Alarguntza pentsioa

2018/02/26
Azken eguneraketa: 2022/05/05

8/2015 Dekretua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrarena (XIV. Kapitulua)
21/2021 Legea, abenduaren 28koa

Langile bat hiltzen denean, bere bikotekideak jasotzen duen prestazioa da. Bizi osorako da eta zenbatekoa zendutako bikotekidearen kotizazio oinarriaren arabera kalkulatzen da. Denarekin ere, hainbat baldintza bete behar dituzte pertsona biek.

Zendu den langilearen kasuan

Zendu den langilea Gizarte Segurantzan alta emanda egon behar izan da edo, bestela, altaren pareko egoeran (adibidez, langabezian, nahitaezko eszedentzian, zaintza betebeharrengatiko eszedentzian, Gizarte Segurantzarekiko hitzarmen bereziarekin…)

Gutxieneko kotizazioak izan behar ditu:

— Heriotza gaixotasun arruntagatik izan bada: 500 egun jarraian, hil baino bost urte lehenagoko epean

– Heriotza istripuagatik -izan lanekoa, izan istripu arrunta- edo gaixotasun profesionalagatik suertatu bada: ez da gutxieneko kotizaziorik eskatuko.

– Heriotza gertatzen denean ez bazegoen Gizarte Segurantzan altan, gutxienez 15 urte kotizatuak izan behar izan ditu.

Ezintasun iraunkorragatiko pentsioa edo pentsio kontributiboa jasotzen egon bada edo, eskatu ez arren, pentsio kontributiboa jasotzeko eskubidea bazeukan, alarguntza pentsioa eskatu lezake bikotekideak. Era berean, erabateko ezintasun iraunkorra pairatu bazuen eta, pentsioaren ordez, kalte ordaina aukeratu bazuen, bere bikotekideak alarguntza pentsioa eskatu ahal izango du berdin-berdin.

Alarguntza pentsioaren eskatzailearen kasuan

• Zure bikotekidea gaixotasun arruntagatik hil bada, eta gaixotasuna ezkondu baino lehenago baldin bazeukan, gutxienez urtebete ezkondurik egon behar izan zarete. Baldintza hau ez baduzue bete, gutxienez urte biko elkarbizitza egiaztatu beharko duzu. Era berean, kasu honetan, elkarren seme-alabak baldin badauzkazue, nahikoa izango litzateke.

Bikotekidearengandik legez banandurik bazaude eta pentsio konpentsagarria jasotzen baduzu, alarguntza pentsioa eska zenezake. Hori bai, jasoko duzun kopurua pentsio konpentsagarriaren bestekoa izango da. Esan barik doa, ezein kasutan, ezin izan zarela berriro ezkondu edo izatezko bikotea osatu.

Genero bortizkeriaren biktima izan bazara eta zure bikotekidearengandik banatu bazara ere eska zenezake. Kasu honetan ez da beharrezkoa pentsio konpentsagarririk jasotzea.

⇒ Izatezko bikoteen kasuan. Orain arte izatezko bikoteen egoera ez zegoen ezkontideen egoerarekin parekatuta. Izan ere, izatezko bikotekideen alarguntza pentsioa mugaturik zegoen: aukera bazeukaten, baina bere diru sarrerak zendutako lagunarenak baino baxuagoak baziren edo ez baziren heltzen lanbidearteko gutxieneko soldataren 1,5era.

Azken pentsio erreformarekin, ordea, bidegabekeria honi amaiera eman zaio eta egoera biak parekatu egin dira (Gizarte Segurantzaren Legearen 221 artikulua, 21/2021 Legearen 2.10 artikuluak moldatua). Beraz, ezkonduta zein izatezko bikotea osatuta, baldintzak berberak dira, baita banandurik bazeundeten ere. Salbuespen bat dago: izatezko bikoteak izan behar izan zarete heriotza gertatu baino urte bi lehenago, gutxienez.


⇒ Ezer sinatu ez den kasuetan: Ez baduzue ezer sinatu, hau da, ez bazarete ezkondu eta ez baduzue izena eman izatezko bikoteen erregistroan, momentura arte leiho bat zabalik geratzen zen zuen arteko harremana frogatu ahal izateko. Askoz zailagoa izan arren, zenbait kasutan auzitegiek alarguntza pentsioa ematearen alde eginak zuten, elkarbizitza beste bide batzuetatik (errolda, etxebizitzaren jabetza, seme-alabak…) egiaztatzen bazen.

Hala ere, Auzitegi Gorenak, 2022ko martxoaren 24ko ebazpen baten bitartez, bide hau itxi egin du. Honela, alarguntza pentsioa jaso ahal izateko, derrigorra da edo ezkontza agiria edo izatezko bikoteen erregistroaren dokumentua. Hau da, nahiz eta elkarbizitza ukaezina izan eta hala frogatu, erregistrotik pasa izanaren betebehar formala ezinbestekoa izango da pentsioa jaso ahal izateko.


Aldi baterako alarguntza prestazioa

Laburbilduz, honako baldintzetako bat egiaztatu beharko zenuke alarguntza pentsioa eskatu ahal izateko:

  • Gutxienez urtebetez ezkonduta egon zaretela
  • Gutxienez bi urtez izatezko bikotea izan zaretela
  • Seme-alabak dauzkazuela

Ezin baduzu egiaztatu eta alarguntza pentsioa ukatzen badizute, edozein kasutan beti eskatu ahal izango duzu aldi baterako alarguntza prestazioa. Prestazio honen zenbatekoa alarguntza pentsioagatik egokituko litzaizukeen berbera izango litzateke, baina urte biko iraupena baino ez luke izango.

Bateragarritasunak eta bateraezintasunak

• Alarguntza pentsioa jasotzen duzun bitartean, lan egin zenezake. Hau da, ez du inporta lan egiten baduzu edo bestelako diru sarrerak badauzkazu, bai heriotza momentuan, bai gerora.

• Alarguntza pentsioa galduko duzu, baldin eta berriro ezkontzen bazara edo izatezko bikotea osatzen baduzu

 
Zenbat jasotzen da?

Pentsioa hilabetero kobratzen da, 14 ordainsaritan (aparteko ordainsari bana ekainean eta azaroan). Hala ere, lan istripuagatik izan bada, 12 ordainsari baino ez dira izango (aparteko pagak prorrateaturik jasoko dituzu).

Gutxieneko batzuk bermatuta daude. Hauek dira 2022. urteari dagozkionak:

 

Urtean

Hilean (14 ordainsaritan)

Hilean (12 ordainsaritan)

Familia ardurak badauzkazu

11.688,60€

834,90€

974,05€

Gutxienez %65eko desgaitasuna badaukazu

10.103,80€

721,70€

842€

65 urtetik gorakoa bazara

10.103,80€

721,70€

842€

60 eta 64 urte bitarte badaukazu

9.452,80€

675,20€

787,73€

60 urtetik beherakoa bazara

7.655,20€

546,80€

637,93€

Alarguntza pentsioaren zenbatekoa oinarri arautzailearen %52 da, oro har. Hala ere, portzentaje hau %60ra edo %70ra hel daiteke, zenbait baldintza betez gero:

• Oinarri arautzailearen %60 (baldintza guztiak bete behar dira):

— Gutxienez 65 urte izan behar dituzu
— Ezin duzu beste pentsio publikorik jaso
— Ezin duzu lanik egin (ez inoren kontura, ez autonomo modura)
— Kapital errentarik, ondasun irabazirik edo jarduera ekonomikoen errentarik badaukazu, hauek ezin dira izan gutxieneko pentsioa jaso ahal izateko ezarrita dagoen mugatik gorakoak (7.939€ urtean, 2022. urterako).

• Oinarri arautzailearen %70 (baldintza guztiak bete behar dira)

Familia ardurak badauzkazu (zurekin bizi diren 26 urtetik beherako seme-alabak edo desgaitasunak dituzten nagusiak). Hala ere, familia unitatearen diru-sarrerak ere hartuko dira kontuan: senide guztien diru-sarrerak batu eta senide kopuruaz zatitu behar dira; emaitza ezin da izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiago (lanbidearteko gutxieneko soldataren aparteko bi pagak kontuan hartu gabe).

Alarguntza pentsioa zure diru sarrera nagusia izan behar da. Horrela dela ulertuko da diru sarrera guztien %50 baino gehiago bada.

Zure diru sarrera guztiak ezin dira izan 19.627,60€ baino gehiago (2022. urterako). Muga hau honelaxe kalkulatzen da: pentsio kontributiboen gutxienekoen osagarria + gutxieneko alarguntza pentsioa (familia ardurekin). Formula hau aipatutako muga kalkulatzeko erabiltzen dute, baina inportanteena da muga hori ez gainditzea: alarguntza pentsioagatik jasotzen duzuna eta bestelako diru sarrerak ezin dira izan, 2022. urterako, 19.627,60€ baino gehiago.

Hiru baldintza hauek aldi berean bete behar dituzu zure pentsioa %70ra heldu ahal izateko. Baten bat aldatuko balitz, hurrengo hilabetetik aurrera pentsioa %52ra jaitsiko litzateke.

Zure bikotekidea lan istripuz edo gaixotasun profesionalaz zendu bada, 6 hilabeteko oinarri erregulatzailearen besteko kalte ordaina jasoko duzu.

Alarguntza pentsioaren oinarri erregulatzailea kalkulatzea nahiko zaila da. Formula ezberdinak aplikatzen dira segun eta zendu den laguna lanean edo erretiro pentsioa zein baliaezintasun pentsioa jasotzen ari ote zen eta heriotzaren arrazoiaren arabera.

Onena da Gizarte Segurantzaren Institutura joatea bertan kalkula diezazuten. Aldez aurretiko zita eskatu beharko duzu.

Zita aldez aurretik eskatzeko telefonoa 901 10 65 70 da. KONTUZ! tarifa berezia ordaindu behar da, 901 telefono guztiekin bezala eta, mugikorrean tarifa laua kontrataturik badaukazu ere, aparte kobratuko zaizu. Ez baduzu tarifa hori ordaindu nahi, internetez ere egin zenezake, honako  HELBIDE HONETAN.

Edozelan, hemen dauzkazu, INSSeko bulegoen helbideak:

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA