Pentsio ez kontributiboak

2018/02/26
2023/01/11n eguneratua

 

Pentsio ez kontributiboak kotizatu ez duen edo gutxieneko kotizaziora heltzen ez den jendeari daude bideratuta. Subsidio izaera daukate, hau da, kopuru finkoa jasotzen da. Kopuru hau Madrilgo Gobernuak ezartzen du urtero Aurrekontu Orokorretan. Esan beharrik ez dago 500 eurotara heltzen ez den miseriazko kopuru honek ez duela inondik inora oinarrizko premiak asetzea bermatzen.

Gainera, nabarmendu behar da pentsio ez kontributibo gehienak emakumezkoek jasotzen dituztela. Izan ere, soldatapeko enplegua, kapitalismoaren bitarteko moduan, ezkutuko beste lan batzuk ditu beharrezkoak, lan indarra birproduzitzeko. Lan erreproduktiboak edo zaintza lanak ezinbestekoak dira sistemarentzat, beraz, baina, hala ere, eskubide sozial eta ekonomikoetatik kanpo uzten dituzte bizi osoa edo tarte handi bat lan horretan eman duten lagun guztiak edo, etxetik kanpo ere lan egin izan arren, kotizatu ez dutenak, ezkutuko ekonomian egin dutelako edo familiaren negozioan edo baserrian aritu direlako, adibidez.

Gizon eta emakumeen artean dagoen pentsio arrakala latzaz hitz egiten denean, hauxe da arrazoietako bat, nahiz eta bakarra ez izan.

 

Pentsio mota bi daude: erretiroagatik eta baliaezintasunagatik. Estatuaren aurrekontuetan zehazten badira ere, hauen kudeaketa EAE eta Nafarroako gobernuen esku dago; hori dela eta, geroxeago ikusiko dugunez, eskaera Foru Aldundietan egin behar da.

Hego Euskal Herrian, 2022ko azaroko datuen arabera, 16.736 lagunek jasotzen dute prestazio hau.

 
Bete beharreko baldintzak

Baliaezintasunagatik:
            – 18 eta 65 urte bitarte izatea
            – Estatuan gutxienez 5 urtez bizi izana. 5 urte hauetatik, eskatu aurreko bi urteetan Estatuan jarraian bizitzen egon behar izan zara.
            – Gutxienez %65eko desgaitasun maila aitortuta izan behar duzu.
            – Diru sarrera nahikorik ez daukazula egiaztatu behar duzu.

Erretiroagatik:
            – Gutxienez, 65 urte izatea.
            – Estatuan gutxienez 10 urtez bizi izana. 10 urte hauetatik, eskatu aurreko bi urteetan estatuan jarraian bizitzen egon behar izan zara.
            – Diru sarrera nahikorik ez daukazula egiaztatu behar duzu.

 
Zenbateko diru sarrerak izan ahal dituzu, gehienez, pentsio ez kontributiboa eskatu ahal izateko?

6.784,54 euro urtean (2023. urterako). Hala ere, izan kontuan kantitate hau baino gutxiago kobratzen baduzu ere, familia unitate osoaren diru sarrerak aintzat hartzen direla. Hau da, elkarbizitza unitate ekonomikoa hartzen da kontuan. Unitate honetan elkarrekin bizi diren senideak sartzen dira, odolkidetasun bigarren mailara arte (eskatzailearen gurasoak, aitaita-amamak, seme-alabak, ilobak, neba-arrebak).

Honela, familia osoaren diru sarrerak ezin dira honako kopuruak baino altuagoak izan:

2 senide: 11.533,72 euro urtean
3 senide: 16.282,90 euro urtean
4 senide: 21.032,08 euro urtean

Senide horien artean zure gurasoren edo seme-alabaren bat badago:

2 senide: 28.834,30 euro urtean
3 senide: 40.707,25 euro urtean
4 senide: 52.580,20 euro urtean

Hasieran esan dugunez, pentsio ez kontributiboa ez da pertsonaren eskubide indibiduala, bere helburua ez da gutxieneko errenta bat bermatzea pertsona hori bere kabuz bizi ahal izan dadin. Izan ere, zure familiak diru-sarrerak baldin badauzka, Estatuak erabaki du eurak arduratu behar direla zure mantenuaz.

 
Zenbat jasotzen da?

Urte hasierarekin batera, normalean, pentsioak igotzen dira. Pentsio ez kontributiboen kasuan, ordea, 2023an ez dira igoko. Izan ere, 2022ko ekainean Madrilgo Gobernuak Bildurekin adostu zuen %15eko aparteko igoera bat aplikatzea harik eta urtea amaitu arte. Azaroan berriro adostu zuten aparteko igoera hau 2023. urtean zehar luzatzea. Beraz, iazko azken seihileko kopuru berberean geratuko dira. Edozelan eta igoerak igoera, segidan datozen tauletan ikusiko dugunez, pentsio ez kontributiboak oraindik daude pobreziaren mugatik oso azpitik: 500 eurotara ere ez dira heltzen.

Zenbatekoak:

Bestelako diru sarrerarik ez badaukazu eta bakarrik bizi bazara, 6.784,54 euro urtean. Hau da, 484,61 euro hilean. Izan kontuan 14 ordainsaritan jasotzen direla, hau da, 12 paga gehi aparteko paga bi.

Bestetik, zenbateko hau aldatzen da, senide kopurua eta familiaren diru sarrerak kontuan hartuta.

Baliaezintasun pentsioa jasotzen baduzu, zure desgaitasun maila %75 baino altuagoa bada eta beste norbaiten laguntza behar duzula egiaztatzen baduzu, %50eko osagarria jaso dezakezu (3.392,27 euro urtean).

Oinarrizko zenbatekoak honako hauek dira:

Familia berean lagun batek baino gehiagok jasotzen baduzue pentsio ez kontributiboa:

Hau da, demagun zuk eta zure senarrak pentsio ez kontributiboa jasotzen duzuela, erretiroagatiko pentsioa eta baliaezintasunagatiko pentsioa hurrenez hurren, adibidez. Kasu honetan, zuotako bakoitzak 5.766,86 euro urtean (411,91 euro hilean, 14 ordainsaritan) baino ez zenukete jasoko. Bion artean, guztira, 11.533,72 euro urtean.

Ikusten denez, pentsio ez kontributiboak miseriazkoak dira. Izan ere, subsidio edo laguntza izaera daukatenez, Madrilgo Gobernuak urte bakoitzean igo nahi duen portzentajearen pentzura gelditzen dira, karitatea balitz bezala. Eta, jakina, igoeraren portzentajea altuagoa izan arren, kopuru oso urriaren gainean aplikatzen denez, ez dago modurik zenbatekoa gutxieneko duintasunera heltzeko. Horra hor azken urteotako bilakaera erakusten duen taula:

URTEA

ZENBATEKOA (URTEAN)

ZENBATEKOA (HILEAN)

IGOERA

2013

5.108€

364,90€

%2

2014

5.122,60€

365,90€

%0,25

2015

5.136,60€

366,90€

%0,25

2016

5.150,60€

367,90€

%0,25

2017

5.164,60€

368,90€

%0,25

2018

5.321,40€

380,10€

%3

2019

5.488€

392€

%3,10

2020

5.538,40€

395,60€

%0,9

2021

5.639,20€

402,80€

%1,8

2022

5.808,60€

414,90€ – 484,61€

%2,6 – %15

2023

6.784,54€

484,61€

%0 (%15)

 
Bateraezintasunak

Diru laguntza hau jasotzeko, ezin duzu bestelako pentsiorik jaso (INSS, MUFACE, gizarte ongizatearen funtsa), ezta bestelako diru laguntzarik ere (gutxieneko errenta bermatzeko diru laguntza, desgaitasuna duten seme-alabengatiko familia laguntza…).

Bestalde, langabezia subsidioa jasotzen ari bazara, hau diru sarreratzat joko da pentsioa eskatzen duzunean.

 
Etxebizitzarako osagarria

Alokairuan bizi bazara, etxebizitzarako osagarria eska zenezake. Hala ere, 525 euro baino ez dira urtean, alokairuari aurre egin ahal izateko ezdeusa. Gainera, alokairuek etengabean gora egiten duten bitartean, etxebizitzarako osagarri hau ez da igo 2010. urtetik hona euro bakar batean ere.

Osagarri hau jaso ahal izateko, etxea ezin da senide batena izan. Bestela esanda, senideren batek alokatuko balizu etxea, ezingo zenuke eskatu. Hirugarren gradura arteko senideak hartzen dira kontuan.

Bestetik, lagun batek baino gehiago jasotzen baduzue pentsio ez kontributiboa (lehengo adibideari jarraiki, esaterako, zuk eta zure senarrak), bakar batek jasoko luke osagarria.

Hala ere, pentsio ez kontributiboa jasotzen baduzu eta alokairuan bizi bazara, diru hori jasotzeko eskubidea daukazu.

Informazio gehiago eta dokumentuak:

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA

 
Nora jo behar duzu?  

Aldundietako politika edo zerbitzu sozialen atalean eskatu behar da

ARABA:
Diputazio kalea 13, Gasteiz
Tf. 945 15 10 15

BIZKAIA:
Lertsundi kalea 14, Bilbo
Tf. 944 06 71 63

GIPUZKOA:
Zarategi kalea 99, Donostia
Tf. 943 11 25 88

NAFARROA:
González Tablas kalea 7, Iruñea
Tf. 948 42 69 00

Edo zure udalari dagokion oinarrizko zerbitzu sozialen atalean. Non dauden bilatzeko:

ARABAN
BIZKAIAN
GIPUZKOAN
NAFARROAN

 
Ze dokumentazio behar da?

– Eskaera orria
– Laguntza jasotzeko bankuaren kontu korrontea adierazten duen orria (Aldundiak emango dizu bete beharreko dokumentua)
– NAN edo NIEren fotokopia. Migrantea bazara, pasaportearen fotokopia ere bai.
– Zurekin bizi diren senideen NAN edo TIEren fotokopia. 14 urtetik beherakoak badira, familia liburuaren (edo honen baliokidearen) fotokopia ere bai.
– Erroldatze egiaztagiria. Migrantea bazara, gutxienez 5 edo 10 urtez Estatuan bizitzen egon zarela ziurtatu behar duzu.
– Desgaitasun agiria, baliaezintasun pentsioen kasuetarako

ADI! Pentsio ez kontributiboa jasotzen jarraitzeko, urtero-urtero errenten edo diru-sarreren berri eman behar da. Foru Aldundiak bidaltzen du formularioa etxera. Formulario hau bete eta aurkeztu behar da. Honetarako epea: urteko lehen hiruhilekoa (urtartila-otsaila-martxoa).

Informazio gehiago dokumentazioaz eta izapideaz:

Webgune hauetatik jaitsi ahal dituzu aurkeztu beharreko dokumentu guztiak. Era berean, nahi izanez gero, eskaera online ere egin daiteke. Gogoratu izapideak online egin ahal izateko, ziurtagiri digitala beharko duzula edo, bestela, BakQ EAEn edo Cl@ve Nafarroan.

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA