Zertan datza?

Langileen Estatutuko 37.6 artikuluan azaltzen denez, langileok jardunaldia murrizteko eskubidea daukagu, zaintza lanak beharrezkoak direnean. Hiru kasu jasotzen dira:

  • 12 urtetik beherako umerik edo desgaitasunen bat daukan pertsonarik gure kargupean daukagunean.
  • Adinagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz moldatu ezin den senideren bat zaintzeko.
  • Gure seme edo alabaren bat minbiziak edo bestelako gaixotasun larri batek jota dagoenean eta zaintza zuzen eta iraunkorra behar duenean.

Baina, jakina, jardunaldia murrizten dugunean, oro har, soldata ere hein berean murrizten zaigu. Hau da, jardunaldia erdira murriztuko bagenu, esaterako, soldata ere erdira murriztuko litzaiguke. Hala ere, hemen aipatzen den hirugarren kasu honetarako (gure semea edo alaba gaixotasun larri batek jota dagoenerako, alegia) badago prestazio ekonomiko bat eskatzea, diru galera hau ekiditeko. Hauxe da artikulu honetan landuko duguna.

Erregimen guztietako langileentzat

Gizarte Segurantzako erregimen guztietako langileek eska dezakete. Hau da, inoren konturako langileek, autonomoek zein etxeko langileek.

Langile publikoek ere badaukate prestazio hau eskatzeko eskubidea, baina euren kasuan Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak erregulatzen du, 49.e) artikuluan. Edozelan, ez dago alde handirik eta, beraz, hemen azalduko duguna euren kasuan ere aplikatzen da.

Bete beharreko baldintzak

• Guraso biak lanean egon behar dira eta Gizarte Segurantzan alta emanda (ikusi aurrerago zer gertatzen den bananduta bazaudete). Guraso bakarreko familien kasuan, jakina, guraso hori lanean egotearekin nahikoa izango litzateke.

Jardunaldi murrizketa, gutxienez, %50ekoa izan daiteke eta, gehienez, %99koa.

• Gaixotasun larriak jota dagoen seme edo alabak, gehienez, 23 urte izan ahal ditu. Hau 2/2022 Dekretuaren Seigarren Xedapen Gehigarriak aldatu zuen, lehen 18 urte betetzearekin batera amaitutzat ematen baitzen.

• Bestetik, azken pentsio erreformak (2/2023 Lege Dekretuak, alegia) beste aldaketa bat sartu du: Semeak edo alabak 26 urte bete arte luzatu da prestazioa, beti ere 23 urte bete baino lehenago, gutxienez %65eko desgaitasun maila egiaztaturik bazeukan (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 190.3 artikulua)

• Pairatzen duen gaixotasun larriak iraupen luzeko ospitaleratzea ekarri behar dio edo, ospitaleratze ostean ere, zaintza zuzen, jarraitu eta iraunkorra behar du.

• Eskatzaileak gutxieneko kotizazioak izan behar ditu pilatuta:

21 urtetik beherakoa bazara: ez da gutxieneko kotizaziorik eskatzen
21 eta 25 urte bitartekoa bazara: gutxienez, 90 egun kotizaturik azken 7 urteetan edo 180 egun bizi laboral osoan.
26 urte edo gehiago badituzu: gutxienez, 180 egun kotizaturik azken 7 urteetan edo 360 egun bizi laboral osoan.


👉🏼 Azken aldaketak medio, prestazio hau semeak edo alabak 23 urte bete arte eska daiteke. Gainera, 26 urtetara luzatu ahal da, baldin eta gure semeak edo alabak %65eko desgaitasun maila aitorturik bazeukan 23 urte bete zituen momentuan.


Guraso biek eska dezakete?

Bai, jakina, seme-alaben guraso biek eska dezakete, baina ez aldi berean. Esan nahi baita, guraso bat baino ezin da egon prestazioa jasotzen (nahiz eta seme edo alaba bat baino gehiago gaixorik egon). Hala ere, tarteka egin dezakete: batek zaintza ardura har dezake hasiera batean eta besteak geroxeago, baita txandaka bien artean ere. Pertsona bakoitza subsidioa jasotzen egongo den denbora ezin izango da izan hilabete baino gutxiagokoa.

 

⇒ Banandurik bazaudete eta biok subsidio hau jasotzeko eskubidea badaukazue:

1148/2011 Dekretuaren 4.4 artikuluak ezartzen duenez:

  • Zeuen artean adostu beharko duzue nork jasoko duen
  • Ez badago akordiorik, umearen kustodia daukanak jasoko du
  • Kustodia biok badaukazue, lehenengoz eskatzen duenari emango zaio subsidioa

Gai hau Gizarte Segurantzaren Legearen 191. artikuluan garatzen da. 2023ko apirilera arte zera zekarren: banaketa kasuetan eskubidea aitortuko zaiola gaixorik dagoen pertsonarekin bizi den gurasoari. Hala ere, azken pentsio erreforma aprobetxatu zen artikulu hau hobeto zehazteko eta malgutzeko, 1148/2011 Dekretuak ere dakarrenaren harira.

Honela, banaketa kasuetan prestazioa jaso ahal izango da, nahiz eta beste gurasoak lanik ez egin. Honetaz gain, genero indarkeria kasuak ere gehitu dira, hau da, banandurik egon ala ez, genero indarkeriaren biktima izaera aitorturik izanez gero, egoera honetan egongo zinateke eta prestazioa jaso zenezake, nahiz eta beste gurasoak lanik ez egin. (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 191. artikulua).


👉🏼 Prestazio hau jasotzeko, beharrezkoa da guraso biek lan egitea. Salbu eta banandurik bazaudete edo genero indarkeriaren biktima bazara. Honelakoetan, eskubidea semearekin edo alabarekin bizi denari aitortuko zaio, nahiz eta bikotekide ohiak lanik ez egin.


Ze portzentajetan murriztu ahal da jardunaldia?

Hasieran esan dugunez, hiru kasutan murriztu dezakegu jardunaldia, zaintza lanak direla eta: 12 urtetik beherako umeak zaintzeko, baliatu ezin den senideren bat zaintzeko eta gaixotasun larriak jota dauden seme-alabak zaintzeko.

Lehenbiziko kasu bietan jardunaldia murriztu ahal izango dugu, gutxienez, zortziren batez (1/8) eta, gehienez, jardunaldi erdiz.

Hala ere, hirugarren kasua, artikulu honetan jorratzen ari garen hau, alegia, ezberdina da. Alde batetik, subsidioa jasotzeko aukera daukagulako eta, bestetik, murrizketak portzentaje altuagoetan izan behar direlako derrigor: gutxienez, %50 eta, gehienez, %99.

Autonomoen eta etxeko langileen kasuan, portzentaje hauek kalkulatuko dira 40 orduko jardunaldiaren gainean.

Jardunaldia %99an murrizteak ez du esan nahi beste %1 horretan lan egin beharko dugunik. Praktikan enpresak bere gain hartzen du eta gu ez ginateke lanera joan beharko. Ez da %100eko portzentajea erabiltzen, kasu horretan zaintza betebeharrengatiko eszedentziaz hitz egiten ariko ginatekeelako eta ez jardunaldi murrizketaz. Beraz, kontu legala baino ez da.

Bestetik, jardunaldi partzialaz aritzen bazara (adi! jardunaldi partzialaz, ez jardunaldi murriztuaz) ere aukera izango duzu jardunaldia murrizteko eta subsidioa jasotzeko, beti ere jardunaldi partzial hau ez bada ohiko jardunaldiaren %25 edo gutxiago. Azken kasu honetan ez zenuke eskubiderik izango murrizketa eta subsidioa eskatzeko. Edozelan, kontratu partzial bat baino gehiago izanez gero, jardunaldien iraupenak batuko lirateke.

Azkenik, demagun aldez aurretik jardunaldia murriztuta izan duzula (12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko, adibidez). Adi! Kasu honetan prestazioa ezin dizute kalkulatu murriztuta zeneukan jardunaldiaren arabera, baizik eta zure ohiko jardunaldiaren gainean. Eta, hortaz, subsidioa ere soldata osoaren araberakoa izan beharko da. Hala ezarri dute Madrilgo Auzitegi Gorenak, baita Euskadiko Auzitegi Gorenak ere 2020ko ebazpen batean.

Ezin dizute kontratu mota aldatu

Behin baino gehiagotan gertatu izan da honelako murrizketa bat eskatu duen langileari kontratu mota aldatu diotela eta jardunaldi osoko kontratutik jardunaldi partzialeko kontratura pasatu dutela.

Enpresak Gizarte Segurantzari jardunaldi murrizketa jakinarazi behar dio, baina ezin dizu kontratu mota aldatu. Bestela, Gizarte Segurantzak ez luke jakingo jardunaldi murrizketa honekin zaudenik (bere datuetan azalduko litzatekeen gauza bakarra izango litzateke jardunaldi partzialaz ari zarela lanean) eta, hortaz, ez zenuke kotizatuko jardunaldi osoagatik. Honek esan nahi du, gerora, bestelako prestazioren bat eskatu beharko bazenu, langabezian geldituz gero edo erretiro sasoian, askoz kotizazio gutxiago izango zenituzkeela eta, hortaz, prestazio baxuagoak.

Zenbat jasotzen da?

Oinarri arautzailearen %100.

Gertakizun profesionalengatiko aldi baterako ezintasunerako oinarri arautzailea hartzen da kontuan. Honen ezean, gertakizun arruntengatiko oinarri arautzailea erabiliko da kalkulurako.

Jakina, aparteko ordainsariak ere jasoko dituzu, baina hainbanaturik (“prorrateaturik”).

Bestetik, prestazioa jasotzen duzun bitartean %100ean kotizatzen jarraituko duzu (aldi baterako ezintasun, ezintasun iraunkor, erretiro, heriotza eta biziraupen, gurasotasun, haurdunaldi edo edoskitze sasoiko arrisku edota langabeziarako).

Hau da, berdin kotizatuko duzu, lanera joango bazina bezala (murrizketarik gabe). Hortaz, aipatutako prestazioren bat eskatu behar duzunean -langabezia, kasu- jasoko duzun zenbatekoa ez da jaitsiko edo murriztuko (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 237.3 artikulua eta 270. artikulua).

Zenbat denboraz jasotzen da?

Prestazioa jardunaldi murrizteka hasten den momentutik jaso dezakezu, beti ere eskaera lehen hiru hilabeteetan egiten baduzu (eskatzen duzunetik ematen dizuten arteko denborari dagokion zatia atzeraeraginez jasoko zenuke). Baina, kontuz! Atzeraeragin hau gehienez hiru hilabetekoa da, beraz, beranduago eskatzen baduzu, prestazio zati bat gal zenezake.

Prestazioa hilabeterako onartzen da hasiera batean. Gerora, hilabete bitik behin joan beharko zara luzatzen, zaintza premiak dirauen bitartean (zaintza premia hau medikuak egiaztatu behar du), harik eta semeak edo alabak 23 urte bete arte -edo 26 urte bete arte, baldin eta %65eko desgaitasun maila aitorturik badauka-.

Bestetik, gurasoetako batek bere lana uzten edo galtzen duenean ere amaituko da eskubidea. Gogoratu, betebeharreko baldintzetako bat dela guraso biak lanean eta Gizarte Segurantzan altan emanda egotea. Hala ere, lehen aipatu dugunez, betebehar hau ez da beharrekoa izango banandurik bazaudete edo genero indarkeriaren biktima izaera aitorturik badaukazu.

 

⇒ ADI! Semea edo alaba berriro klasera joaten hasiz gero.

Gai hau hainbat buruhauste ematen ari da. Geroxeago ikusiko dugunez, prestazio hau normalean mutualitateek kudeatzen dute edo, honen ezean, Gizarte Segurantzaren Institutuak (etxeko langileen kasuan, esaterako). Mutualitateek maiz aprobetxatzen dute umea berriro klasera joaten hasi dela prestazioa ukatzeko: umea berriro eskolara joaten hasi denez, jadanik ez omen du zaintza iraunkor eta jarraiturik behar. Horixe da erabiltzen duten argudioa.

Gogoratu mutualitateek patronalentzat egiten dutela lan, ez langileontzat, ezta administrazioarentzat ere. Euren helburu nagusia enpresarien interesak defendatzea da, gure eskubideen -eta osasunaren- gainetik bada ere.

Legeak ez du aipatzen ezein momentutan umea eskolara itzultzea prestazioa eteteko arrazoia denik, baizik eta “umearen hobekuntza edo alta medikoa”. Beraz, mutualitatek egin ohi duten interpretazio hau salagarria izan daiteke. Izan ere, eskolara joan arren, askotan ume horiek etengabeko zaintzak behar izaten dituzte eta, gainera, eskolara itzultzea eurentzat neurri gomendagarria eta terapeutikoa ere izaten da sarritan. Auzitegiek hainbat ebazpen eman dituzte mutualitateen erabaki honen kontra.

Eskolara itzultzeak ez du zertan esan nahi prestazioa automatikoki galdu behar dugunik. Kasuan kasu aztertu beharko litzateke. Mutualitateak arrazoi honengatik prestazioa eteten badizu eta ez bazaude erabaki honekin ados, jar zaitez kontaktuan sindikatuarekin.

Eskaera

Oraintxe esan dugunez, prestazio hau mutualitateek kudeatzen dute edo, honen ezean, Gizarte Segurantzaren Institutuak. Hortaz, eskaera dagokizun entitateari aurkeztu beharko diozu.

Dokumentazioa:

• NAN, pasaportea edo NIE
• Familia liburua, adopzioaren ebazpen judiziala edo harreraren ebazpen administratiboa
• Osakidetza edo Osasunbideko medikuaren egiaztagiria

Enpresa ziurtagiria (kotizazio oinarria eta murrizketaren nondik norakoak -hasiera data eta portzentajea- azaldu behar dira bertan).
Etxeko langileen kasuan, enpresa ziurtagiriaren ordez, enplegatzailearen erantzukizunpeko adierazpena atxiki beharko da
Autonomoen kasuan, jarduera profesionalaren murrizketaren portzentajea islatzen duen adierazpena (gogoratu erreferentzia 40 orduko jardunaldia dela)

• Guraso bi bazarete eta banandurik bazaudete: zuen arteko adostasunik egon ezean, adin txikikoaren kustodia nork daukan egiaztatzen duen dokumentazioa (ebazpena edo akordioa).

Dokumentazio hau zehatzago kontsultatzeko eta dokumentuak jaisteko:

  • Gizarte Segurantza: ORRIALDE HONETATIK dokumentuak jaitsi ahal izango dituzu
  • Mutualitatea: mutualitate gehienek beharrezko dokumentazioa euren orrialdean eskegita daukate. Adibide bat ikusi nahi baduzu, HEMENDIK egin zenezake, “cuidado de menores” atalean. Inoren konturako langile zein autonomoentzako azpiatalak aurkituko dituzu.

Eskaera behin aurkeztuta, mutualitateak edo Gizarte Segurantzak 30 egun dauzka langileari jakinarazteko onartu eta ukatu ote dion. 30 egun hauek pasaturik, erantzunik ez balego, eskaera ukatu dutela ulertu beharko da. Ukatzen badizute, Gizarte Segurantzaren prestazioen inguruko demanda aurkez liteke, baina, lehenengo eta behin, aldez aurretiko erreklamazioa aurkeztu beharko litzateke mutualitatean edo Gizarte Segurantzan.

 Gaixotasun zerrenda

Minbiziaz gain, beste gaixotasun larri batzuk ere hartzen dira kontuan, izan gaixotasun hematologikoak, metabolikoak, psikiatrikoak, kardiakoak eta abar.

Gaixotasun zehatzak Legearen Gehigarrian azaltzen dira eta hemendik kontsultatu ahal dituzue: