Bizilaneko artikuluetan behin baino gehiagotan irakurri ahal izan duzue termino hau. Izan ere, Gizarte Segurantzaren hainbat prestazio jaso ahal izateko, alta egoeran edo alta pareko egoeran egotea exijitzen da.

Honelakoetan, gure lan jarduera amaitu da, baina ulertzen da alta egoerak iraun behar duela, hainbat eskubideren jabe izaten jarraitzeko. Hau da, ez gaude lanean eta, hortaz, sisteman ez gaude altan, baina gure egoera ez da bajan egoteko modukoa.

Altaren pareko egoerak ezagutzea garrantzitsua da, zeren eta oso ohikoa baita pentsatzea, lanean ez gaudenez, ezin dugula zenbait prestazio eskatu. Adibidez, ba al zenekiten, langabezian egon arren, gurasotasun baimena eska dezakezuela?

Gure artikuluan honek zelan funtzionatzen duen azaldu dizuegu, bai Erregimen Orokorrean, bai eta Autonomoen Erregimenean ere.

Zer da altaren pareko egoera?

2024/01/31

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 166. artikulua
84/1996 Dekretua, Gizarte Segurantzan enpresen inskripzioaren zein langileen afiliazio, alta, baja eta datu aldaketen Araudi Orokorra (36. artikulua)
2530/1970 Dekretua, Gizarte Segurantzarekiko autonomoen erregimen berezia arautzen duena (29. artikulua)

 

Bizilaneko artikuluetan behin baino gehiagotan irakurri ahal izan duzue termino hau. Izan ere, Gizarte Segurantzaren hainbat prestazio jaso ahal izateko, alta egoeran edo alta pareko egoeran egotea exijitzen da. Hemen altaren pareko egoerak zeintzuk diren azalduko dizuegu, Erregimen Orokorrean eta Autonomoen Erregimenean.

Zertan datza?

Gizarte Segurantzarekin izan dezakegun harreman mota bat da. Honelakoetan, gure lan jarduera amaitu da, baina ulertzen da alta egoerak iraun behar duela, hainbat eskubideren jabe izaten jarraitzeko. Hau da, ez gaude lanean eta, hortaz, sisteman ez gaude altan, baina gure egoera ez da bajan egoteko modukoa.

Altaren pareko egoerak ezagutzea garrantzitsua da, zeren eta oso ohikoa baita pentsatzea, lanean ez gaudenez, ezin dugula zenbait prestazio eskatu. Adibidez, ba al zenekien, langabezian egon arren, gurasotasun baimena eska dezakezula?

Altaren pareko egoerak
  • Langabezia:

Legeak honelaxe dio: “Langabezia egoera legala, erabatekoa edo subsidiatua”. Hau da, prestazio kontributiboa jasotzen ari bagara (“erabateko langabezia egoera”) edo langabezia subsidioren bat jasotzen ari bagara (“langabezia subsidiatua”). Hala ere, lanik gabe egote hutsa ez da nahikoa langabezia-egoera legalean egoteko, aitzitik, egoera batzuk baino ez dira halakotzat jotzen. Laburbilduz eta nagusiki, lan barik gelditu bagara (kaleratu gaituztelako edo kontratua amaitu zaigulako), langabezia-egoera legalean egongo ginateke; aitzitik, lana guk utziko bagenu, ez ginateke langabezia-egoera legalean egongo.

Edozelan, ez da ezinbestekoa langabezia prestazioa edo subsidioa jasotzen egotea. Hauek agortu baditugu ere, altaren pareko egoeran egongo ginateke, beti ere enplegu eskatzailetzat izena eman badugu eta tokatzen zaigun bakoitzean berrizten badugu.

  • Ez disfrutatutako oporrak:

Badakizuenez, kontratua amaitzen zaigunean, askotan disfrutatu ez ditugun opor egunak geratzen zaizkigu. Sortu eta disfrutatu ez ditugun opor egun horiek kitatze-agirian ordaindu behar dizkigute. Eta, zelanbait esateko, jadanik ez gauden altan, ez gaudelako lanean (kaleratu gaituztelako, adibidez), baina enpresak egun horietan gugatik kotizatu behar du. Beraz altaren pareko egoeran egongo ginateke.

  • Nahitaezko eszedentzia:

Zeregin sindikaletan aritzeagatik edo kargu publiko batean egoteagatik, adibidez. Nahitaezko eszedentziaz gehiago jakin nahi baduzu, begirada bat bota ahal diezu hurrengo artikuluei:

  • Zaintza betebeharrengatiko eszedentzia:

Badakizuenez, seme-alabak zaintzeko eszedentzia har daiteke umeak hiru urte bete arte. Eszedentzia mota honetan lanpostua gordetzen da. Era berean, bigarren gradura arteko senideak zaintzeko ere har dezakegu kasu batzuetan eszedentzia bat. Gehiago jakin nahi baduzu honetaz, horra hor beste artikulu pare hau:

  • Lekualdatzeak:

Enpresak langilea Estatutik kanpora lekualdatzen badu.

  • Hitzarmen bereziak:

Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekin hitzarmen berezia sinatzen bada. Hau, laburbilduz, zera izango litzateke: edozein erregimenetik kanpo gelditu den langileak (hainbat arrazoirengatik izan liteke hau) Gizarte Segurantzari kotizatzen jarraituko lukeela, nahiz eta enplegurik ez izan. Hitzarmen hauek TAS/2865/2003 Aginduan arauturik daude eta, nahi baduzu, honen inguruko informazio gehiago aurki dezakezu Gizarte Segurantzaren ORRIALDE HONETAN.

  • Sasoikako langileak edo aldi baterako finkoak:

Jarduerarik edo lanik ez dagoen sasoietan langile hauek altaren pareko egoerara pasatuko dira.

  • Gaixotasun profesionalaren arriskua:

Langileren bat ez badago alta egoeran, ezta altaren pareko egoeran ere, baina bere lanpostuan lan gaixotasunen bat pairatzeko arriskuan egon bada, altaren pareko egoerara pasatuko da, lanpostuak ezintasun iraunkorra sorrarazi badio. Altaren pareko egoera hau ez da ondorio guztietarako, baizik eta delako ezitasun iraunkor hori aitortzeko besterik ez.   

  • Greba edo itxiera patronala:

Honelako kasuetan lan harremana eteten da eta, hortaz, altaren pareko egoerara pasatzen da.

  • Genero indarkeriaren biktima diren langileak:

Langile batek bere enplegua utzi behar badu, genero indarkeriaren biktima izateagatik, denbora hori efektiboki kotizatutakotzat hartuko da eta langilea altaren pareko egoeran dagoela ulertuko da.

Genero edota sexu indarkeriaren biktima diren emakumeen lan eskubideen inguruan gehiago jakin nahi baduzu, beste artikulu honetan zerrendaturik eta azaldurik dauzkazu:

  • Adin txikikoaren jaiotza eta zaintzagatiko baimena:

Lan kontratua behin amaituta, gurasotasun baimena disfrutatzen jarraitzen badugu edo langabezia prestazioa jaso bitartean gurasotasun baimena disfrutatzen hasten bagara.

  • Baja medikoa:

Aldi baterako ezintasun egoeran (baja medikoan) gaudenean ere pasatuko gara altaren pareko egoerara, langabezia prestazioa edo ezintasun iraunkorra jasotzeko momentuan, adibidez. Baita lan kontratua amaitzen bazaigu eta bajan jarraitzen badugu ere.

Era berean, 18 hilabete baino gehiago ematen baditugu baja medikoan, hau da, ezintasun egoera luzatzen bada, altaren pareko egoeran egongo gara, kotizatzeko betebeharrik gabe.

Zerrenda honetara egoerarik ohikoenak ekarri ditugu. Hala ere, ez dago zerrenda itxirik, Gizarte Segurantzaren Ministerioak halakotzat jotzen dituen guztiak sar daitezkeelako.Honetaz gain, jurisprudentziak ezarri du interpretaziorako irizpideak malguak izan behar direla eta kasu zehatz bakoitza aztertu behar dela, langileak babesgabe ez uztearren. Adibidez, dotrina bateratzeko Epaitegi Nagusiko 2017ko ebazpen hau.

Honetaz gain, segun eta zein den eskatzen den prestazioa (langabezia, ezintasun iraunkorra…), altaren pareko beste egoera zehatz batzuk har daitezke kontuan. Zerrenda zabalagoak kontsulta ditzakezu hurrengo orrialde hauetan:

Autonomoak

Autonomoen kasuan, hainbat arauditara jo beharko dugu altaren pareko egoerak zeintzuk diren zerrendatzeko.

Autonomoek Gizarte Segurantzarekin daukaten harremana 2530/1970 Dekretuan zehazturik dago. Dekretu honen 29. artikuluak altaren pareko egoera bi azaltzen ditu:

Autonomoen Erregimenean baja eman eta hurrengo 90 egun naturaletan alta pareko egoeran egongo da langilea

— Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekin hitzarmen berezia sinatzen bada. Lehen aipatu dugunez, honen funtsa da kotizatzen jarraitzea, nahiz eta jadanik enplegurik ez izan. Hitzarmen berezi hauek TAS/2865/2003 Aginduan araututa daude. Era berean, informazio zabalagoa kontsulta dezakezu Gizarte Segurantzaren ORRIALDE HONETAN.

 

Hala ere, dekretu honek dakartzan kasu bi hauetaz gain, langile autonomoak altaren pareko egoeran egon daitezke beste kasu batzuetan:

— Sasoikako langile autonomoak, lanik egiten ez duten epeetan, beti ere 12 hilabete baino gehiago pasatzen ez badira (1970eko irailaren 24ko Agindua, Autonomoen Erregimen Berezia garatzeko eta aplikatzeko arauak ematen dituena, 72. artikulua).

Gaixotasun edo istripuagatik jarduera etenda dagoen bitartean (1970eko irailaren 24ko Agindua, Autonomoen Erregimen Berezia garatzeko eta aplikatzeko arauak ematen dituena, 73. artikulua). Hori bai Mutualitatean azterketa medikoa egin beharko dizu eta egoera egiaztatu beharko du.

— Adin txikikoaren jaiotza eta zaintza (gurasotasun baimena). Gizarte Segurantzaren 318. artikulua. Ikusi, gai honen inguruan, Gizarte Segurantzaren 5/2020 Kudeaketa Irizpidea.

— Genero indarkeriaren biktima diren autonomoak, jarduera eteten badute, euren babeserako edo laguntza sozial integrala jasotzeko, 6 hilabetez ez dira kotizatzera behartuta egongo. Hala ere, langilea altaren pareko egoeran egongo da eta 6 hilabete hauek efektiboki kotizatutzat joko dira prestazioei begira (1/2004 Lege Organikoaren 21.5 artikulua).

Prestazioak

Altaren pareko egoeran bazaude, oro har eta besteak beste, honako prestazio hauek eska ditzakezu:

• Osasun arreta

• Erretiroa: ohikoa edo aldez aurretikoa.

• Ezintasun iraunkorra: partziala, erabatekoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

• Heriotza eta biziraupenagatiko prestazioak: alarguntza, zurztasuna, senideen aldekoa…

• Adin txikikoaren jaiotza eta zaintza (gurasotasun baimena)

• Langabezia

• Minbiziak edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko prestazioa.