan bezala, lehen pausoa kontziliazio txartela aurkeztea da.
Baliteke zure baja motagatik ezin mugitzea. Kontziliazio txartela aurkezteko ez da beharrezkoa zu zeu joatea. Bai sinatu behar duzu, baina beste edonork aurkeztu lezake, sindikatuko kideren batek, esaterako. Kontziliazio ekimenera joatea ere ekidin daiteke, kontziliazio txartela sinatzean, bertan botere sindikala txertatu ahal da (hau da, ordezkari sindikal bati zu ordezkatzeko ahalmena ematen diozula.
Kaleratze baliogabea edo bidegabea?
Kaleratze baliogabea izango da aitatasun edo amatasunarekin zerikusia daukaten kasuak. Hau da, amatasun bajan, haurdunaldian arriskua egoteagatiko bajan, adoskitze sasoian e.a. Kaleratze baliogabeak dira bazterkeriatzat jotzen direlako. Honelakoetan enpresak berriro hartu behar du langilea egoera eta baldintza berberetan.
Beste kasuetan, orain arte Estatuko epaitegietan normalean kaleratzeak bajan egon bitartean bidegabetzat jotzen ziren nahiko sistematikoki, nahiz eta frogatu arrazoia bajan egotea izan dela. Nolanahi ere, Europako Batasuneko Justizia Epaitegiak kaleratze hauek baliogabetzat jotzeko aukera zabaldu du, diskriminazioa izan daitekeela argudiaturik. Izan ere, azalpena da, istripu baten ondorioz, esaterako, “desgaitasun” maila bat izan dezakeela langileak eta, hortaz, kaleratzea diskriminatorioa izango litzatekeela.
Hala ere, kasuan kasu aztertu beharra ezartzen du eta, gainera, epaia nahiko berria denez, Estatuko epaitegietan oraindik ari dira gaia lantzen eta zehaztapenak txertatzen.