Gizarte Ongizateko Funtsaren pentsioak (EAE)
Gizarte Ongizateko Funtsa hilabeteroko prestazio ekonomikoa da. Ikusiko duzuenez, zenbateko oso txikia da (149,86 euro hilean, 2019an), baina pentsio osagarria da eta, hortaz, diru-sarrerak osatzeko errentarekin batera jaso liteke, adibidez. Beraz, Gizarte Ongizateko Funtsa eska genezake zerbitzu sozialetan eta, hau ematen digutenean, Lanbiden diru-sarrera hau osatzeko eskaera egin beharko genuke, diru-sarrerak osatzeko errentaren bitartez (gaztelerazko RGI).
Oinarrizko beharrei (jatekoei eta abarrei) aurre egin ahal izatea dauka helburu (nahiz eta diru kopuru horrekin oinarrizko behar gutxirako eman). Edozelan, honek esan nahi du pentsio edo prestazio hau ezin dela enbargatu.
Pentsio mota bi daude:
• Zahartzaroko gizarte ongizateko funtsa.
• Ezgaitasuneko gizarte ongizateko funtsa.
Bete beharreko baldintzak
• Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako edozein udalerritan erroldaturik egon behar zara (zure herrialdeko Foru Aldundiaren esku geratzen da prestazio honen tramitazioa).
• 65 urte beteta izan behar dituzu (zahartzaroko gizarte ongizateko funtsa eskatzeko).
• 16 urtetik gorakoa izan behar zara, desgaitasun ziurtagiria eduki behar duzu eta edozein lan burutzeko ezindurik zaudela ere egiaztaturik izan behar duzu (ezintasuneko gizarte ongizateko funtsa eskatzeko)
• Diru sarrera nahikorik ez edukitzea. Diru sarrera hauek urtean gizarte ongizateko funtsatik jasotzen den kopurutik beherakoak izan behar dira, hau da, 2.098,04 euro urtean. Kontuan hartuko dira jasotzen den edozein errenta, soldata edo pentsio, baina ohiko etxebizitza balorazio honetatik kanpo gelditzen da.
Eskatzailea familia unitate batean bizi bada, unitate horren “per capita” errentak ezin dira aipatutako zenbatekoa baino altuagoak izan.
Ikusten dugunez, esan genezake pentsio hau diru sarrerarik batere ez daukaten pertsonengana baino ezin dela heldu eta ez oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasunak dauzkaten lagun guztiengana, gutxieneko diru-sarreraren bat izanez gero, nahiz eta oso-oso txikia izan, 2.098,04 euroko langa erraz gaindituko genukeelako.
Nora jo behar da gizarte ongizateko funtsa eskatzeko?
Oinarrizko zerbitzu sozialetan eskatu behar da. Oro har, oinarrizko zerbitzu sozialak udaletan daude. Edozelan, HEMEN kontsulta ditzakezu helbide eta telefonoak.
Lehen esan bezala, aldundiek kudeatzen duten prestazioa da eta, hortaz, aldundiek ebatziko dute eskaerari baiezkoa emango ote dioten. Hala ere, gogoratu zure udalerriko oinarrizko zerbitzu sozialetan eskatu beharra dagoela.
Zerbitzu sozialetan langile sozialak zure eskaera aztertu eta ikusiko du baldintzak betetzen ote dituzun.
Ezgaitasuneko pentsioa eskatuz gero, honen maila eta lana eskuratzeko dakarzkizun zailtasunak ere neurtuko ditu hainbat baremo aplikaturik.
Gerora, eskaera erregistratu, dokumentua atxikitu eta Foru Aldundiara bideratuko da.
Ze dokumentazio behar da?
• Eskaera orria
• NAN, TIE edo nortasuna egiaztatzeko agiria
• Familia liburua
• Errolda egiaztagiria, baldin eta Udalak eskaeran atxikitzen ez badu
Zenbat denboraz jasotzen da?
Baldintzak betetzen diren denbora osoan zehar. Baldintza hauek aldatuko balira, 30 eguneko epean jakinarazi beharko duzu.
Zenbat jasotzen da?
Arestian esan bezala, kantitate oso txikia da: 149,86 euro hilean (2.098,04 euro urtean).
14 ordainsaritan jasotzen da, hau da, 12 hilabete gehi aparteko paga bi.
Ebazpena
Baiezkoa edo ezezkoa hiru hilabeteko epean eman behar dizute. Postaz jakinaraziko dizute. Administrazioak ez badizu erantzunik ematen, ulertu beharko da eskaera ez dela onartua izan.
ARAUDIA:
• DECRETO 129/1986, de 26 de mayo, por el que se regulan las pensiones del Fondo de Bienestar Social de la Comunidad Autónoma del País Vasco a ancianos e incapacitados para el Trabajo.
• DECRETO 163/1990, de 12 de junio, de modificación parcial del Decreto por el que se regulan las Pensiones del Fondo de Bienestar Social de la Comunidad Autónoma del País Vasco a personas ancianas e incapacitadas y se eleva la cuantía de las mismas. BOPV nº 125 de 25 de junio de 1990.
• DECRETO 511/1991, de 1 de octubre, por el que se eleva la cuantía de las pensiones del Fondo de Bienestar Social de la Comunidad Autónoma del País Vasco a personas ancianas e incapacitadas para el trabajo. BOPV 211 de 18 de octubre de 1991.