Pentsioak eta atzerriko kotizazioak

Ohikoa da gure bizi laboraletan atzerriko herrialderen batera (edo batzuetara) mugitu behar izatea lan egiteko. Herrialde horietan kotizatutako urteak kontuan hartzen al dira gure jubilazioa kalkulatzeko?

Lehenengo eta behin atzerriko herrialde horiek bereiztu behar ditugu Espainiako Estataurekin daukaten harremanaren arabera:

  • Europako Batasuneko herrialdeak
  • Aldebiko hitzarmena sinatuta daukaten herrialdeak
  • Aldebiko hitzarmenik ez daukaten herrialdeak
Europako Batasuneko herrialdeak

Europan Gizarte Segurantzako sistemak koordinaturik daude. Zuzenbide Komunitarioa aplikatzen da derrigor EBeko kide diren Estatu guztietan. Estatu hauen artean, EBko 28 herrialdeetaz gain, Islandia, Liechtenstein, Noruega eta Suitza ere badaude.

Gizarte Segurantzaren koordinazio arau hauek ez dituzte herrialde bakoitzeko erregimenak ordezkatzen. Herrialde bakoitzak erabakitzen du, bere legediaren arabera, nor dagoen aseguraturik, zeintzuk prestazio jasoko dituen eta zeintzuk baldintza bete behar dituen.

Kotizazio erregistroa bizi eta lan egin duzun herrialde bakoitzean gordeko da, harik eta jubilazio adinera heldu arte. Estatu espainolean bizitzen ari bazara, izapide guztietarako harreman organismoa (“organismo de contacto”) INSS edo Gizarte Segurantzaren Institutua izango da.

Non eskatu behar da?

Eskaera bizi zaren herrialdean egin behar duzu. Bizi zaren herrialdean edo lan egin duzun azkenengoan. Demagun Espainiako estatuan bizi zarela, baina ez duzula sekula berton lan egin. Hala ere, esapainiako Gizarte Segurantza izango da zure penstioa eskatzeaz arduratuko dena.

Kontsultatu HEMEN non dauden INSSen bulegoak.

INSS Europako beste organismoekin koordinatuko da eta zure eskaeraren berri emango die. Oro har, herrialde bakoitzak pentsio independiente bat ordainduko dizu, herrialde horretan egin duzun kotizazioaren arabera.

Noiz hasiko naiz kobratzen?

Herrialde batzuetan lehenago heltzen da jubilazio adinera (Belgikan edo Austrian, kasu), baina pentsioa bizi zaren herrialdean eskatu behar duzunez, bizi zaren herrialdeko jubilazio adinera heltzen zarenean baino ezin izango duzu eskatu. Kontsultatu HEMEN erretiro adina Estatu espainolean.

Kasu honetan inportantea da aldez aurretik informatzea zein izango den zure egoera pentsioaren kobroa atzeratzen baduzu. Pentsio bat beste bat baino lehenago kobratzen hasteak eragina izan lezake jasoko dituzun zenbatekoetan. Harreman organismoak, INSSek espainiako kasuan, honen inguruko informazio zehatza emango dizu.

Zelan kalkulatzen da?

Herrialdeko baldintzak ez badituzu betetzen jubilazioa kobratzeko: Pentsioa kobratu ahal izateko baldintzak, jubilazio adina eta zenbatekoak ezberdinak izan daitezke herrialde bakoitzean. Honela, baliteke gutxieneko epea (gutxienez kotizatu beharreko urte kopurua) ez betetzea, esaterako. Demagun Austrian egon zarela; han 10 urte kotizatu behar dira, gutxienez, pentsio eskubidea izateko.

Europako Batasuneko araudiak hau aurreikusten du: kasu horretan, EBko beste estatuetan lan egindako epeak kontuan hartu behar dira. Horrela, Austrian kontuan hartuko dituzte espainian zein beste herrialdeetan lan egindako epeak eta Austrian lan egindako urteei dagokien pentsioa (proportzioan) ordainduko dizu. Epealdiak orokortzeko printzipioa deitutakoa da hau (“principio de totalizacion de periodos”).

Beraz, administrazio bakoitzak kalkulatuko du ordaindu behar dizun pentsio zatia EBko herrialde guztietan kotizatutako denborak kontuan hartuta. Denbora horiek batu eta kalkulatuko du ze zenbateko tokatuko litzaizukeen kotizazio horiek guztiak herrialde horretan ordaindu izan bazenitu bezala (honi “zenbateko teoriko” edo “importe teórico” deitzen zaio). Hau egin ostean, zenbateko hori doituko du herrialde horretan benetan egon zaren denboraren arabera (“prorrateatutako prestazioa” edo “prestación prorrateada” izango litzateke)

Herrialde horretako pentsio oso bat jasotzeko baldintzak betetzen badituzu, pentsio hori ere kalkulatuko du (prestazio independientea). Biak erkatuko ditu, prorrateatutako prestazioa eta prestazio independientea, eta zenbateko altuena duena ordainduko dizu.

Oso denbora laburrean egon bazara lanean beste herrialde batean (adibidez, urtebete baino gutxiago), baliteke arau berezia aplikatzea, hainbat herrialdek ez baitute pentsio eskubidea aintzat hartzen epealdi oso laburrak direnean. Honek ez du esan nahi denbora hori galduko duzunik, baizik eta beste herrialdeek (denbora luzeagoa lanean eman duzun beste herrialdeek, alegia) kontuan hartuko dute zure pentsioa kalkulatzeko.

Ebazpena: INSSek P1 dokumentua bidaliko dizu. Dokumentu hau pentsio eskaeraren inguruan herrialdeek hartu duten erabakiaren eta kalkuloa gauzatu duten moduaren inguruko laburpena da.

Ebatzi denarekin ados ez bazude, posible da erabakiaren berrikuspena eskatzea. Hau egiteko epea hasten da P1 dokumentua jasotzen duzunean eta ezberdina da herrialdearen arabera; beraz, INSSen galdetzea onena izango litzateke.

Izan kontuan izapide mota hauek luzeak izan daitezkeela; beraz, informatu aldez aurretik eta denbora nahikoarekin.


Kalkuluaren adibide bat:

Aitziberrek 20 urtez lan egin du Baionan eta 10 urtez Irunen. Hortaz, Frantziako eta Espainiako Estatuen artean dauzka bere kotizazioak banandurik.

Pentsio eskubidea izateko, estatu biek 15 urte kotizaturik edukitzea eskatzen dute.

Frantziako administrazioak kalkulu bikoitza egingo du:

1.Frantzian lan egindako 20 urte horien arabera dagokion pentsioa kalkulatuko du. Adibidez, 800 euro.

2.Zenbateko teorikoa ere kalkulatuko du. Hau da, ze kopuru kobratu beharko lukeen 30 urte horiek guztiak Baionan kotizatu balitu bezala. Adibidez, 1.500 euro. Honen segidan, prorrateatutako pentsioa kalulatuko du, benetan lan egindako 20 urteei legokion kopurua, alegia: 1.500 euro x 20 urte / 30 urte = 1.000 euro.

Aitziberrek zenbateko handiena jasotzeko eskubidea dauka: 1.000 euro

Espainiako Estatuak kalkulu bakarra egingo du, ez baitu penstio eskubidea izateko behar besteko urte kotizatu Estatuan. Hortaz, prorrateatutako pentsioa baino ez du kalkulatuko:

Lehenengo eta behin, zenbateko teorikoa kalkulatuko du, 30 urte horietan guztietan Irunen lan egin izan balu bezala. Demagun 1.200 euro direla. Honen ostean, prorrateatutako pentsioa kalkulatuko du: 1.200 euro x 10 urte / 30 urte = 400 euro.

Oro har, Aitziberrek 1.400 euroko pentsioa jasoko luke. 1.000 euro estatu frantsesak ordainduko lizkio eta beste 400 euroak Estatu espainolak.


Aldebiko hitzarmena sinatuta daukaten herrialdeak

EBetik kanpoko herrialderen batean egon bagara lanean, egoera ezberdina izango da herrialde horren eta espainiako estatuaren arten hitzarmenik dagoen ala ez.

Hauexek dira aldebiko hitzarmena sinaturik daukaten herrialdeak eta herrialde bakoitzeko hitzarmenera loturak (Gizarte Segurantza):

Andorra

Ekuador

Kanada

Tunisia

Argentina

Errusia

Kolonbia

Txile

Australia

Estatu Batuak

Maroko

Txina

Brasil

Filipinak

Mexiko

Ukraina

Cabo Verde

Hego Korea

Paraguai

Uruguai

Dominikar Errepublika

Japonia

Peru

Venezuela

Estatu espainola honelako hitzarmen gehien daukanetako bat (20 baino gehiago), historian zehar hainbat herrialdetara Espainiatik migratutako hainbat eta hainbat lagun izan eta izaten direla eta. Esan beharra dago ulertezina eta, areago, guztiz lotsagarriagoa dela hainbeste migratzaile “esportatu” dituen Estatu batek bere lurretara datozen migranteekiko izaten duen jokabidea.

Aldebiko hitzarmen guztiak ez dira berdinak baina guztiek partekatzen dituzte zenbait printzipio:

• Trataera berdintasuna: atzerriko langilea eta herrialdeko langilea berdin tratatuak izan behar dira, betebehar eta eskubide berberekin.

• Prestazioen esportazioa: lan egin den herrialdea utziz gero, prestazio kontributiboa edo erretiro pentsioa jasotzen jarraitu ahal izango da.

• Kotizazioen orokortzea: kotizazio epeak kontuan hartuko dira beste herrialde batean pentsio eskubidea eskuratu ahal izateko. Lehen azaldu dugunez, herrialde batean gutxienez kotizatu beharreko urteetara heldu ahal izateko, beste herrialdean egindako urteak kontuan hartuko dira.

Pentsio eskaera INSSen egin beharko litzateke baita kasu honetan ere. Kalkulua egiteko, oro har, Europako herrialdeen kasuan azaldu dugunaren antzekoa da (hitzarmen bakoitzaren eta herrialde sinatzaile bakoitzaren berezitasunak berezitasun).

Eta Espainiako Estatuan, Europako herrialderen batean eta hitzarmena daukan beste herrialde batean lan egin badut?

Kasu hau apur bat berezia da. Demagun Espainian ez ezik, Argentinan eta Alemanian ere lan egin duzula. Kasu honetan, lehenengo eta behin kalkulatuko litzateke ea Espainiako Estatuko pentsiorik dagokizun eta zein izango litzatekeen honen zenbatekoa. Bestetik zenbat izango litzatekeen Espainian eta Argentinan kotizatutako epealdiak batuta eta, azkenik, kalkulatuko litzateke zein den kopurua Espainian eta Alemanian kotizatutako denbora kontuan hartuta. Hiru kopuru hauetatik onuragarriena aukeratuko litzateke. Ezin dira batu aldebiko hitzarmenaren herrialdeko eta Araudi Komunitarioko herrialdeko epealdiak (oraintxe emandako adibidean, Alemanian eta Argentinan)

Aldebiko hitzarmen hauetaz gain, hitzarmen iberoamerikanoa ere existitzen da (Convenio Multilateral Iberoamericano de Seguridad Social). Hitzarmen hau Latinoamerikako herrialdeen artekoa da; esan genezake EBean dagoenaren antzeko zerbait dela. Hala ere, Espainiako Estatuak ere sinatuta dauka. Ikusi dugunez, Latinoamerikako hainbat herrialderekin aldebiko hitzarmenak existitzen dira honezkero. Herrialderen bat hitzarmen Iberoamerikarrean balego eta, era berean, aldebiko hitzarmena ere existituko balitz, xedapen onuragarrienak aplikatuko lirateke.

Aldebiko hitzarmenik ez daukaten herrialdeak

Harrera herrialdearen eta Espainiako Estatuaren artean hitzarmenik ez balego, herrialde hartan egin dituzun kotizazioengatik baliteke pentsio eskubidea sortu izana. Kasu horretan pentsioa jasoko zenuke herrialdeko baldintzen arabera.

Hala ere, kontuan izan behar duzu han egindako urteek, ezta kotizatutako oinarriek ere, ez dizutela balioko Estatu espainolean pentsioa eskatzeko. Hau da, ez dira kontuan hartuko estatuan egin duzun ibilbide laborala osatzeko.