Zer da errelebo kontratua?

2022/11/03

Langileen Estatutuko 12. artikulua
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 215. artikulua
1131/2022 Dekretuaren Hirugarren Kapitulua

 

Enpresa batean langile batek erretiro partziala hartzen duenean, langile honek bere jardunaldia murriztuko du eta, tarte batez, soldata eta pentsioa batera jasoko ditu (lanean ematen duen jardunaldi portzentajearen arabera). Zenbait kasutan enpresak beste pertsona bat kontratatu beharko du erretiro partziala hartu duen langilea ordezkatzeko eta bere jardunaldi portzentajea betetzeko. Langile berriarekin egingo duen kontratuari errelebo kontratua deitzen zaio.

 

Erretiro partziala

Erretiro partzialerako aukera bi daude:

  • Ohiko erretiro adinera heldu denean. Errelebo kontratua egitea ez da derrigorra.
  • Oraindik ohiko erretiro adinera heldu ez denean. Kasu honetan aldez arretiko erretiroaz ari gara eta enpresak errelebo kontratua egin beharko luke.

Ohiko erretiro adinera heldu denean, aukera dago lanean jarraitzeko, enpresarekin hala adostuz gero. Hau da, langilea jubila liteke, baina, aitzitik, lanean jarraitzea erabaki du. Honetarako, ondoko baldintza hauek bete beharko lituzke:

  • Ohiko erretiro adina bete izana. Badakizuenez, 2011n jubilazio adina 67 urtera atzeratu zen eta kotizazio urteak luzatu ziren. Hala ere, mailaka doa luzatzen 2027ra arte. Hortaz, 2023an ohiko erretiro adina honakoa izango da:
      • 65 urte, baldin eta, gutxienez, 37 urte eta 9 hilabete kotizaturik badauzkazu
      • 66 urte eta 4 hilabete, baldin eta aipatutako kotizazioetara heltzen ez bazara.
  • 15 urte kotizatu izana, gutxienez, bizi laboral osoan zehar.

Langileak bere jardunaldia %25-%50 artean murriztuko luke; soldata ere hein berean murriztuko litzaioke eta portzentaje hori jubilazio prestaziotik jasoko luke.

Lehen esan dugunez, kasu honetan ez da derrigorra enpresak errelebo kontraturik egitea beste langile batekin. Hala ere, egin lezake. Errelebo kontratua eginez gero, jardunaldiaren murrizketa %75era hel liteke.


Edozelan, artikulu honetan egoerarik ohikoena jorratuko dugu; hau da, enpresan dagoen langileak, ohiko erretiro adinera heldu baino lehentxoago, jubilazio partziala eskatzen duenekoa, alegia. Kasu honetan beti izan beharko da errelebo kontratu baten bitartez.


 
Erretiro partziala jubilazio adinera heldu aurretik (errelebo kontratuarekin)

Jubilazio adinera heldu baino lehen, langileak erretiro partziala eska dezake, baina baldintza nagusi bi bete beharko dira:

  • Erretiro partzialerako adinera heldu izana eta horretarako beharrezkoak diren kotizazioak pilatu izana
  • Hitzarmen kolektiboak edo enpresa itunean aukera hau islatu behar da. Bestela, enpresa ez legoke gure eskaera onartzera behartuta.

Kotizazio betebeharrak:

Erretiro adina atzeratzen doan heinean, errelebo kontratuaz jubilazio partziala hartzeko aukera ere atzeratuz doa mailaka. Adin hau ezberdina izango da pilatuta dauzkagun kotizazioen arabera. Alegia, gutxienez, 33 urte kotizaturik izan beharko ditugu, baina kotizazio gehiagorik bageneuka, lehentxoago ere eska genezake.

Honela, 2027an erretirorako ohiko adina 67 urte izango badira, jubilazio partzialerako 65 urte izan beharko ditugu, 33 urte kotizaturik badauzkagu. Aitzitik, gutxienez, 36 urte eta 6 hilabete kotizaturik izanez gero, 63 urterekin eska genezake. Ondoko taula honetan hobeto ikus daiteke:

URTEA

ADINA, 33 urte kotizaturik

ADINA

Kotizatutako urteak

2022

63 urte eta 4 hilabete

62 urte eta 2 hilabete

35 urte eta 6 hilabete

2023

63 urte eta 8 hilabete

62 urte eta 4 hilabete

35 urte eta 9 hilabete

2024

64 urte

62 urte eta 6 hilabete

36 urte

2025

64 urte eta 4 hilabete

62 urte eta 8 hilabete

36 urte eta 3 hilabete

2026

64 urte eta 8 hilabete

62 urte eta 10 hilabete

36 urte eta 3 hilabete

2027

65 urte

63 urte

36 urte eta 6 hilabete

Hitzarmen kolektiboan islatu beharra

Langileen Estatutuko 12.6 artikuluan azaltzen denez, jubilazio partzial hau langile eta enpresaren artean adostu behar da. Honek esan nahi du eskubide hau ez dela absolutua; langileak eska diezaioke enpresari, baina enpresa ez dago onartzera behartuta. Hala ere, hitzarmen kolektiboan edo enpresa itunean espresuki islatzen bada, ulertuko da jadanik adostuta dagoela. Hortaz, hitzarmenean edo enpresako itunen batean jasota balego -eta baldintzak beteko bagenitu-, enpresak ezingo liguke ezezkorik eman. 

Horrexegatik, ezer baino lehen, gure hitzarmen kolektiboa kontsultatu behar dugu. Hitzarmen gehienetan errelebo kontratuaren gaia jasota dago eta honen inguruko baldintzak zehaztuta daude. Esan bezala, hala balitz, enpresak baiezkoa eman beharko luke.

Hitzarmenean ez balitz jasoko, aukera izango genuke enpresarekin zuzenean adosteko, baina badakigu zein izaten den normalean erantzuna, enpresa beharturik ez badago.

Beste baldintza batzuk errelebo kontraturako

Baldintza nagusienak aurreko atalean azaldutakoak badira ere, errelebo kontratuak beste batzuk ere bete behar ditu, bai ordezkatutako langileari dagokionez, bai eta erreleboa egiten sartzen den langileari dagokionez ere:

Ordezkatutako langilea:

  • Antzinatasuna: ordezkatutako langileak, gutxienez, 6 urteko antzinatasuna izan beharko du enpresan.
  • Langilea jardunaldi osoz aritu behar da.
  • Jardunaldi partzialeko kontratura pasatu behar da. Kontua ez da kontratu berri bat egitea, baizik eta indarrean dagoen kontratua aldatzea. Honela, jardunaldiaren eta soldataren portzentajeak aldatuko dira, baina beste baldintza guztiak bere horretan gorde beharko dira.
  • %33ko desgaitasun maila (gutxienez): Jubilazio partziala hartzen duen langileak desgaitasunik baleuka, ez da beharrezkoa izango 33 urte kotizaturik edukitzea; 25 urterekin nahikoa izango da.

Errelebo-langilea

  • Errelebo kontratua honako langileekin baino ezin izango da egin:
      • SEPEn izena emanda dauden langileekin (ez da ezinbestekoa langilea prestazioa edo subsidioa jasotzen egotea, baina bai SEPEren zerrenda apuntaturik egotea).
      • Enpresan behin-behineko kontratuekin dauden langileekin
  • Errelebo-langileak betetzen duen lanpostua ordezkatutako langilearen berbera izan daiteke ala ez. Honek esan nahi du funtzio berberak egin ditzakeela, baina ez dela derrigorra lanpostu berbera betetzea; hala ere, edozein kasutan, talde profesional berekoa edo pareko lan-kategoriakoa izan beharko da.
 
Jardunaldia 

Erretiroa hartzen duen langileak jardunaldia %25-%75 bitartean murriztu dezake . Hortaz, errelebo-langilearen jardunaldia honen arabera izango da:

  • Murriztu den portzentajea izan beharko da gutxienez. Hau da, erretiroa hartu duen langileak bere jardunaldia %60 murriztu badu, adibidez, errelebo-langilearen jardunaldia ezin izango da portzentaje hau baino gutxiago izan.
  • Murrizketa %75era heltzen bada, kontratua jardunaldi osoz izan beharko da derrigor.

Errelebo-langileak bete beharreko ordutegiak ez du zertan ordezkatutako langilearena osatu, hala izan daitekeen arren. Hau da, demagun erretiro partziala hartu duen langileak bere jardunaldia eguerdiko hamabietan amaitzen duela; langile berriaren jardunaldia ez da derrigor ordu horretan hasi behar, hala izan daitekeen arren. Izan ere, langile biak batera ere aritu ahal dira, ala ez. Laburbilduz, enpresak askatasuna dauka errelebo-langilearen ordutegia finkatzeko. 

 
Kontratua

Kontratua idatziz eta eredu ofizialean izan beharko da beti. Ez bada idatziz egiten, lege iruzurrean eginda dagoela ulertuko da eta, hortaz, mugagabe izatera pasatu beharko da.

SEPEk kontratu ereduak argitaratuta dauzka. Aldi baterako kontratu mota guztiak batera datoz ereduan, baina, hauen artean, errelebo kontratuak ere aurkituko dugu, bai erretiro partziala hartzen duen langilearentzat (9. orrialdean), bai ordezkatuko duen langilearentzat (10. orrialdean).

Kontratuen eredu hauek HEMENDIK jaitsi ahal dituzue PDF formatuan.

 

Kontratuaren iraupena

Kontratua behin-behinekoa izan daiteke. Izan ere, ikusi duzuenez, SEPEren eredua aldi baterako kontratuen artean dago kokatuta. Hala ere, ordezkatutako langileari erretiro adinera heltzeko falta zaion denboran luzatu beharko da derrigor.

Edozelan, jardunaldiaren murrizketa %75era heltzen bada, kontratua mugagabea izan beharko da (gogoratu, honezkero aipatu dugunez, kasu honetan jardunaldi osoz ere izan beharko dela ezinbestez). Kasu honetan kontratu mugagabe honek iraun beharko du, gutxienez, ordezkatutako langilea erretiro adinera heldu eta bi urte gehiago. Esaterako, erretiro partziala hartu duen langileari bi urte falta bazaizkio erretiro adinera heltzeko, errelebo-langilearen kontratu mugagabeak, gutxienez, lau urte iraun beharko ditu (ordezkatutako langileari falta zaizkion bi urteak gehi bi urte gehiago).

 

Kontratuaren amaiera

Oraintxe ikusi dugunez, kontratu mugagabea balitz, hau ezingo litzateke amaitu ordezkatutako langileak jubilazio osoa hartzen duen momentuan eta, gutxienez, beste bi urtez luzatu beharko litzateke. Hala ere, aldi baterako errelebo kontratuak amaituko dira ordezkatutako langilea jubilazio adinera heltzen denean. Kalte ordaina behin-behineko kontratu guztien amaieragatiko berbera izango da: 12 egun lan egindako urte bakoitzeko.

Edozelan, enpresak kaleratuko bagintu (aldi baterako kontratuarekin edo kontratu mugagabearekin), kalte-ordaina kaleratze motari dagokiona izango litzateke.

Edozein kasutan, gogoratu kaleratzeak sala daitezkeela eta 20 egun baliodun dauzkazula horretarako.

Bestetik, baliteke erretiro partziala hartu duen langileak lanean jarraitzea, baita erretiro adina heldu ostean ere. Honelakoetan, enpresak aldi baterako errelebo kontratua luzatu ahal digu. Kasu honetan urteka luzatuko litzateke eta kontratua amaituko litzateke ordezkatutako langileak jubilazio osoa hartuko duen urteko luzapena amaitzen denean.

Eta, azkenik, erretiro partziala hartu duen langilea bidegabeki kaleratuko balute eta enpresak ez balu berriro hartuko (gogoratu kaleratze bidegabeetan enpresak erabaki dezakeela langilea berriro hartzea edo kalte-ordaina pagatzea), enpresak errelebo-langileari bere jardunaldia luzatzeko eskaini beharko dio.

 

Zelan eskatu?

Langileak eskatu behar du bere erretiro partziala. Enpresari eskatu eta adostu ostean Gizarte Segurantzaren Institutuari eskatu beharko dio erretiro partzialean hasi eta hiru hilabete lehenago, gehienez. Hau da, demagun 2024ko irailean erretiro partziala hartu ahal duzula; hortaz, ez eskatu Gizarte Segurantzari ekainean baino lehenago.

Ebazpena eman baino lehenago, Gizarte Segurantzak langileari jakinaraziko dio ea baldintzak betetzen ote dituen eta, hala balitz, zein izango litzatekeen pentsiorako legokiokeen diru kopurua. Ados egon ezean, 10 eguneko epea izango luke alegazioak egiteko eta egokitzat jotzen dituen dokumentuak aurkezteko.

Enpresak eta Gizarte Segurantzak oniritzia edo baiespena behin emanda, lehen azaldu moduan, kontratua aldatu beharko litzateke eta enpresak errelebo kontratua gauzatu beharko luke.

Gogoratu enpresa ziurtagiria aurkeztu beharko dela. Dokumentu hau zertan datzan jakin nahi baduzu, HEMEN kontsulta edo jaitsi dezakezu.

Informazio gehiago Gizarte Segurantzaren webgunean: