Zer da Langileen Estatutua?

2021/11/23

Ikusi duzuenez, Bizilanen Langileen Estatutua etengabean aipatzen dugu eta, eduki gehienetan, Estatutuko artikuluak ekartzen ditugu, bertan esaten dena argiago azaltzeko. Bada, zer da Langileen Estatutua? Nora arteko garrantzia dauka gure lan baldintza eta eskubideei dagokienez? Zer aurki dezakegu hor?

Artikulu honi ekin diogunean, batez ere gazteak eta beste jatorri bat duten langileak izan ditugu buruan, oinarrizko lege hau, akaso, ezezagunago egin dakiekeelako, baina dudarik ez dago gai hau interesekoa dela langile guzti-guztiontzat. Izan ere, gure lan harremanaz izaten ditugun zalantzarik ohikoenak Langileen Estatutua eta hitzarmen kolektiboa kontsultaturik argitu daitezke eta, hortaz, garrantzikoa da jakitea nora jo behar dugun erantzun bila. Azken batez, beti esaten dugunez, gure eskubideen alde borrokatu ahal izateko, lehen pausoa da eskubide horiek ezagutzea.

Ikusten duzuenez, Hego Euskal Herriko langileok Madrilen erabakitzen denaren menpe gaude, Ipar Euskal Herrikoak Parisen menpe dauden bezalaxe. Lan harremanen eta babes sozialaren ereduek eragin zuzena daukate herritarron bizi baldintzetan. Eredu horien eraldaketa funtsezkoa da, beraz, gure lan eta bizi baldintzak hobetuko baditugu. Ezin dugu ikusle hutsak izaten jarraitu, eraso berrien zain edo funtsean ezer aldatzen ez duten balizko txaplatei itxaroten.

Hori dela eta, geroxeago azalduko dugunez, Lan Kode eta Gizarte Segurantzako lege propiorako egitasmoak osatu eta Gasteiz zein Iruñeko Legebiltzarretan aurkeztu dugu. Horretaz gain, euskal bide orri oso bat marraztu dugu eta bertan jaso ditugu gaurdanik, gaur egungo eskumenekin ere, bizi baldintzak hobetuko dituzten neurri zehatzak.

 
Zer da Langileen Estatutua?

Langileen Estatutuak Lan Zuzenbideko oinarrizko arauak jasotzen ditu. Beste era batean esanda, lan harremanak arautzen dituen testu legala da. Enpresa eta langileen artean gertatzen den guztia arautzen du eta ezartzen ditu zeintzuk diren langileen eta enpresaren eskubideak eta betebeharrak.

Langileen Estatutuaren ezaugarri funtsekoetako bat da enpresa eta enpresari guztiek bete behar dutela. Edozein gatazka sortzen dela langileen eta enpresaren artean, gutxieneko eskubide batzuk errespetatu behar dira eta horiexek dira, hain zuzen ere, Estatutuak jasotzen dituenak.


⇒Langileen gutxieneko eskubideak jasotzen dituen testu legala da, enpresa guzti-guztiek errespetatu behar dituztenak.


 
Nori aplikatzen zaio?

Inoren kontura lan egiten duten langile guztiei aplikatzen zaie, euren sektorea, jardunaldia edo kontratu mota edozein dela ere.

Hortaz, langile autonomoei (hau da, euren kontura lan egiten duten langileei) ez zaie aplikatzen. Aitzitik, langile autonomoek estatutu propioa daukate: Lan Autonomoaren Estatutua.

Langile publikoak: hauen artean langile funtzionarioak eta laboralak bereiztu behar dira. Kontua apur bat korapilatsuagoa bada ere, laburbiltzeko esan dezakegu langile funtzionarioei, izan karrerakoak, interinoak edo ebentualak, ez zaiela Langileen Estatutua aplikatzen, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua baino. Hala ere, langile laboralak, funtzio publiko barruan lan egin arren, Langileen Estatutuaren menpe egoten dira (berezitasunak berezitasun).

Etxeko langileei ere aitortzen zaizkie Langileen Estatutuan jasotzen diren eskubideak (hala nola, gutxieneko soldata, aparteko ordainsariak, baimenak, oporrak, bajak…). Hala ere, etxeko langileek erregimen berezia daukate, beste edozein langilek baino egoera laboral okerragoan uzten dituena. Etxeko langileen lan harreman berezia ezaugarritzen duen Dekretua HEMEN kontsulta dezakezue.

Beste jatorri bat daukaten langileei ere Langileen Estatutua aplikatu behar zaie, nahiz eta pertsona horiek egoera administratibo irregularrean egon, hau da, nahiz eta “paperik” ez izan. Langile migranteek, egoera administratibo erregular zein irregularrean, beste edozein langilek dituen lan eskubide berberak dauzkate.


⇒ Enplegatzaile edo enpresa batentzat lan egiten duten langile guztiek dauzkate Langileen Estatutuan aitortzen diren eskubideak, baita etxeko langileek edo egoera administratibo irregularrean dauden beste jatorri bateko langileek ere.


 
Langileen Estatutua eta hitzarmen kolektiboa

Langileen Estatutuarekin batera, langileen eskubideak eta betebeharrak hitzarmen kolektiboetan egoten dira zehazturik. Hitzarmen kolektiboak askotarikoak izan daitezke: enpresa bakar bati eragin diezaiokete edo sektore oso bati; honetaz gain, herrialde mailakoak, erkidego mailakoak edo Estatu mailakoak izan daitezke.

Lehen esan dugunez, Langileen Estatutuak gutxienekoak markatzen ditu, baina gutxieneko horiek hitzarmenean hobetu daitezke. Adi! Hitzarmen kolektiboak ezin du sekula Langileen Estatututik beherako edukirik jaso. Hau da, Estatutuak ezartzen duena hobetu ahal du, baina ezin du kaskartu. Adibidez, Langileen Estatutuak dio urtean gure oporrak gutxienez 30 egun natural edo 22 lan egun izango direla. Hitzarmen kolektiboan opor egun gehiago adostu daitezke, baina inoiz ez gutxiago. Hitzarmen kolektiboak jasotzen duena bete beharrekoa da sektore horretako enpresa guztientzat eta langile guztiei aplikatu behar zaie.

Hortaz, edozein zalantza daukazula, lehenengo eta behin hitzarmen kolektiboa kontsultatu beharko zenuke.

Hitzarmen kolektiboak patronalaren eta langileen ordezkarien artean negoziatzen dira, negoziazio kolektiboa deritzonaz. Negoziazio kolektiboa oinarrizko eskubidea da eta elkarrizketa sozialaren funtsezko tresna. Negoziazio kolektiboaren bitartez, langileek lan baldintza hobeagoak negozia ditzakete enpresarekin, talde moduan eta ez modu indibidualean. Izan ere, langileok indar egiteko daukagun bitartekorik handiena gure indar konpartituan datza, lan baldintzak negoziatzeko orduan enpresaren aurrean talde moduan egin dezakegun presioan.

Beraz, Estatutuak ezartzen dituen gutxienekoak langile guzti-guztientzat dira, baina hitzarmenak dakarrena enpresa edo sektore zehatz horretako langileak baino ez ditu barne hartzen. Hortaz, alde handiak egon daitezke hitzarmen batetik bestera. Esan beharra dago Madrilen negoziatzen diren hitzarmen estatalak Hego Euskal Herrikoak baino okerragoak eta prekarioagoak izaten direla. PSOE eta PPk inposatutako lan eta negoziazio kolektiboaren erreformek, besteak beste, negoziazio kolektiborako gure eskubidea urratu eta hitzarmenen estatalizazioa ekarri dute, ondorio oso larriekin euskal langileon lan eta bizi baldintzetan.


⇒ Langileen Estatutuan ez ezik, lan baldintzak lan hitzarmenetan ere jasotzen dira. Lan hitzarmenak enpresakoak edo sektorekoak izan daitezke eta, negoziazio kolektiboaren bitartez, Estatutuak ezartzen duen gutxienekoa hobetzeko bitartekoak dira.

⇒ Edozein zalantzaren aurrean, jakin nahi badugu enpresa zertara dagoen  behartuta, lehenengo eta behin, gure hitzarmena kontsultatu beharko dugu eta, hitzarmenean jaso ezean, Langileen Estatutura joko dugu.


 
Euskal Lan Kodea

Hasieran aipatu dugunez, LABek bi lege proposamen aurkeztu ditu Gasteiz eta Iruñeko Legebiltzarretan: Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren lege propioa. Euskal Herri osorako proposamena da eta, hortaz, Ipar Euskal Herrian ere aurkeztuko da laster batean.

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko proposamenaren parte dira biak.

Euskal Herriko Lan Kodea, enplegu suntsiketa geratu eta lana banatu eta duintzeko proposamena da, lan erreformak albo batera utzi eta lan harremanek behar duten eraldaketa sakonerako bitartekoa. Honako puntu hauetan dago oinarrituta:

– Lan guztiak aitortu. Zaintza lanak berrantolatu eta banatu egin behar dira eta, honetarako, asteko lan orduak murriztu behar dira eta soldata galerarik ekarriko ez duten zaintzarako baimen bereziak sortu. Honetaz gain, sexuaren araberako lan banaketa gainditu eta lan guztiei balio bera eman behar zaie.

– Langile klase osoa aintzat hartu. Enplegua gainditzen duen lana ere erregulaturik eta erregimen orokorretik kanpo geratzen diren langileen eskubideak ere arauturik: etxeko langileak, riderrak, ekonomia ezkutuan ari direnak, ekonomikoki menpekoak diren langileak…

– Enplegu duina bermatu: kontratu mugagabea izango da arau orokorra, gutxieneko eta gehieneko soldatak arautuko ditu, lanaldi partzialen erabilera mugatua izango da eta kalerapen librerik ez da egongo.

– Lan harremanak demokratizatzeko proposamena da. Patronalaren aldebakartasunarekin amaitu behar da, langileen ordezkarien eta negoziazio kolektiboaren papera indarturik. Eztabaida marko errealak aldarrikatzen ditugu, ez patronal edota gobernuen politikak zuritzea beste helbururik ez duten, edukirik gabeko kontzertazio markoak.

Lan Kodean hainbat neurri proposatzen dira; zenbait nabarmentzearren:

• Jardunaldia: 30 ordu astean, gehienez 5 egunetan antolatua
• Gutxieneko soldata: Euskal Herriko batezbesteko soldataren %60. Jardunaldi partzialaz arituz gero, %20 gehiago lanorduko.
• Erretiroa: errelebu kontratua 58 urterekin, erretiro osoa 60 urterekin. Pentsioa kotizazioen arabera kalkulatuko da baina ez da gutxieneko kotizazio aldirik eskatuko; lan bizitza osoan langilearentzat onuragarrienak diren bost urteak hartuko dira kalkulua egiteko.
• Gurasotasuna: 6 asteko erditzeagatiko prestazioa eta 20 asteko baimena guraso bientzat. Guraso bakarren kasuan, 40 asteko baimena.

Lehen esan bezala, premiazko neurriak har daitezke gaurdanik eta egungo eskumenekin. Patronalarekin lanbidearteko akordio baten bitartez, 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 30 orduko lanaldia ezar daitezke. Horregatik gobernuei galdegin diegu herritarren bizi baldintzak nabarmenki hobetuko lituzkeen bide horretan inplikatzeko eta patronalari eska diezaiotela akordio hori adosteko.

Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, begirada bat bota ahal diozu honako albiste hauei:

Euskal Herrirako Lan Kode bat eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat proposatu ditugu Biltzar Arteko Batzarrean

Gasteizko Legebiltzarra interpelatu dugu bide orri bat eraikitzeko, burujabetzan aurrera egin eta egungo eskuduntzekin lan eta bizi baldintzak hobetzeko

Lan Kode eta Gizarte Segurantzaren lege propioaren gure proposamena erregistratu dugu Nafarroako Parlamentuan

Garbiñe Aranburu: “1.400 euroko soldata eta 30 orduko lan-astea bezalako neurriek kolektibo askoren egoerari irtenbidea emango liekete”

 

Langileen Estatutuaren edukiak

Langileen Estatutua Tituluetan banandurik dago. Titulu hauek hainbat Kapituluk, Atalek eta Artikuluk osatzen dituzte. Oro har, 92 artikulu dira.

Ikusiko duzuenez, hainbat aldaketa egin zaizkio Estatutuari urte hauetan guztietan. Orrialdean bertan ikusiko duzue, aldatu diren artikuluen azpian, aurreko bertsioak ikusi ahal izateko aukera. Hau da, kontsultatu ahal dugu zer zekarren testuak erreforma eta aldaketa ezberdinen aurretik.

Segidan Langileen Estatutuko artikulu guztiak doazkizue, edukiak erraz topa ditzazuen:

I. Titulua: Lan harreman indibidualaz

I. Kapitulua: Xedapen orokorrak

1. Atala: Eremua eta iturburuak

1. Artikulua: Aplikazio eremua
2. Artikulua: Izaera berezia duten lan harremanak
3. Artikulua: Lan harremanaren iturburuak

2. Atala: Oinarrizko eskubide eta betebeharrak

4. Artikulua: Lan eskubideak
5. Artikulua: Betebeharrak

3. Atala: Lan kontratuaren elementuak eta eraginkortasuna

6. Artikulua: Adin txikikoen lana
7. Artikulua: Kontratatzeko ahalmena
8. Artikulua: Kontratuaren forma
9. Artikulua: Kontratuaren baliozkotasuna

4. Atala: Kontratu motak

10. Artikulua: Elkarlana eta talde kontratuak
11. Artikulua: Prestakuntza kontratuak
12. Artikulua: Jardunaldi partzialeko kontratuak eta errelebu kontratuak
13. Artikulua: Telelana

II. Kapitulua: Lan kontratuaren edukiak

1. Atala: Kontratuaren iraupena

14. Artikulua: Probaldia
15. Artikulua: Kontratuaren iraupena
16. Artikulua: Aldizkako kontratu finkoa

2. Atala: Kontratutik eratorritako eskubide eta betebeharrak

17. Artikulua: Lan harremanetan diskriminaziorik ez
18. Artikulua: Langilearen pertsonaren bortxaezintasuna
19. Artikulua: Laneko segurtasuna eta osasuna
20. Artikulua: Lan jardueraren zuzendaritza eta kontrola
20-bis Artikulua: Ingurune digitalean langileek daukaten intimitaterako eskubidea eta deskonexiorako eskubidea
21. Artikulua: Ez lehiatzeko eta enpresan irauteko ituna

3. Atala: Lanbide-sailkapena eta sustapenak (promozioak)

22. Artikulua: Lanbide-sailkapenerako sistema
23. Artikulua: Lanbide prestakuntza eta sustapenak
24. Artikulua: Igoerak
25. Artikulua: Sustapen ekonomikoa

4. Atala: Soldatak eta soldata bermeak

26. Artikulua: Soldataz
27. Artikulua: Lanbidearteko gutxieneko soldata
28. Artikulua: Sexu-berdintasuna ordainsarietan
29. Artikulua: Likidazioa eta ordainketa
30. Artikulua: Zerbitzua emateko ezintasuna
31. Artikulua: Aparteko ordainsariak
32. Artikulua: Soldataren bermeak
33. Artikulua: Soldatak Bermatzeko Funtsa

5. Atala: Lanaldia

34. Artikulua: Jardunaldia
35. Artikulua: Aparteko orduak
36. Artikulua: Gaueko lana, txandakako lana eta lan erritmoak
37. Artikulua: Asteko atsedenaldia, jai egunak eta baimenak
38. Artikulua: Urteko oporrak

III: Kapitulua: Lan kontratuaren aldaketa, etendura eta amaiera

1. Atala: Mugikortasun funtzional eta geografikoa

39. Artikulua: Mugikortasun funtzionala
40. Artikulua: Mugikortasun geografikoa
41. Artikulua: lan baldintzen aldaketa substantziala

2. Atala: Bermeak enpresari aldaketa gertatuz gero

42. Artikulua: Obra eta zerbitzuen azpikontratazioa
43. Artikulua: Langileen lagapena
44. Artikulua: Enpresaren ondorengotza

3. Atala: Kontratuaren etendura

45. Artikulua: Etenduraren arrazoiak eta ondorioak
46. Artikulua: Eszedentziak
47. Artikulua: Kontratuaren etendura edo jardunaldi murrizketa arrazoi ekonomiko edo teknikoengatik zein antolakuntza edo ekoizpen arrazoiengatik edo ezinbesteko kausengatik (enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak)
48. Artikulua: Kontratuaren etendura, lanpostua gordeta edo erreserbatuta

4. Atala: Kontratuaren amaiera

49. Artikulua: Kontratuaren amaiera
50. Artikulua: Kontratuaren amaiera langilearen borondatez
51. Artikulua: Kaleratze kolektiboa
52. Artikulua: Kontratuaren amaiera arrazoi objektiboengatik
53. Artikulua: Arrazoi objektiboengatiko kontratu amaieraren forma eta ondorioak
54. Artikulua: Diziplinazko kaleratzea
55. Artikulua: Diziplinazko kaleratzearen foma eta ondorioak
56. Artikulua: Kaleratze bidegabea

5. Atala: Konkurtso prozedura

57. Artikulua: Konkurtso prozedura

IV: Kapitulua: Langileen hutsegiteak eta zehapenak

58. Artikulua: Langileen hutsegiteak eta zehapenak

V. Kapitulua: Preskripzio epeak

1. Atala: Kontratutik eratorritako ekimenen preskripzioa

59. Artikulua: Preskripzioa eta iraungipena

2. Atala: Hutsegiteen eta zehapenen preskripzioa

60. Artikulua: Preskripzioa


II. Titulua: Ordezkapen kolektiborako eskubideaz eta langileek bilerak egiteko daukaten eskubideaz

I. Kapitulua: Ordezkapen kolektiborako eskubideaz

61. Artikulua: Parte hartzea

1. Atala: Ordezkapenerako organoak

62. Artikulua: Langileen ordezkariak
63. Artikulua: Enpresa komiteak
64. Artikulua: Informazio eta kontsultarako eskubideak eta eskumenak
65. Artikulua: Ahalmenak eta isiltasun profesionala
66. Artikulua: Osaketa
67. Artikulua: Hauteskundeen sustapena eta agintaldia
68. Artikulua: Bermeak

2. Atala: Hauteskunde prozedura

69. Artikulua: Hautaketa
70. Artikulua: Langileen ordekarien hautaketa
71. Artikulua: Enpresa komitearen hautaketa
72. Artikulua: Aldizkako langile finkoen eta finkoak ez diren langileen ordezkariak
73. Artikulua: Hauteskunde mahaia
74. Artikulua: Mahaiaren funtzioak
75. Artikulua: Langileen ordezkariak eta enpresa komiteak aukeratzeko bozketak
76. Artikulua: Erreklamazioak hauteskunde gaietan

II. Kapitulua: Batzarrak egiteko eskubideaz

77. Artikulua: Langileen asanbladak
78. Artikulua: Batzarrak egiteko tokia
79. Artikulua: Deialdia
80. Artikulua: Bozketak
81. Artikulua: Lokalak eta iragarki panelak


III. Titulua: Negoziazio kolektiboaz era hitzarmen kolektiboez

I. Kapitulua: Xedapen orokorrak

1. Atala: Hitzarmenen izaera eta ondorioak

82. Artikulua: Kontzeptua eta eraginkortasuna
83. Artikulua: Negoziazio unitateak
84. Artikulua: Konkurrentzia
85. Artikulua: Edukia
86. Artikulua: Indarraldia

2. Atala: Legitimazioa

87. Artikulua: Legitimazioa
88. Artikulua: Negoziazio batzordea

II. Kapitulua: Prozedura

1. Atala: Tramitazioa, aplikazioa eta interpretazioa

89. Artikulua: Tramitazioa
90. Artikulua: Baliozkotasuna
91. Artikulua: Hitzarmen kolektiboaren aplikazioa eta interpretazioa

2. Atala: Atxikipena eta zabalpena

92. Artikulua: atxikipena eta zabalpena