Langabezia zaharra ala langabezia berria?

2021/02/22

Denok entzun ditugu inoiz “langabezia zaharra” edota “langabezia berria” terminoak eta, zenbait kasutan, bien artean aukeratu ahal dugula prestazioa eskatzen dugunean. Baina zertan datza hori eta noiz gertatzen da? Zein da probetxugarriena? Aukeratzen ez den prestazioa galtzen ote da? Galdera hauei guztiei erantzuten ahaleginduko gara artikulu honetan.

Izan ere, langabezia prestazio bi jasotzeko aukera daukagunean, SEPEk bien artean hautatzeko parada emango digu, probetxugarrien suertatuko zaigun prestazioarekin gera gaitezen.

Baina… noiz daukagu prestazio biren artean aukeratzeko eskubidea?

Demagun langabezian geratu zarela eta prestazioa jasotzen hasi zarela. Eta demagun handik denboratxo batera berriro hasi zarela lanean. Kasu horretan jasotzen ari zinen prestazioa (prestazio zaharra) etenda geratuko litzateke.

Lan berri horretan edo horietan -kontratu bat baino gehiago izan daitezkeelako, beranduago ikusiko dugunez- 12 hilabete emango bazenitu, prestazio berri bat sortuko zenuke.

Hortaz, etenda (edo bertan behera) geratu den prestazio zaharra izango genuke batetik eta, bestetik, sortu dugun prestazio berria.

Laburbilduz, prestazio biren artean aukeratzeko eskubidea izango duzu, baldin eta…

⇒ Utzi badiozu langabezia kobratzeari prestazioa agortu baino lehen (prestazio zaharra ez baduzu guztiz agortu, alegia).
⇒ Horren ostean berriro lanean hasi bazara eta, gutxienez 360 egun (12 hilabete) egin badituzu.

Zeintzuk dira aukera biak?

1. Langabezia zaharra: Lehenagotik aitorturik zeneukan langabezia prestazioa berriro hartu. Hau da, enplegu berrian hasi orduko jasotzen ari zinen eta etenda geratu zen prestazioa jasotzeri ekingo zenioke berriro, kobratzeke geratzen zitzaizun denboraz eta lehengo zenbateko berberaz; hortaz, portzentajea eta kotizazio oinarriak lehengo berberak izango lirateke.

Aukera hau hartuz gero, enplegu berrian sortu dituzun kotizazioak ezin izango dituzu gerora erabili prestazio berri baterako. Izan ere, kotizazio horiek desagertu egingo dira, hautatzen ez duzun aukera galtzen baita.

2. Langabezia berria: Azken kontratuarekin sortu duzun prestazioa jaso zenezake. Kasu honetan prestazioa portzentaje eta oinarri berrien araberakoa izango litzateke, hau da, enplegu berrian kotizatu duzunaren arabera. Izan kontuan, kasu honetan ere aukeratzen ez duzun prestazioa, langabezia “zaharra”, alegia, galdu egingo dela.

Zein da aukerarik probetxugarriena?

Kasuan kasu. Zein datorkizun hobetoen kalkulatu beharko duzu. Horretarako, kontuan hartu beharko duzu ze kopuru jasoko zenukeen prestazio bakoitzeko eta zenbat denboraz egingo zenukeen. Hau da, langabezia zaharragatik eta berriagatik zenbat kobratuko zenukeen (hau izan dituzun kotizazio oinarrien araberakoa izango da) eta zenbat hilabete kobratzeko eskubidea izango zenukeen prestazio bakoitzarekin.

Baliteke langabezia zaharrarekin gehiago kobratzea, baina hilabete gutxi geratzea jasotzeko. Izan kontuan aurreko prestaziotik egon zarela hainbat hilabetetan kobratzen eta, hortaz, bakarrik jasoko zenituzke agortu ez dituzun hilabeteak. Demagun prestazio zaharra, guztira, 18 hilabete zirela eta jadanik 15 hilabete gastatu dituzula, adibidez; beraz, hiru hilabete baino ez litzaizkizuke geratuko.

Galdetu SEPEren bulegoan, kontuak ateratzen lagun diezazuten. 10 eguneko epea daukazu aukeratzeko (10 egun hauek hasiko dira zenbatzen prestazio berria aitortzen dizuten egunetik aurrera). Idatziz izan beharko da beti.

12 hilabete kotizatzen prestazio berria sortu ahal izateko

12 hilabete segidan

Prestazio berri bat sortzeko, 12 hilabete (360 egun) eman behar izan ditugu lanean segidan. Adi! Segidan izan behar direla diogunean, ez dugu esan nahi kontratu bakar batekin izan behar denik. Baliteke hainbat kontratu kateatzea, baina, edozein kasutan, ezin izango da kontratutik kontratura prestazioa berriro hartu. Hau da, segidan izan direla ulertuko da, baldin eta kontratutik kontratura ez badugu prestazioa eskatu.

12 hilabete baino gutxiago egin baduzu lanean

12 hilabete baino gutxiago egin badituzu lanean, ez zenuke prestazio berririk sortuko (honetarako, 12 hilabete behar direlako) eta, hortaz, ezingo zenuke prestazio biren artean aukeratu. Hala ere, oraindik etendako prestazio zaharra izango zenuke. Beraz, berriro langabezian geratuz gero, aurreko prestaziotik kontsumitu ez duzun guztia kontsumi zenezake.

Aldizkako langile finkoak

Aldizkako langile finkoek ere badaukate prestazio biren artean aukeratzeko eskubidea, beraz, egoera Berean badaude (aurreko prestazio bat oraindik agortu barik badaukate eta prestazio berri bat sortzeko beste lan egin badute) langabezia zaharraren edo berriaren artean hautatu ahal izango dute.

Edozelan, aldizkako langile finkoek abantaila bat daukate beste langileekin konparatuta: prestazio zaharra berriro hartzea aukeratuz gero, egindako kotizazio berriak ez lituzkete galduko. Honela, hurrengo batean, berriro langabezia prestazioa eskatu beharko balute, erabili ez dituzten kotizazio berri horiek erabili ahal izango dituzte.

Norberaren kontura lanean hasiz gero

Demagun langabezia prestazioa jasotzen ari zarela eta, agortu baino lehenago, zeure kontura lanena hasten zarela. Kasu honetan, egoera berean egongo ginateke, baina, hori bai, langabezia prestazio berria sortu ordez, jarduera amaieragatiko prestazioa sortuko genuke gure lan berri horretan (autonomoen “langabezia”, alegia).

Beraz, aukeratu ahal izango genuke, agortu ez dugun langabezia prestazioa (inoren kontura lanean sortu zenuena) edo jarduera amaieragatiko prestazioa (zeure kontura lanean sortu duzuna). Kasu honetan ere, hautatzen ez dugun prestazioa galduko genuke.