Kaleratze gutuna

2022/11/09

Kaleratze gutunak berebiziko garrantzia dauka kaleratze prozesuetan. Izan ere, enpresak ez badigu dokumentu hau ematen edo ez badu behar bezala osatzen, hau da, gutunak ez badu hainbat betebehar formal jasotzen, honek kaleratzea bidegabetzat jotzea ekar lezake.

 

Kaleratze guzti-guztiak idatziz izan behar dira

Hauxe da argi baino argiago izan behar den lehenbiziko gauza: ezin zaituzte ahoz kaleratu. Hau da, enpresak kaleratu nahi bazaitu, beti egin beharko du idatziz (kaleratze gutunaren bitartez). Hala ere eta zoritxarrez, ohikoa izaten da halako egoerak gertatzea.

Zenbaitetan, baliteke agindu zuzena izatea: “Hartu zure gauzak eta ez itzuli!”, modukoekin. Baina, beste zenbaitetan, agindu nahasgarri eta anbiguoak jaso ditzakegu, hala nola, “Ez itzuli momentuz, lanik ez dago-eta” edo “Aurrerago deituko dizugu” eta halakoak.

Batzuetan ezagupen faltagatik izan liteke, baina ez gaitezen engaina, gehienetan enpresak bilatzen duena da kalte-ordainik ez ordaintzea. Honelako trikimailuekin ahalegintzen dira langileak kaleratzea sala ez dezan edo, larriagoa dena, langilea lanera ez joatea eta, horrela, diziplinazko kaleratzea aplikatzea edo langileak lana bere kabuz utzi duela argudiatzea.

Gogoratu, pertsona batek lana bere borondatez uzten duenean, pertsona honi ez zaiola langabezia egoera legalik aitortzen eta, hortaz, ez daukala eskubiderik langabezia prestaziorik eskatzeko, besteak beste. Langabezia egoera legaltzat zer jotzen den eta zer ez hobeto jakin nahi baduzu, beste artikulu hau kontsulta dezakezu:

Hau guztia dela eta, halako ahozko agindurik jasotzen badugu, lehenengo eta behin saiatu beharko gara enpresak kaleratzea idatziz emateko. Hala ere, litekeena da uko egitea. Elkarrizketaren lekukorik lortu ahal badugu, baligarriak izango zaizkigu gerora epaitegietara heldu behar bagara, baina honetan ere ez gaitezen engaina, beste langile batzuk badira, askotan ez dute nahi izango halakoetan sartzea arazorik ez izateko enpresarekin. Bestetik, gogoratu, guk geuk elkarrizketa mugikorrarekin grabatu ahal dugula. Izan ere, nahiz eta nagusiak ez jakin grabatua izaten ari dela, grabazioak balio osoa izango du, baldin eta gu ere elkarrizketan parte hartzen badugu.

Honekin batera, garrantzitsua izango da hurrengo egunean lanera itzultzea berdin-berdin, ezer gertatu izan ez balitz modura. Bestela, komentatu dugunez, enpresak argudia lezake geuk utzi dugula lana geure borondatez, aipatutako ondorio kaltegarriekin.

Esan barik doa, egoera honetan baldin bazaude eta enpresak ordezkaririk badago, jo eurengana zerogarren minutuan eta, hala ez balitz, jarri kontaktuan sindikatuarekin atoan.

 

Zer jaso behar du kaleratze gutunak?

Ezer baino lehen, gogora dezagun kaleratzea lan harremana amaitzeko enpresaren erabakia dela, alde bakarreko erabakia, alegia. Kaleratze gutuna langileak erabaki hau ezagutzeko eta, dagokion salaketa jarrita, bere burua defendatu ahal izateko daukan modua da. Ondorio horren larriak dituen erabakia izanda, lan legediak hainbat betebehar ezartzen ditu, langileak zergatik kaleratu duten ondo uler dezan eta bere burua egoki defenda ahal izan dezan.

Hortaz, gutunak hainbat datu jaso behar ditu dokumentuak balio legala izan dezan. Egituran, edukietan edota epeetan okerrik balego, lan harremanaren amaieraren jakinarazpen hau ez litzateke legalki baliogarria izango.

Kaleratze gutunak beti izan beharko dira argiak eta espezifikoak eta hurrengo datuak jaso beharko dituzte:

• Langilearen izena eta datuak

• Enpresaren izena eta datuak

• Gutunaren helburua (kasu honetan, lan harremanaren amaiera, alegia)

• Kaleratzearen arrazoiak, objektiboak edo diziplinazkoak izan daitezkeenak

“Zer da diziplinazko kaleratzea?” artikuluan azaltzen dugunez, askotan enpresak kaleratze mota hau aukeratzen du, nahiz eta langileak benetako arrazoirik eman ez izana. Kalte-ordainik ez pagatzea baino beste helbururik ez daukate.

Enpresak, kaleratze gutunean bere arrazoiak behin islatuta, ezin izango du, gerora, bestelakorik edo gehiagorik eman. Hau da, kaleratze gutunean azaltzen diren arrazoiak izango dira balizko epaiketan defendatu ahal izango dituen bakarrak eta ezin izango du apartekorik argudiatu edo gehitu.

• Datak: data bi azaldu behar dira, gutunaren entrega eguna eta kaleratzea indarrean hasten den eguna.

Enpresa behartuta dago kaleratze objektibo eta kolektiboetan 15 egun lehenago jakinarazteko. Honi aurreabisua deitzen zaio. Diziplinazko kaleratzeetan aurreabisua ez da derrigorra eta, normalean, kaleratzearen data gutuna ematen diguten egunean bertan izaten da. Enpresak ez badu aurreabisuaren epea betetzen, 15 egun horiek ordaindu beharko dizkigu eta zenbateko hori finikitoan gehitu beharko du. Finikitoaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat “Zer da finikitoa?” artikuluari.

Kaleratzearen data argi azaltzea oso inportantea da. Izan ere, data honetatik aurrera epe bi hasiko dira zenbatzen. Alde batetik, kaleratzea salatzeko 20 egun baliodun dauzkagu. Epe hau pasatuko balitzaigu, ezingo genuke kaleratzea salatu. Bestetik, data honetatik aurrera langabezia egoera legalean gaude eta langabezia prestazioa eska dezakegu. 15 egun baliodun dauzkagu honetarako, kaleratze egunetik aurrera zenbatzen hasiko direnak. Berandutuko bagina, ez genuke prestazioa eskatzeko eskubidea galduko, baina epez kanpo pasatutako egun horiek ez genituzke kobratuko.

• Kalte-ordaina

Kaleratzea objektiboa bada, kaleratze gutunarekin batera, enpresak kalte-ordaina ere pagatu behar digu, Langileen Estatutuko 53.1.b) artikuluak ezartzen duen bezala (20 egun lan egindako urte bakoitzeko). Ez du ardura kaleratzea beranduago hasten bada indarrean, kalte-ordaina pagatzeko momentua kaleratze gutunarekin batera da.

Normalean kaleratze gutunean bertan azaltzen da zenbateko kalte-ordaina dagokigun, baina, edozelan, azalduko ez balitz ere, garrantzitsuena da kalte-ordaina kaleratze gutunarekin batera ordaindu egin behar digutela, horixe da enpresaren betebeharra. Ez du balio esatea geroxeago ordainduko digutenik, hilabeteko nominak ordaintzen dituztenean, adibidez, edo batek daki noiz.

Salbuespen bakarra: kaleratzea arrazoi ekonomikoengatik izan bada eta enpresak kaudimenik ez daukala argudiatzen badu. Kasu honetan kaleratze gutunean espresuki adierazi beharko litzateke. Hala ere, honek ez du esan nahi kalte-ordaina erreklamatu ezin izango dugunik.

• Tokia, alde bien sinadurak eta enpresaren zigilua.

 
Kaleratze gutunaren entrega moduak

Ohikoena izaten da kaleratze gutuna eskura ematea, lantokian bertan.

Bestela, posible da enpresak kaleratze gutuna etxera bidaltzea, beti ere burofax edo posta ziurtatu edo zertifikatuaren bitartez (jaso izanaren agiriarekin, alegia).

Kaleratzea komunikatzeko beste modu batzuk, hala nola, whatsapp, posta elektronikoa, SMS eta abar ez dira zuzenak. Izan ere, besteak beste, bide hauetatik ez da erregistraturik geratzen jaso duzunik eta, gainera, komunikazio bide horiek manipulatuak izan daitezke eta, hortaz, ezinezkoa da ziurtatzea enpresa izan denik mezua bidali dizuna. Laburbilduz, ez dira jakinarazpen bide zuzenak eta ahozko jakinarazpenekin egin modura jokatuko dugu.

Bestetik, kaleratze gutuna jasotzeari uko egiteak (izan aurrez aurre, izan postariari) ez digu ezertarako balioko. Izan ere, kaleratze gutuna jasotzeak ez du esan nahi kaleratzearekin ados gaudenik edo onartzen dugunik. Gainera, enpresak erraz froga dezake jakinarazpena helarazteko saiakera egin duela eta horixe da legediak exijitzen dion bakarra. Areago, kaleratze gutuna ez jasotzea gure kontra etor daiteke, ez baitugu izango kaleratze gutunaren kopiarik eta, hortaz, ezin izango dugulako jakin zer argudiatzen duen enpresak bertan.

 
Kaleratze gutuna sinatu behar al da?

Oraintxe esan dugunarekin lotuta, kaleratze gutunak sinatzeak ez du esan nahi kaleratzearekin ados gaudenik edo onartzen dugunik; izan ere, kaleratzea enpresaren alde bakarreko erabakia da eta gutuna alde bakarreko erabaki hau jakinarazteko modua. Horta, gure sinadurarekin adierazten dugun gauza bakarra da gutuna jaso egin dugula.

Edozelan, beti gomendatzen dugun bezala, gomendagarria izan daiteke -ezinbestekoa ez den arren- sinadurarekin batera, “desados/no conforme” ere idaztea.

Hori bai:
            — sinadurarekin batera, egunaren data ere idatzi egizu, badaezpada (askotan enpresek lehenagoko data bat jartzen dute, kaleratzea salatzeko epea pasa dakigun)
            — eskuratu gutunaren kopia bat